
Ibilbide zehatza proposatzen dizugu, Portugaleteko monumentu eta leku interesgarrienak bisita ditzazun. Ibilbide osoa egiteko, ordu pare bat beharko dugu, gutxi gorabehera. Espero dugu gida honek lagundu egingo dizula herriaz hobeto gozatzen eta hemendik aurrera Portugaleteren oroipen gozoa izan dezazula gogoan.
Ibilbidea Santa Klara kulturtegitik abiatzen da.
1614an egin zen komentua eta orduko egiturari eutsi dio, nahiz eta gelak eguneko kulturtegiaren beharretara egokitu diren.
Gaur komentuak bulegoak ditu, musika eskola, ekitaldi-aretoak, erakusgelak, bilera-gelak, lantegiak, fonoteka eta beste hainbat areto balioanitzeko. Etxeak jatorrizko koruari eutsi dio eta nabarmentzekoa da kanpaindorre errenazentista-platereskoa.
Horren ostean, Casilda Iturrizar kalea zeharkatuko dugu eta Atarazanas kaletik Erdi Aroko gunera sartuko gara.
Plaza txiki lasai honetan militarren kaserna zetzan. Urteak igarota, baina, eraikina behartsuen jantoki modura erabili zen eta XX. mendean bertara aldatu zen txerrien azoka, Kristo plazatik aldatu ere.
Rantxeria plazan Erdi Aroko eraikin bat dugu; izkinak harlanduzkoak ditu eta modilloi bat, angelu moduan jarrita, balkoien azpian, etxabearen eta solairu nagusiaren artean.
Kaleetan apur bat ibili ondoren, hirigunearen kaskoan dagoen plazara joan zaitezke.
Portugalete hiriaren sorrera erabat loturik dago bere kokalekuari, hau da, itsasadarraren ahoari. Erdi Aroko hiriaren erdigunean hiru kale ditugu: lehenik, Iturriaren kalea, hau da, Coscojales kalea; bigarrenik, Barrenkalea edo Víctor Chávarri kalea eta, azkenik, Santa Maria kalea. Hirurak paraleloak dira eta kostaldearekiko zut.
Hirurak zeharkatzen dituzte kantoi txiki estuek.
Alde Zaharrean eraikin benetan bitxiak eta aztarna aipagarriak gordetzen ditugu.
Esaterako, Víctor Chávarri kaleko 22. zenbakiko etxeak armarri eta atari barrokoak ditu. Hamazazpigarren atariak ere erdi-puntuko arkua dauka sarreraren gainean; etxe hori Salazartarren jauregi errenazentista baten zatia izan zen.
Eliz kantoia zeharkatuta, Andra Mariaren basilikara iritsiko gara.
Basilikara goazela, berriz, Santa María kaleko 26. zenbakiaren aurrean geldituko gara, angelu batean Errenazimenduko armarri bat ikusteko.
Armarri horrek esaten digu etxe hori ere XVI. mendean Salazartarren jauregia izan zela.
Museo bat ere badago basilikan; bertan daude ikusgarri zilargintzako pieza batzuk elizkizunetan erabiltzekoak, gehienak indianoek, amerikanoek, eta itsas langileek Peru eta Mexikoko zilarginei enkargatuak XVIII. mendean. Kantu-liburua eta jantzi batzuk ere badaude.
Elizaldeko lorategietan topatuko dugu Lope García de Salazar Bizkaiko aurreneko historiagilearen eskultura. Lope jauna bere leinuetxean, Muñatonesen (Muskiz), jaio zen 1399an. Haren bizitza, dena den, lotu-loturik egon zen Portugalete hiriari, Portugaleten jardun baitzuen preboste gisara eta Portugaleten hil baitzen 1476. urtean.
García de Salazarrek botere handia izan zuen bere garaian, hala politika nola ekonomia eta lurraldeari zegokienez, eta indarrez lortu ohi zuen nahi zuen guztia.
Juana de Butrón andrearekin ezkonduta, hiru alaba eta sei seme izan zituen. Horietaz gain, beste emakume batzuekin ere izan omen zituen seme-alaba asko.
Juan de Salazar semearekin haserretu zenez gero, premua Lope semeari eman zion; Lope semea, tamalez, urte batzuk geroago hil zen borroka batean.
Lope jaunak Juan eta Pedro semeek gatibu eman zituen bizialdiaren azken urteak, lehendabizi Muñatoneseko San Martin dorrean (Muskiz). Dorre horretatik, ordea, ihes egin zuen eta babes bila abiatu zen Portugaleteko Andra Maria eliza zaharrera. Semeek, azkenik, berriro harrapatu zuten eta Sierra dorrean (Portugalete) itxi; bertan hil zen, pozondurik, 1476. urtean.
Gatibu zegoela, Lope jaunak Bienandanzas e Fortunas liburuaren 25 liburuki idatzi zituen. Liburu horretan bere bizialdiko hainbat pasadizo kontatzen ditu, Bizkaiko historiaren gorabeherekin batera