

LÓPEZ BUSTAMANTE, ELÍAS
Farmazeutikoa
1883ko apirilaren 16an, goizeko hamaiketan, hainbat gizon elkartu ziren Barrenkaleko 44. zenbakiko, hau da, Rantxeria plazako kantoiko etxean. Gizon talde haren burua zen Fernando Karrantza alkatea eta udaletxeko idazkaria, Balmaseda barrutiko Farmazia delegatua, Segundo Iturriaga, Nicasio Retuerto, Marcos Escorihuela eta Ramon Bikuña medikuak eta albaitaria ere baziren han.
Bileraren xedea zen Portugaleteko farmazia ezarri berria aztertzea, farmazia zabaldu berri baitzuen Elías López Bustamantek, geroago Portugaleteko farmazeutikorik garrantzitsuena izango zena.
Horrelako bisitaldietan eta farmaziei aldizka egiten zitzaizkienetan herriko nagusiek egiaztatu ahal izan zuten sendagaiak bazeudela, ondo zeudela eta egoki ordezkatzen zirela. Aspalditik egiten ziren horrelako bisitaldiak, nahiz eta Portugaleteko artxiboek 1714an aipatzen dituzten aurreneko aldiz.
Bustamante 1847an jaio zen Rebollar-en (Kantabria). Santiagoko unibertsitatean lortu zuen farmazia lizentzia 1882an, bikain kalifikazioarekin. Hortik urtebetera, doktoretza ere lortuta, Portugaleten kokatu zen.
1884an parte hartu zuen Bilboko Udalaren Kimika Labotatorioko burua hautatzeko oposizioetan eta plaza bereganatu zuen. Hona hemen aurkeztu zuen oroit-idazkiaren titulua: Métodos y procedimientos que elegiría el opositor para determinar cuantitativamente las sustancias que adulteran los alimentos (Oposizio-egileak jatekoak adulteratzen dituzten substantzien zenbatekoa ezartzeko aukeratuko lituzkeen metodo-prozedurak).
Bilboko laboratorio hartan, Donibaneren ospitalean, ziharduen, bada, Bustamantek, Portugaleteko titular izendatu zutenean. Eta plaza biak elkarrekin bateraezinak zirenez gero, uko egin zion laboratorioari eta Portugaleten kokatu zen betiko.
Bustamanteren farmazia herriko hirugarrena izan zen. Beste biak, 1885ean, Lejarreta eta Borreguerorenak ziren.
Lejarretaren farmazia XIX. mendearen erdialdean ezarri zen Lope García de Salazar kantoiko 5. zenbakian, dorreko arkuaren ondoan. Behin baino gehiagotan aldatu zen eskuz eta XX. mendearen hasieran Barrenkalean kokatu zen. Bertan, Elisardo García Bilbao errioxarrak bere abizena eman zion berrogeita hamar bat urtetan eta gero beste errioxar bat, Manuel Álvarez, etorri zen.
Bigarren farmazia 1863an jarri zuen Kristo plazako Chapa etxean Modesto García Borreguero. García Borreguero, 30 urtekoa, Aranda de Dueron jaio zen eta Madrilen ikasi zuen.
Lehenago Turtziozeko farmazeutikoa izana zen Borreguero eta Portugaleteko farmazia Castaños Jenerala kalera aldatu zuen, Metro tabernaren gainera, hain zuzen. Bertan aritu zen 55 urtetan, 88 zituela erretiratu zen arte. Horren bitartean portugaletetarren familia ugaria sortu zuen.
Izan ere, Elías López Bustamante farmazeutikoak farmazeutikoen dinastia fundatu zuen, haren semea eta biloba ere farmazeutikoak izan baitziren. 1918an hil zen.
Bizkaiko Farmazeutikoen Elkargoaren sustatzaileetako bat izan zen. Elkargo hori bost farmazeutikok sortu zuten 1898an eta, aurreneko zuzendaritza batza osatuta, idazkari izan zuten Bustamante ia hogei urtez.
Gizon haien adore, irmotasun eta lanari esker, gobernuak ofizialtasuna aitortu zion elkargoari 1905ean.
Bustamanteren farmazia hasiera batean Barrenkalean zetzan eta gero Santa María kalera aldatu zen: lehen zenbakian lehenik eta aurreko etxean gero, Rucabado arkitektoak diseinaturikoan, hain zuzen. Bertan egon zen Bustamanteren farmazia 1970eko hamarkadako lehenengo urteak arte.