
Portugaletetarrek, San Roke jaia mende luzeetan ospatu ondoren, duela berrehun urte hiriko patroi edo zaindari izendatzea erabaki zuten. Portugaleteko patroi-jaiak, beraz, tradizio luzeenekoak dira Nerbioi-Beheko eskualde guztian. Horregatik, beste udalerri batzuek bertako eredua bereganatu dute ohitura eta jaiei dagokienez.
Patroi-jaiak abuztuaren 14 inguruan hasten dira urtero betiko txupinazoaz. Horren ondoren, pregoia irakurtzen da udaletxeko balkoi nagusian eta, ordutik aurrera, jaiak ez du atsedenerako paradarik emango: ikuskizun, lehiaketa, berbena, erraldoi-buruhandi, suzko zezena eta abarrak bata bestearen segidan etorriko dira.
Portugaletetar guztiok dakigu San Roke herriko zaindaria dela. Gutariko gehienei San Rokek lepoko zapi horia dakarkigu gogora, bajaldia, poza, txosnak, txikitoak, kantuak etab. Baina zein izan zen benetan San Roke?
Portugaleteko diana
Abuztuaren 15ean, Ama Birjina egunean alegia, milaka lagun biltzen da goiz goizez, udaletxe aurrera, Portugaleteko diana deritzonari ekiteko prest. Ekitaldi hori, horren lagun kopuru handia elkartea lortzen duenez gero, benetan gertakari paregabea suertatzen da. Xedea herritar guztiak esnaraztea izaten da, horrela jaian parte hartzeko gonbitea egiten zaielarik. Dianara ez da inolako musika-tresnarik eraman behar, Udal Banda ederki arduratzen baita melodiaz. Milaka partaideok bi orduz iraungo dute kantari, hiriaren erdialdean dagoen Rantxeria enparantzara iritsi arte. Bertan "munduko abesbatzarik haundiena" izena merezi izan duen taldetzar horrek lasaigarria emango dio bere ahots nekatuari, tradiziozko baratxuri zopa hartuz.
Azken urteotan dianara jende mordoa elkartzen denez gero, Portugaleteko koadrilek eta kultur elkarteek hauxe eskatzen diete parte-hartzaileei, diana ongi joango bada:
Denetarikoa dugu, beraz, geure esku San Roke jaietan: berbenak, musika, umore ona soberan eta, amaitzeko, itsasadarraren inguru paregabean, su apainak.
Abuztuaren 16an jaiegun nagusia ospatzen da, San Roke Patroi Jaunarena, alegia. Goiz partean, prozesioa egiten da hirian. Santuak, Lora-Barri taldeko dantzariek zainduta, udaletxetik baselizarainoko bidea egiten du, atzetik udal bazkideak datozkiolarik. Baselizara ailegatuta, alkate jaunak jaien zapia jarriko dio Santuari lepoan.
Arratsaldeko seietan Bajaldi Haundia hasten da. Baselizatik abiatuta, hainbat kaletan dabil Solar enparantzara, hots, itsasadar ondora, iritsi arte. Bertara iritsi eta berehala hasten da Ordubeteko Dantzaldia.
Eta patroi-jaiei amaiera emateko, San Roketxu eguna ospatzen da. Eguna, berez, umeei eskaintzen zaie, baina gauez, berbenak amaitutakoan, helduek emango diote su "jarrillari". Jarrilla hau jaiaren sinbolo nagusi, maskota eta musa dugu. Horregatik dago hasieratik jaiaren buruan. Gainera, jarrilla horretatik bertatik datorkie portugaletetarrei "jarrillero" izena, aspaldi batean txakolina eta sagardoa horrelako ontzietan edateko ohitura baitzuten.