

DEL CASAL, ANA
Santa Klarako abadesa
Portugaleten badago lekame komunitate bat, zahar-zaharra; jakin ere inork ez daki noiztik hona dauden herrian. Badakigu, dena den, XVI. mendean bazegoela Sortzez Garbiaren Serorategia, Ibarguri izeneko orube batean.
1561. urtean, serora horiek eurek eskatuta, ate bat zabaldu zen komentu aurreko harresian, Jauna hartzeko modua izan zezaten. Ate horri San Jurgi izena ezarri zioten eta gainean San Jurgiren irudi bat jarri zuten. Egun batean irudia galdu zenez gero, hortik jaio zen egunera arte iritsitako tradizioa, zeinaren arabera “San Jurgi lapurtu zioten Portugaleteri”.
XVI. mendearen azken herenean jaio zen seroren komunitateko andre nagusi bat: Ana Casal, alegia. Aita, Joan Casal Martiartu, Portugaleteko familia inportanteenetako bat izanik, birritan izan zen alkate. Alabetako hiru, Ana, Francisca eta Águeda serorategian sartu ziren, beste familia inportante batzuetako (Ugarte zein Coscojales, kasu) alaba asko bezala.
Ana Casal gazte-gazterik sartu zen serora. Ordu hartan hala komentu nola kapera egoera penagarrian zeuden eta konponketa lanak behar zituzten.
Ana langile zintzo azkarra zenez gero, Ochoa Ortiz de Larrea Martiartu jaunak, portugaletetar ezkongabe dirudunak eta Anaren aitaren senideak, testamentuz utzi zituen ondasun guztiak beste komentu eta kapera bat eraikitzeko, bertan ehortzi zezaten eta egunero eguneroko meza eman zezaten haren arimaren alde. 1603ko martxoan hil zen eta utzi zuen diruari esker ekin zioten eraikuntzari.
1614an, komunitate osoa, Ana eta ahizpak nagusi zirela, Santa Klararen erregelari atxiki zitzaion eta klausurakoak egin ziren. Urduñako San Klara komentuko hiru serora hartu zuten, gainera, Portugaleten ordena horretako monasterioa fundatzeko xedez. Probintziako aita nagusiak Joan Casal izendatu zuen komunitate berriko sindiko.
Urduñatik etorritako hiru mojak Ana eta María Hurtado de Corcuera eta Lucía de Zaldíbar ziren eta abadesa, bikario eta nobizien maistra gisa jardun zuten zazpi urtez, kemen handiz jardun ere, klausurako bizimodua Portugaleten ondo ezar zedin. Orduko erregelaren arabera, komentu berrietan ezin zen hauteskunderik egin, horretarako fundatu ostean hogei urte igaro behar baitziren. Horiek horrela, Urduñakoen ostean, Medina de Pomarreko beste hiru serora aritu ziren zortzi urtez kargu horietan.
1629an, berriz, ordurako klaustroko bizimodua nahiko finkaturik zegoela, abadesa hautatu behar izan zuten serorek eta martxoaren 15ean Ana Casal aukeratu zuten.
Mojak oso latz bizi ziren: barau egiten zuten astean hiru egunetan eta haren “industria eta dilijentziari” esker bizi ziren, eta erremusinetatik ere bai.
Casal abadesak gogor lan egin behar izan zuen kapera egokitzearren eta etxeko lanak buka zitezen; horretan, dena den, aitak lagundu zion eta, gainera, dohaintza handiak egin zizkioten, besteak beste zirela, Francisco eta Martín Vallecilla anaiek, Colindres doktoreak eta Pedro Salazarrek, herritarrek hasiera-hasieratik abegi onez hartu baitzuten komentua.
Ordutik hona igaro diren lau mendeetan, Portugaleteko emakume asko bizi izan dira komentuan, mistizismoari emanak, etengabeko sakrifizio eta otoian.
Hainbatetan, berriz, komentua utzi behar izan zuten, gehienbat gerrak zirela kausa. Eta beste hainbatetan are arrisku handiagoa bizi izan zuten; esaterako, 1856ko legeak komentua ixtera behartu zituenean, bederatzi moja baino ez zirelako; edo 1868an, Errepublikak dekretu bidez erlijiosoak kanporatu zituenean; orduan haur eskola bat zabaldu behar izan zuten eta Portugaleteko askok (besteak beste Máximo Castet alkateak) alabak bidali zituzten eskola hartara. Neskatila horietako batzuk gero komentuko serora egin ziren.
Portugaleteko klaratarrak pisu batera bizitzera joan ziren aurreneko mojak izan ziren Espainian. Hala gertatu zen 1979an, eta komentuz udal zereginetarako egokitu zen.