

LARRAÑAGA, ADOLFO
Estropaden poeta
1876an jaio zen Barrenkalean, aitak, herriko gozogile bakarrak, bertan baitzituen denda, lantegia eta etxebizitza.
Haurra zelarik, pilotan jokatu ohi zuen Zabarterekin; agian Zabarte bezain trebe izango zen, aitak ikastera kanpora bidali ez balu.
Su gehiago zekarren arren bertsoetara, legeetara baino, abokatu karrera bukatu zuen. Administrari gisara lan egin zuela Almeriako meategietan, Francisco Villaespesa olerkaria ezagutu zuen. Villaespesak kutsatu zion metrika eta buhameriaren gustua. Elkarrekin ibili ziren askotan parrandan Madrilen. Baina, oso olerkari ospetsua izan gabe, bertsoetatik ezin zuen bizimodurik atera, eta aitaren gozo dendak, berriz, ederki bermatzen zuen eguneko ogia.
Horiek horrela, bada, atzerritik Portugaletera itzuli zen Larrañaga eta goi mailako ikasketetarako prestakuntza akademia zabaldu zuen.
Abokatua zela, udal epailearen kargua eskatu zuen. Orduko legeak erabateko lehentasuna ematen zienez gero Zuzenbideko lizentziadunei eta horrelako portugaletetar askorik ez zegoenez gero, justizia administratzen kausitu zen Larrañaga.
Ondo egin zuen eta lesio arinak eta eskandalu publikoak zigortzen egin zuen bekaturik handiena onginahia izan zen, haren bihotz ona horretara makurtzen baitzen ezinbestez.
Epaile gisara egokitu zitzaion jardutea 1908an San Roke gotorlekuan Agapito Zorrila karabineroa fusilatu zutenean.
Politika arloan, Sabino Arana ezagutu zuenetik egin zen jarraitzaile eta Bilboko Juventud Vasca (Euskal Gazteria) elkartean aritu zen eta Euskal Langileen Alkartasuna sindikatuko idazkari moduan ere bai. 1923tik aurrera, El Obrero Vasco (Eusko Langilea) argitalpenaren zuzendaria izan zen eta, geroago, Eusko-Languille eta Lan-Deya -rena.
Hizlari gisa ere nabarmendu zen Larrañaga. Portugaleteko Euskal Etxean eman zituen hitzaldietako batzuk ( Sentimientos de Nacionalidad , 1920) argitaratu egin ziren. Beste hainbat idazki eta olerki ere argitaratu zuen, zenbait aldizkaritan, barreiaturik; dena den, garai hartan idatzi zituen olerkirik onenak El tejo y otros poemas más (1930) liburuan bildu ziren.
Espainiako gerra zibila bukatuta, Donibane Lohitzunen errefuxiatu zen, adiskide eta miresle santurtziar batek ostatu emanda. Mezenas hark, ordea, diru guztia gastatu zuenean, bientzat hasi ziren arazoak.
Larrañaga hil zenean, Indalecio Prieto adiskideak idatzi zuen nekrologikotik jakin dugu Larrañagaren bizimoduaren berri.
Badio Prietok Larrañaga dotore-dotore janzten zela beti, nahiz eta begi-bistakoa zen jantziak ez zirela harentzat ebaki, baizik eta emaile dirudunen eskutik zetozkiola. Larrañaga Donibane Lohitzunen Sabin Etchea izeneko ostatu merke batean bizi izan zen eta mundu guztiak “olerkaria” esaten zion.
Garai hartan idatzi zuen Arraunlaria . Liburuko ilustrazio koloredunak Ramiro Arruek margotu zituen: kostaldeko irudiak dira, Galea eta Higer lurmuturren artekoak. Horren aurretik idatzi zuen Gitarra olerki lirikoa (1957) eta Unai Ona bukolikoa (1954); azken honek ere Ramiro Arrueren margolanak zekartzan.
Argitalpenok adiskide maiteek egiten zituzten, olerkariak, pobre-pobrea zenez gero, ezin baitzituen inola ordaindu.
Eusko Enda -ko kolaboratzailea izan zen erbestealdian: Aizkolaria, Arraunlaria eta Oda al vino (Ardoaren Laudorioa) olerkiak eta Marilizarra, Las elayas del éxodo, El cisne negro eta La Roseraie artikuluak ere bai.
1961ean hil zen Donibane Lohitzunen, Portugaletera itzuli nahian:
Portugalete, mi pueblo natal
mi corazón te evoca líricamente,
como un daguerrotipo transparente
o una miniatura en cristal.
1980an, Migel Sáez adiskide portugaletetarrak, orduan Windsor galeriaren zuzendaria zela, Poesías liburua kaleratu zuen, Larrañagaren bertso gehienak bilduta.