Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

DE PORTUGALETE, DIEGO

nofoto.jpg

DE PORTUGALETE, DIEGO
Cristóbal Colónen itsasmutila

† 1503

Amerikaren aurkikuntzan eta kolonizazioan hasiera-hasieratik hartu zuten parte euskaldun askok eta, horien artean, noski, portugaletetar batzuek, Portugalete Bizkaiko itsas portu nagusietako bat zen-eta. Colónek egin zituen aurreneko hiru bidaialdietan ziur dakigu De La Cosa joan zela eta laugarrenean, berriz, Diego Portugaletekoa.

Hona hemen bidaialdi hartan zihoazen euskaldunen zerrenda: Pedro Ledesma pilotua, Martin Fuenterrabia kontramaisua, Martin Arrieta upelgilea, Domingo Vizcaíno eta Domingo Arana istinkariak, Machín zurgina, Pedro Maya eta Martin Atin itsasgizonak, Diego Portugalete, Joan Zamudio, Migel Larriaga, Anton Chávarri eta Antonio Arce itsasmutilak, Cheneco morroia eta Gonzalo Salazar tronpetaria.

Diego Portugaletek, beraz, parte hartu zuen mundu berriaren aurkikuntzan, itsasmutila zelarik. Haren abizenaren berri zehatzik ez dakigu.

Colón, azkeneko bidaialdi hartan, Sevillatik abiatu zen 1502ko apirilaren 13an, 140 gizon eta lau ontzirekin batera. Lau horietako bi euskal kostaldetik zetozen; Vizcaína eta Santiago zeukaten izena.

Vizcaína zen ontzi nagusia. Bertan zebilen Diego Portugalete. Ontzia Ertainamerikako kostaldean galdu zen.

Laugarren bidaialdi hura guztietan zorigaiztokoena izan zen: Santu Domingora ekainaren 23an iritsi eta uharteko gobernadoreak ez zien portuan sartzerik baimendu.

Honduras aldera jo zuten, bada; uztailaren 27an iritsi eta Indietarako pasabidearen bila hasi ziren. Ekaizte itzela, 28 egunekoa, pairatu zuten orduan eta Panamako kostaldean lehorreratu ziren. Belen hiria fundatu zuten hor, baina bertako indiarrek suntsitu zuten geroago.

Portubelo badia aurkitu zuten eta portua fundatu zuten hor. Portu hori, bikain gotorturik, oso inportantea izan zen hurrengo mendeetan.

Jose Benito Lopez Okariz portugaletetarrak eman digu itsasmutilak bidaialdi hartan egin zituen lanen berri. Ontzi zahar haietan ohitura zenez gero, eguna argitzean, itsasmutilek eta guardiako gizonek kantari esnarazten zituzten gainontzekoak. Kantua funtsean otoia zen eta zati bi zeuzkan, tonu desberdinekoak. Lehen zatiak honela zioen:

Bendita sea la luz
y la Santa Veracruz.
Y el Señor de la Verdad
y la Santa Trinidad.
Bendita sea el alma
y el Señor que nos la manda.
Bendito sea el día
y el Señor que nos lo envía
.

Bidaialdiaren hasieran Diegok gertatutako guztian hartu zuen esku; 1503ko urtarrilaren 4an, berriz, ez zuen eguzkiaren argia ikusi. Colón almiranteak egunkarian idatzi zuen egun hartan itsasmutila hila zela.

Diego ez zen, beraz, etxera itzuli. Karibeko olatuen aparretan gelditu zen, otoiaren bigarren zatia kantatzen zuela. Bigarren zati horretan zoriona opa zien lagunei; honela zioen:

Dios nos dé buenos días. Buen viaje y buen pasaje tenga la nao, señor capitán y maestre, y buena compañía. Así haga buen viaje y muy buenos días dé Dios a Vuestras Mercedes, señores de popa y señores de proa. Amén.

Oso irudi erromantikoa dugu, beraz, Diego itsasmutilaz: mutiko malderra, abizenik gabea, eta jaioterriarena hartu zuena.

Hala eta guztiz, baliteke gazte abenturazalea izatea, merkatarien familia dirudun batekoa, agian Lope Ruiz de Portugaleterena. Lope hori, 50 urte lehenago, Portugaleteko ordezkaria izan zen Brujaseko Konkordian. Diego, agian, etorkizun oparoaren bila abiatu zen Ameriketara, aldi berean itsasoko lanetan trebatzen zela.

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200