

UBAO, EDUARDO
Errege Kirol Klubaren gizona
Eduardo Ubao oso pertsonaia interesgarria dugu. Itsas kirol guztiak zituen gogoko eta Errege Kirol Kluba ( Real Sporting Club zen jatorrizko izena) sortu zuen 1898an. Klubak, bi urte geroago, eraikin flotagarria ezarri zuen itsasadarreko uretan, burdina-kaiaren ondoan.
Fundatzaileak izan ziren, besteak beste, Santiago Martínez de las Rivas, aurreneko presidentea eta benetako aitzindaria bela kirolean, eta Portugaleteko batzuk, hala nola Enrique Careaga, Emilio Vallejo, Pedro Galíndez, Migel Loredo, Félix Chávarri, Enrique Areiltza edo Manuel, Enrique eta Jose Ubao.
Eduardok, gaztea zelarik, lau bogalariko iolen estropadetan hartu ohi zuen parte, sekula ez, ordea, belan. Antolatzaile bikaina zenez gero, estropaden arauak prestatu zituen klubean eta benetako peritu bilakatu zen horien araudietan.
1900ean hasi zen kluba bela estropaden nazioarteko txapelketak antolatzen, nahiz eta atzerriko parte-hartzaileak urtebete geroago etorri ziren. Ohiko parte-hartzailea izaten zen Alfontso XIII. Espainiako erregea, eta klubeko ohorezko presidentea ere bai, hil arte. Izan ere, askotan irabazi zuen txapelketa errege jaunak.
Eduardo Ubao gizon zehatz-zehatza zen. Behin batean erregea apur bat berandu iritsi zen eta Ubaok, urrunetik zetorrela ikusi zuen arren, atentzio-seinalea eman zuen. Erregeak oina bailandran ezarri orduko entzun zen prestakuntzarako kainoi hotsa eta hauxe esan zuen Ubaok: “Errege jauna deskalifikaturik dago”. Okerrena izan zen erregeak irabazi zuela estropada eta, deskalifikaturik zegoela jakin zuenean, kamusada ederra hartu zuela.
Estropadak antolatzen zituen klubeko batza baten buruan ari zela, lortu zuen traineruen estropadei nolabaiteko formaltasuna ematea, norgehiagoka garrantzitsuak antolatuaz. Gailurra 1921ean jo zuten, estropaden historiako entzutetsuenetako batean, Gipuzkoako lau traineru eta Bizkaiko beste lau elkarren kontra ari zirela, Santurtzikoak irabazi zuenean.
Klubeko antolatzaileen batza hark urte horretantxe utzi zuen bertan behera jarduna. Ubaok, ordea, beste bat eratu zuen, portugaletetarrekin orduko hartan. Bertan izan ziren, esaterako, Juan Campo eta Dionisio Babio, zeinak gerrate zibila arteko estropada guztiak antolatu zituen.
Kantauriko Itsas Kluben Federazioko idazkaria zela, Enrique anaiarekin batera hartu zuen parte Eduardok Espainiako Federazioaren fundazioan. Espainiako federazioaren egoitza eraikin flotagarria izan zen 1939 arte.
1904an Ubao Espainiako ordezkari moduan joan zen Londresera Yatch Racing Union nazioarteko federazioa eratzera. Bertan jardun zuen Ubaok hil arte eta eragin handia izan zuen hala nazioan nola nazioartean.
Errege Kirol Kluba Espainiako elkartea zen eta monarkia-zalea, noski, izenak zioen bezala. Kolpe ederra hartu zuen, beraz, Espainiako II. Errepublika etorri zenean, agintariek eraikina inkautatu baitzuten eta “Errege” izena kendu. Geroago, Francoren agintariek “Sporting” kendu zioten, Athletic-i bezala, espainolezko berba ez zelako.
Eduardok, jeinu txarrekoa zela, gatazka piztu zuen 1938an, klubeko areto nagusitik erregearen potreta kendu eta Francorena jarri zutenean.
Birritan kendu zuen Ubaok Francoren potreta eta hirugarrenez ikusi zuenean, sutan jarri eta eskailera bat eskatu zuen. Presidenteak eskailerarik ez emateko agindu zuen eta Ubaok, haserre bizian, alde egin zuen eta bazkide izateari utzi zion.
Eduardok hiru belaunaldiri irakatsi zioen itsasoaren eta itsas kontuen maitasuna, eta Itsasketa Merituaren Gurutze Handia jaso zuen. 1952an hil zen Madrilen eta Portugaletera ekarri zuten lurra ematera.
Ubao anaiek (Manuel, Enrique, Jose eta Eduardo) ahal izan zuten guztia eman zioten ospitale-asiloetxeari eta horregatik agertzen dira ongileen artean. Udalak haien izena eman zion kale bati: Ubao Anaiak kalea da hura.