

DIEZ GAVIÑO, FAUSTINO
Olerkaria
Portugalete, Portugalete,
Portugalete donde nací,
pueblo querido donde mi infancia
libre de penas corrió feliz.
Olerki horren idazlea 1852ko urtarrilaren 9an jaio zen. Txikitan Portugaleten bizi izan zen, baina aita, Luis Díez Sopeña castrotarra, hil zitzaionean, Santanderrera aldatu behar izan zen eta hor eman zuen nerabezaroa.
Industria ingeniaritza ikasi zuen Bartzelonan. Hor Marcelino Menéndez Pelayoren adiskide mina egin zen eta horrela iraun zuten bizialdi osoan. Elkarri idatzi zizkioten gutunak badauzkagu gaur egun ere. Jaioterrian bizimodua ederki ateratzea zeukan arren, 1880an, karrera bukatuta, Kuba aldera itsasontziratu zen. Kuban, beste lan batzuk beste zirela, Manuel Calvoren ahalduna zen Manuel Otaduy portugaletetarraren zerbitzuan jardun zuen, hainbat artikulu idatzi zuen Kubako egunkarietarako eta “Laurac-bat” izenekoan zuzendari ere aritu zen.
Manuel Basas-en arabera, Díaz Gabiñok sekula ez zuen literaturagile izateko asmorik izan, sekula ez zuen gai antolatuko lan poetikorik sortu nahi. Inola ere ez. Hitz lauz eta bertsoz idazten zuen, dena den, adiskideei erakutsi nahian gogoan zeramatzan sentimendu gorenak; beste hainbatetan, berriz, bertsoetan islatu zuen arimako malenkonia, barnea askatu edo arindu beharra zeukalako.
1888an, Kubara abiatu eta zortzi urtera, omenaldia egin zion Habanako prentsak eta Portugalete maitera itzuli zen, ama, Rosario Gabiño Calvo, zain zeukalarik.
Zergatik ez dakigula, bada, denbora laburra eman zuen herrian eta berriro abiatu zen Kubara.
1894an “Ruiz y Hno.” argitaratzaile kubarrak olerkiak liburu batera biltzera animatu zuen. Díaz Gabiñok kaleratu zuen liburu bakarra izan zen hura. Dotore-dotore argitaratu zen, beraz, “Versos” izeneko liburua; Díaz Gabiñok, ordea, ez zuen sekula ikusi, 1895eko otsailaren 10ean hil zen-eta.
Liburuko ataurrean badiosku Díaz Gabiñok bere ustez aberria ez dela kontzeptu abstraktu konbentziozkoa, dogma baizik, funtsa, gurtu beharreko zerbait; euskal lurraldeen foruak, beraz, ez ziren askatasun politiko huts batzuk, bizialdi guztiko obsesioa baizik, haren asmo politiko bakarra agian. Foruen aldeko 1876ko diputatuek ez zituzten foruak Díaz Gabiñok baino kementsuago, beroago, irmoago defendatu.
Euskaldunek Habanan zeukaten Euskal Nafar Elkarteko panteoian ehorztu zuten Díaz Gabiño eta hor egon zen gorpua bost urtez.
1900ean, berriz, Portugaletera ekarri eta familiaren panteoian utzi zuten, marmolezko kutxa eder batean. Kutxak badakar Kubako adiskideen eskaintza bat, izugarri maite baitzuten haren ontasun eta adimenagatik. Bizkaiko Aldundiko presidenteordea egon zen Díaz Gabiñoren bigarren ehorzketa haren buruan, omenaldia egin nahian Bizkaiko foruen aldeko kantu eta bertso ugariak egin zituen olerkariari.
Manuel Calvok hartu zuen esku Díaz Gabiñoren gorpua ekartzean. Uste dugu Manuel Calvo Díaz Gabiñoren senidea zela, Brígida Calvo, hau da, amaren aldeko amonaren aldetik.
1899an Fermín Herrán Euskal Liburutegiak 36. eta 38. liburukietan argitaratu zituen berriro Díaz Gabiñoren olerkiak eta hitz lauzko lan pare bat gehitu zien: bata zen ataurre bat, lagun baten libururako idatzia, eta besteak, berriz, “Fundamento y defensa de los fueros” titulua zeukan, Díaz Gabiñok gai horri buruz asko idatzi zuen-eta.
1880an “Viaje alrededor de Santander en veinticinco minutos” izeneko lan bat ere argitaratu zuen, baina gainontzeko lanak barreiatu samarrak dauzka La Vasconia , Euskal Erria, El Noticiero Bilbaíno, El Anunciador Vitoriano eta beste hainbat egunkari eta aldizkaritan. Lan horiek guztiak ez dira agian orijinalegiak; bai, ordea, oso duinak eta haren gai kuttunenak dakartzate: hots, ama, maitasuna, lagunak eta miresten zuen jende ospetsua, erlijio bertso batzuk, Euskal Herria, Gernikako arbola, Begoñako Andre Maria eta Portugalete maitea.