Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

DE AREILZA, ENRIQUE

nofoto.jpg

DE AREILZA, ENRIQUE
Ospe handiko medikua

1860 - 1926

1926ko ekainean, Areiltza doktorea El Salto jauregitxoan hil zenean (jauregi hori gaur egun ere badago, Areiltza Doktorea izena duen parke baten gainean), jendetza handi bat, minez beterik, joan zen, hilkutxarekin batera, hilerrira. Hilkutxa meatzari batzuek zeramaten lepoan, inguruan Gorlizko sendategiko haurrak eta Bilboko ospitaleko lekaimeak ere zebiltzalarik.

Enrique Areiltza Bilbon jaio zen 1860an. Medikuntzako doktore egin zen eta Trianoko meategietako ospitaleen zuzendari lanpostua lortu zuen. Hogeita bi urte baino ez zeuzkan eta Medikuntzako Errege Akademiak hautatu zuen, ikasketak eta nortasuna kontuan hartuta. Gallartako ostatu umil batean bizi izan zen hogei urtez, zientziara eta ingurukoen zerbitzura guztiz emana. Istripuz zauritzen ziren meatzariak hartzen zituen kontsultan eta milaka ebaketa egin behar izan zuen, gehienbat pelbis eta garezurraren hausturak zirela-eta. Izan ere, teknika modernoa erabiliz, Espainian trepanatu zuten aurrenetako bat izan zen Areiltza doktorea eta oso ospe handia bereganatu zuen zientzia arloan.

Urtero bidaiatu ohi zuen Europan, teknika berriak ikasi eta bere ospitalea Europako onenen pare jartzearren.

1898 inguruan Bilbon ere hasi zen lanean, Medikuntza Zientzien Akademiako buru gisara. Behin batean, Rodas alargun konde andrea etorri zitzaion kontsultara, Emilia alaba ezagutu zuen eta 1905ean ezkondu ziren. Lau urte geroago Portugaleten kokatu ziren senar-emazteak. Doktorea egunero joaten zen Bilboko kontsultara, eta astean birritan Gallartara eta Gorlizera ere bai.

Garai hartan tuberkulosiak kalte handia egiten zien umeei, gehienbat Meatzaldekoei. Areiltza doktoreak, horretaz kezkaturik, lortu zuen Gorlizen haurren ospitalea egitea eta 1918an onartu zuen Basurtuko ospitalea zuzentzea, horren soldatari berariaz uko eginda, ordea. Lan handia egin zuen ospitalearen buruan; ezin izan zuen lortu, hala eta guztiz, Bilbon Medikuntza Unibertsitatea egitea.

Kultura handiko gizona izanik, giza zientziak ere interesatzen zitzaizkion. Garaiko pertsonaia nabarmen gehienak izan zituen adiskide (Arantzadi, Adolfo eta Teofilo Guiard, Pío eta Rikardo Baroja, Regoyos, Zuloaga, Balparda…) eta haur denboran Migel Unamuno ere ezagutu zuen. Izan ere, Unamunok begirune eta mirespen handia zion Areiltzari eta Bilbora zetorren guztietan, bisita egiten zion Portugaleten edo Gallartan. Garaiko beste idazle batek, Vicente Blasco Ibáñez-ek, “El Intruso” nobelaren protagonista egin zuen Areiltza. Nobela Meatzaldean gertatzen zen; Areiltzaren iritziz, Blasco Ibáñezek mesede egin nahi izan zion nobelako heroi bilakaturik, baina oso oker ibili zen.

Behin batean, bidaia batetik bueltan zetorrela, gaixotu egin zen eta Zaldua doktoreak gomendatu zion Marañon doktore adiskidearengana jotzea. Marañon doktoreak zer eginik ez zegoela berretsi zuen. Areiltzaren mahai gainean, idazten ari zen Zunzunegiren liburu baten aitzinsolasa gelditu zen bukatzeke. Areiltzak bihotzez maite zuen Zunzunegi idazlea.

Hauxe idatzi zuen Zunzunegik behin Areiltzaz: “Ongintzaz aritu zen beti, maitasunez; herriak ederki jakin zuen horren berri: Enrique doktorea hilzorian zegoela entzunda, emakume batek esan baitzuen: Jainkoaren hurrena, Areiltza doktorea .”

Bi seme-alaba izan zituen, Eloísa eta José María; biei hezkuntza bikaina eman zien. Ingeles irakaslea kontratatu zuen etxean, Kate O'Brien hain zuzen, zeinak geroago, idazle ospetsu eginda, Portugaleten kokatu zuen “Nire kaparik gabe” nobela bikaina.

Zunzunegi hil zenean, José María Areiltzak hartu zuen beraren aulkia gazteleraren Errege Akademian. Beste portugaletetar bat ere, José Luis Pinillos psikologoa, badugu akademiakide.

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200