Villa de Portugalete

Zer bisitatu 

ANDRA MARIA BASILIKA

Basílica de Santa María de noche Antzinako tenplua oso eraikin sinplea izan zen; sabaia egurrezkoa zuen. Buruan Andra Mariaren zur-lan gotiko bat zeukan, gaur egun ere ikusgarri basilikaren barnean.

Dakigunez, eguneko eliza 1480an egin zen eta dorre-ataria, aldiz, apur bat geroago. Estilo gotiko-errrenazentistakoa da. Basilikaren oinplanoa du eta abside oktogonala, hiru atalekoa. Barnealdean gurutze-gangak pilare sortakatuen gainean daude; kanpoaldean, berriz, karga kontrahormei loturiko zenbait arbotantetan banatzen da. Horiexetan daude sartuta nobleen diruari esker egindako kaperak.

Kanpoaldean, kontrahormen gainean, Erdi Aroko gargola bi ikus ditzakegu, fantasiazko animalien itxurakoak.

Tenpluko atari biak Errenazimendu garaikoak dira dudarik gabe. Albokoa, zaharrena eta inportanteena, Erribera Atea izenekoa, nabarmen narriatu du ipar-mendebaldeko haizeak. Erdi-puntuko arku zabal batek bide ematen digu kapera-atari batera joateko; kapera horren gangak gingilak ditu eta lau giltzarri. Sarrerako arkuaren erdian badirau oraindik, grabaturik, Juan de Garita maisu harginaren izenak.

Tenplura sartzeko, beste arku erdizirkular eta apaindu baten azpitik igaro behar da. Giltzarrian emakume bat agertzen da, eskuan gurutzea eta kaliza, fedearen sinboloa, daramatzala; gainontzeko apaingarriak Errenazimenduko tipikoak dira: maskorrak eta aingerutxoak, alegia. Arkuarteetan kupido batzuek, dragoien gainean, beste figura batzuk, gaizkiaren sinboloak, zapaltzen dituzte.

Ate nagusia kanpandorrearen azpian babesten da, elizpea ere delarik, Euskal Herriko eliza askotan bezala.

Dorrea 1691. urtean hasi zen eraikitzen, Lucas Longa gipuzkoarraren proiektu baten arabera. Kanpandorrearen errematea, aldiz, Manuel Arrospideri gomendatu zitzaion 1740. urtean.

Vista de la Basílica desde el puertoKarlista eta liberalen arteko azken liskarretan, 1873 eta 1874an, dorrea kanoikadaka apurtu zuten. Geroago, ordea, Manuel Calvo portugaletetarraren diruari esker berregin ahal izan zen, Casto de Zabala eta Francisco Berriozabalen proiektuaren arabera.

Tenplu barruan gaudela, nabarmena izaten da erretaula nagusia, Euskal Herriko Errenazimenduko pieza bikaina. Pedrelan irakur daitekeenez, Lope García de Salazar prebostearen legatuari esker hasi zen egiten erretaula Guiot de Beaugrant 1533an; 1549an hil zenez gero, enkargua Juan de Beaugrant anaiaren eta Juan de Ayala herriko artistaren eskura igaro zen. Bi horiek estilo desberdinak zituzten: flandiarrarena adierazkor eta biziagoa zen.

Behin zur-lana bukatuta 1550ean, Juan de Imbertok mihiztatu zuen 1555ean. Aurrekontu guztia gastaturik, erretaulak ez zuen kolorerik izan 1749.era arte, urte horretan margotu baitzuen Andrés de Radak erdiko kalea rococo estiloaz.

Erretaulak bost maila ditu, hiru kaletan banaturik. Erdiko kalearen buruan XIV. mendeko zur-lan gotikoa datza, Andra Mariarena. Horren gainean, Deikundea, Jasokundea eta Hirutasuna agertzen dira. Alboko kaleetan, Jesukristoren bizitzaren hainbat eszena daude. Alboko kaleen artean, hainbat eskulturak Ebanjelariak, Apostoluak eta Elizaren Gurasoak irudikatzen dituzte.

Erretaula nagusiaren albo bietan daude pintura gotiko-flamenkoaren erakusgarri eder bi: "Andra Mariaren Koroatzea" triptikoa eta "Madariaren Andra Maria" taula. Lan biok izen gabeak dira eta Flandes aldetik ekarriak.

"Andra Mariaren Koroatzea" triptikoak (XV. mendea) Andra Maria erakusten du erdialdean, Hirutasun Guztiz Santuak koroaturik; ezkerraldean, Igokundea; eta eskuinaldean, Jasokundea.

"Madariaren Andra Maria" taulak, XVI. mendean eginak, Alberto Dureroren grabatu bat dakarkigu gogora.

Epistolaren aldean kapera hauek ditugu: San Antonio kapera, hispano-flamenkoa, XV. mendearen bukaerakoa, barnean Atariaren Kristo duena; Santiago kapera Juan de Ugarte eta Teresa Gómez de Martiartu senar-emazteek ordaindu zuten 1569an, erretaularekin eta kapera ixten duen errejarekin batera; kapera, oro har, garaiko interesgarrienetako bat da, Bizkaikoen artean behintzat. Oinarrian dirua eman zuten senar-emazteak agertzen ditu.

Ebanjelioaren aldean, berriz, Salazar eta Erregeen kaperak ditugu.

Salazar kaperak aspaldian Pedro de Salazar eta Elvira Díez de Ullibarri senar-emazteen gorputz-hondarrak gordetzen zituen, Pedro González de Salazar semeak zainduta. Errenazimenduko estiloko hilobia du, erdi-puntuko arku batez, zeinean hildakoak Erdi Aroko moduan baitaude etzanik. Pedro González de Salazarren oinetan lehoi bat datza, hildakoa gerrazale eta ausarta zelako adierazgarri. Eskuan Idazteunak ditu, gizon ikasi eta fededuna zela erakusteko, hau da, Errenazimenduko gizon ideal ezin hobea. Emaztearen oinetan, aldiz, txakurtxo bat dago, fideltasunaren sinboloa, alegia. Kapera ixten duen erreja Retuerto familiak ordaindu zuen XIX. mendean.

Erregeen kapera, berriz, Errenazimendukoa, Coscojales-Salazartarrek ordaindu zuten. Jaurespenaren erretaula Beaugrant anaiek, erretaula nagusiaren egileek, taxutu omen zuten.

Pulpituaren oina, harrizkoa eta poligono itxurakoa, XV. mendekoa da; zur lana, aldiz, neogotikoa dugu.

Gaurko organoa, XIX. mendearen hondarrekoa, Henri Didier Frantziako enpresak egin zuen eta 1903. urtean inauguratu zen.

Diferentes vistas de la Basílica de Santa María

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200