|
María Díaz de Haro andreak Portugaleteri herri gutuna eman baino lehen, bazegoen herrixka; noiztik, ordea, ez dakigu. Hainbat hipotesi dabil horren inguruan, baina bat ere ez da ziur-ziurra.
Garbi dakigun bakarra da 1940. urtean, Evaristo Churruca obra-zuzendari zelarik abra aldea dragatu zenean, Antzinako Erromako zazpi txanpon aurkitu zirela: Agriparen itsasontzi batzuk iritsi omen ziren Nerva (Nerbioi agian) ibaiaren ahoraino eta bertan hondoratu ziren, ekaitzak jota eta hareatzak ere zirela kausa.

Txanpon horiek ikusgai daude Bilboko Euskal Museoan. Horietako bat Erromako Errepublika garaiko batekoa da; Junoren burua dauka aurreko aldean eta ontzi baten branka, berriz, atzekoan. Beste bi txanponek Trajano enperadorea agertzen dute eta bi aldi desberdinetakoak dira. Beste bik Hadriano azaltzen dute eta gainontzekoek, azkenik, Antonio Pio.
Horrek berresten du antzinako erromatarrak Portugaleteraino behintzat iritsi zirela, itsasoa zeharkatuta. Hortik abiatuta, ikerlari batzuek esan dute Ptolomeok bere planoan agertzen zuen Flaviobriga Portugalete zela, Nerva ibaiaren ahoan baitago, eta Nerva Nerbioi besterik ez dela. Baina Portugalete Flaviobriga edo Portus Amanus izan balitz, askoz aztarna gehiago aurkituko genukeen. Horregatik uste dugu Flaviobriga eguneko Castro Urdiales dela.
Plinio eta Ptolomeo historiagile erromatarren arabera, Portugaleteko aurreneko biztanleak Enkarterrietako andre-gizonak izan ziren, eta autrigoien ondorengoak. |