Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

DE ITURRIZAR, CASILDA

iturrizar_casilda.jpg

DE ITURRIZAR, CASILDA
Ongilea, Epalzaren alarguna

1826 - 1900

XIX. mendeko kantu batek Portugaleteko biztanle dirudunak aipatzen zituen: Félix Karrantza, Epalzaren alarguna eta Sotera andrea. Kasilda Iturritzar, Tomás José Epalza Zurbaran-en alarguna, bilbotarra, Bizkaiko emakumerik aberatsenetako bat egin zen 1873an, senarra hil zitzaionean. Tomás Epalza ere bilbotarra zen, 1798an jaioa, eta izugarri aberastu zen merkatari, bankari eta kapitalista moduan arituta. Hil zenean, karlistada finantzatzeko kontribuzioak zenbatutakoan, 12 milioi erreal zeukala ageri zen, orduko Bilboko Bankuaren kapitalak beste.

Epalza 61 urte zituela ezkondu zen, bigarrenez ezkondu ere, Kasilda Iturritzarrekin. Kasildak orduan 33 urte zituen. Esan bezala, Tomás Epalza 74 urterekin hil zen, seme-alabarik gabe.

Garaiko burges dirudun bilbotar gehienek bezala, jauregia zeukan Portugaleten. Zahar-zaharra zenean, eliza fundatu zuen Kai Berrian bere izeneko santuaren ohorean, hots San Tomás Villanueva agustindarraren ohorean. Aurreneko harria 1871n jarri zen, baina Epalza eliza bukatu baino lehenago hil zen.

Hil eta hiru urtera, Alfontso XII. Espainiako erregea Portugaletera etorri zen karlistada ostean, eta Epalzaren jauregian egin zuen bazkaria.

Denen ahotan ibili zen herrian erregeak Kasilda andrea eseri arte itxaron zuela mahaira eseri baino lehen eta andrearen ezkerrera egin zuela. Halaber, izugarri gustatu omen zitzaizkion jauregia, horko altxorrak eta otorduaren postreetan hartu zuten Portoko ardoa.

Kasilda andreak bere dirutza handiaren zati bat hezkuntzan eta ongintzan erabili zuen. Tivoliko eskolak eta Bilboko asilo-etxeak egin ziren hari esker. Bilbon ere kale bati eta parke bati eman zieten Kasilda Iturritzar izena eta monumentua ere egin zioten parkean.

1900. urtean hil zen Bilbon. Testamentuz agindu zuen Portugaleteko lorategiaren ondoko lurretan haurrentzako eskola bat egitea eta irakaskuntza doakoa izan zedila pobreentzat eta beharginentzat ere bai.

1902. urtean eratu zen “Kasilda Iturritzar Andrearen Eskolak” izeneko fundazioa, eta urte horretan bertan bukatu ziren eskola eraikinaren lanak. Agustindarren zuzendaritzapean zerbitzu bikaina eman zioten herriari urte askotan.

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200