Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

BARINAGA-REMENTERÍA, DOMINGO Y FERNÁNDEZ, SILVANO

nofoto.jpg

BARINAGA-REMENTERÍA, DOMINGO Y FERNÁNDEZ, SILVANO
Estatuako beharginak

Nahiz eta, bizi zirelarik, portugaletetarrak ez izan, Portugaleteko egin dira, dudarik gabe, XX. mendearen hasietarik hona herriko plazaren erdian egonik.

1900. urteko maiatzaren 17an hasi zen dena. Egun hartan Udalak Víctor Chávarriren omenezko monumentua egitea deliberatu zuen eta, horretarako, herritarrei eskatuko ziela dirua.

Hilabete batzuk geroago, urrian, Miquel Blay gironarra aukeratu zuten monumentua egin zezan. Miquel Blay eskultorea zen eta 1892an lehen domina lortua zuen nazioko erakusketetan. Beste hainbat sari ere (besteak beste, bost urte lehenago, Bilboko bat) zeukanez gero, izen handia zuen gurean.

1901eko martxoan, Areetako bulegoan erakutsi zien herriko agintariei lanaren zirriborroa. Hauxe azaldu zuen monumentuaren aurreko aldeaz eta oinaz:

“Multzo ausart soila egingo dut; bi beharginek osatuko dute; bata lantegikoa izango da eta bestea, berriz, meategikoa; biak atsedenean. Brontzezko multzo horrek nolabaiteko gizonezkotasuna emango dio monumentu osoari.”

Víctor Chávarriren bustoa egiteko, Blayk ahalik eta argibide gehienak bildu zituen portugaletetarraren gainean eta, behargin parea egiteko, Gallartako meagizon bat eta Sestaoko langile metalurgikoa baliatu zituen.

Meagizona, harri-zulatzailea, Domingo Barinaga-Rementeria “Garro” (edo Txomin Garro) zen, Markina-Etxebarriako Garro baserrian jaioa. Gallartako meategietan harri-zulatzailerik onena zen garaian. Estatuatik dakigu gizontzarra zela; indar-indartsua zela, berriz, pasadizo batetik dakigu: Barga meategian istripua gertatu zitzaion, begi bat galdu eta, hala ere, oinez joan zen Trianoko ospitalera. Bertan operatu zuen Areiltza doktoreak.

Garrok Gorrotxategitarrentzat ziharduen Gallartan. Familia hori Garapeko Alen meategietara joan zenean, berekin batera eraman zuen Garro. Zoritxarreko egun batean, Amelia-Juliana meategian lehergailuen metxari su eman ostean, Garro eta enpresaburua elkarrekin zeuden etxe bateko eskailera pean babesturik. Lehergailu batek ez zuen eztanda egin; Garro urduritu egin zen; Gorrotxategik lasaitzeko esan zion. Garrok ez zuen itxaroterik izan, ebakira hurbildu, lehergailuak eztanda egin zuen eta bete-betean jo zuen Garro gizajoa.

Gorputz osoa desegin zion; erlojua, berriz, beti ere soinean zeraman Roscop ezaguna, kalterik gabe irten zen.

Silvano Fernandez, eskuan kurrika daramana, Sestaon bizi zen. Garroren aldean txiki-txikia zen arren, eskultoreak, harmonia helburu, markinarraren pare jarri zuen.

Eskulturako brontzea Gerra Ministerioari eskatu behar izan zitzaion eta, Ministerioak baietza emanda, lege berezia onartu zuen, Bizkaiko diputatu eta senatari batzuek proposaturik.

1901eko irailean artegileak igeltsuz egin zuen eskultura; geroago, brontzez galdatu zuen eta irailaren hondarretan irudiak Bartzelonara abiatu ziren. Galdaketa Masriera i Campins enpresan egin zen, eskulturako idulkian irakur daitekeenez. Azkenik, 1903ko abenduaren 23an, zirimiri ari zuela inauguratu zen monumentua.

Aurrean esandako guztia Pedro Heredia izkribuetatik hartuta dago. Dena den, El Abra aldizkariaren 1928ko ale batek badio hurrengoan elkarrizketa argitaratu behar zutela Pedro Otaduyrekin, monumentuko mutilaren modeloarekin, alegia. Hortxe uzten dut, beraz, zalantza, historialariek argi dezaten.

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200