Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

DE CHURRUCA, EVARISTO

churruca_evaristo.jpg

DE CHURRUCA, EVARISTO
Portuaren egilea

1841 - 1917

Kai berriari izena (eta izana) eman zion Evaristo Churruca Izan (Nafarroa) jaio zen 1841ean. Familia, ordea, Mutrikukoa zuenez gero, Mutrikun eman zuen haurtzaroa.

Lehen mailako ikasketen ostean, Bergarako Errege Seminarioan egin zen bide, kanal eta portuen ingeniari. Gazte denbora horietan ere bazen Evaristo gizon xume adeitsu eta langile fina. Horretaz gain, bihotzez maite zuen euskara, bere ama hizkuntza, eta euskal filologiaz eta etimologiaz idatzi zuen saiakera zenbait.

Itsasoan egin zituen aurreneko lanak Cartagenan burutu zituen. Geroago, Bizkaian denboraldi laburra emanda, Puerto Ricora jo eta hor ere lan ugari egin zuen. 1877an, berriz, Bilboko Portuko Lan Batzarraren zuzendari izendatu zuten eta hortxe jardun zuen 31 urtez, erretiratu arte.

Hasteko, XV.etik aurrera itsasadarrean egindako lan guztiak aztertu zituen eta zeharo ahalegindu zen itsasadarra nabigagarri egitearren. Horretarako, lehenengo eta behin, Portugaleteko barra beldurgarria desegin behar zen. Barra hareatza mugikorra zen oro har, oso sakonera txikikoa itsas beheretan; ekaitza zenean, beraz, ezina zuten ontziek itsasadarrean sartu.

Bilbora nazio eta nazioarteko ontzi franko zetozenez, burdin meategiak ustiatu zirenez eta, azken karlistadaren ostean, ekonomiak eta industriak gora egin zutenez gero, azkenik Churrucak gauzatu egin ahal zituen bere asmo bikainak, jeinu baten modukoak.

Churrucak arreta handiz aztertu zituen haizeak, itsas gorak eta beherak, korronteak, alubioiak eta ahoko hareatzak, etengabe oso zundaketa zehatzak eginez. Horrela ekin zion 1881ean burdin kaiari.

Kontua zen kaia 800 metro luzeago eta iparralderantz apur bat bihurri egitea, horrela lagundu egingo baitzion korrontearen berezko joerari eta nahiko bide handia urratuko baitzuen barran.

Lan bikain horren azken harria 1887ko irailaren 12an ezarri zen eta horrela konpondu zen, matematika lagun, barra beldurgarriaren arazo zaharra.

Horrek eragin handia izan zuen Bizkaiko ekonomian eta batez ere haren oinarri nagusietan, hau da, siderurgian, ontzigintzan eta portuan, non ordu hartan sei metro sarkurako ontziak sartzen baitziren, lehenean hirukoak ezin zirelarik.

Burdin kaiari eta itsasadarrean egindako beste hobekuntza batzuei esker, Bilboko portua, XIX. mendea bukatu baino lehen, Espainiako inportanteenetako bat zen.

Horrelako arrakastaren ostean, Churrucak 1888an olatu-horma egiteari ekin zion. Oso lan zaila izan zen hori, ekaitzak zirela-eta. 1920an bukatu zen olatu-horma eta urte bat geroago, berriz, Arriluzeko kaiaurrekoa.

Lan horri esker, hamaika sari eta omenaldi jaso zuen Churrucak. Espainiako erregeak, kasu, Mutrikuko konde titulua eman zion. Titulu hori, herentziaz eta ezkontzaz, José María Areiltzak eskuratu zuen gero.

Lehen mailako portua lortzearren zama-kaiak proiektatu zituen azkenik eta, horretarako, betelanak egin behar izan zituen ia kostalde osoan, Portugaleteko hondartzatik hasita.

Churruca Bilbon hil zen 1917an.

1931n ekin zioten Churrucaren omenezko monumentuari Areetako muskuilutegian, Churrucaren lanaren aurrean hain zuzen. Monumentua, gerrate zibilaren ostean, 1939an, inauguratu zen. Irakurgaiak honela dio: “Haren lan bikainak beste ubide bat eman zion itsasadarrari, segurtasuna itsaslangileei eta unibertsaltasuna portu honi, zein klasizismoaren jatorrizko eredua baita.”

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200