

DEL MELLO, CRISTÓBAL
Almirante eta ongilea
Coscojales kaleko goialdeko etxe egin berri batean armarri bat dago, aspaldian orube hartan zetzan etxetik berreskuraturik.
Armarriak irakurgai hau dakar: “Del Mello y Rebonza”.
Orube horretan aspaldian hiriko harresiei atxikitako dorretxe bat zegoen. 1483an etxea Ochoa Ortiz de Montellanori zegokion.
Etxe hartan eta urte horretan bertan Isabel Katoliko Espainiako erreginak, Bizkaiko erara jantzita, hiriko pribilejioa berretsi zuen, eskua Ebanjelioen gainean jarrita. Ekitaldi haren buruan Ochoa Martínez de la Pedriza alkatea aritu zen. Sei urte lehenago, berriz, Isabelen senarrak, Fernando V. Aragoikoak gauza bera egina zuen, Portugaletera egin zuen bisitaldiaz baliatuta. XVII. mendean Cristóbal del Mellok, jaiotzez eta bizilekuz sestaoarra izanik, erosi zuen dorretxe hura, bertan bizi izateko. Cristóbal del Melloren aita Diego del Mello Villar santurtziarra zen eta ama, berriz, María Rebonza Gero sestaoarra.
Cristóbal Portugaleteko emakume batekin ezkondu zen. Emaztea Urzezigi barrako pilotu nagusiaren arreba zen. Haien bi seme-alabak Sestaon jaio ziren. Emaztea hil eta berriro ezkondu zen Antonia Rasines-ekin, alarguna hau ere bai.
Cristóbal Mello gurdizaina zen lanbidez. Gurdietan zekarren burdina-minerala meategietatik Portugaleteko kaira, ontziratzera. Emaztea askoz aberatsagoa zen hura baino eta askotan aurpegiratzen zion ezkontzari egina zion ekarri apurra. Hori zela kausa, sarritan istiluan zebiltzanez gero, behin batean Cristóbal itsasgizon soil modura ontziratu zen eta amaren kargu utzi zituen seme-alabak.
Hogeita hemeretzi urte emanda Espainiako armadan, almirantea zen erretiratu zenean, eta oso diruduna. Haren bizitzari buruz ezer gutxi dakigun arren, esan dezakegu, hala ere, 1667an Done Jakueren ordenako zaldun egin zutela, 1680an jenerala zelarik, udalerrian eta jaurerrian ibili zela eta Bizkaian osatu zen azkeneko armada prestatu eta sortu zuela. Haren nabigazio-egunkari bat ere iritsi zaigu egunotara.
Fededuna zen Cristóbal Mello eta 1673an, testamentua egin zuenean, eskatu zuen hilobian ez aizkorarik ez zuzirik ez jartzeko, argimutilak baizik, latoizkoak eta inola ez zilarrezkoak, handikeria eta azalkeria uxatu nahian. Antonia Rasines emaztearen hilobian bertan ehorztea nahi zuen, Portugaleteko Andre Mari parrokian, Andre Maria Arrosariokoaren ondoan. Hiletara parrokiako kabildoa, Santurtzikoa eta Santa Klara komentukoa etor zitezela ere eskatu zuen testamentuan.
Melloren testamentuak hauxe dio: “Iturriaren kalean eta horren aurrean dagoen etxean...”. Hortik ondoriozta dezakegu kaleari izena ematen zion iturria gaur egun eskailerak hasten diren lekuan zegoela.
Esan bezala, txarto moldatu zen aurreneko emaztearekin. Melloren esanetan, emazteak hil zuen alaba, zeina gaixotasun batek jota hil zen, eta emazteak ontziratu zuen semea, artean umea zelarik, gainetik kentzeko asmoz. Horiek horrela, bada, legeak onartzen zuen herentziaren zatia ongintzarako utzi zuen. Joan Colindres doktoreak eta Pedro Liendo kapitainak ere emandako ondasunez fundazioa egin zuten Portugaleten, neskatila umezurtz zintzo pobreek ezkonsaria edo moja-saria izan zezaten, garai hartan oso ohiko baitzen neskatilak serora egitea.
Fundazioko patroi izendatu zituzten alkatea eta parrokiako ekonomo jaunak. Errege Magoen egunean, urtero, elkartzen ziren, urteko saria nori eman erabakitzera.
Pedro Herediaren arabera, Mello etxea Bizkaiko aurreneko banketxea izan zen, mailegu asko egin eta zordun asko baitzeukan.