

MARTÍNEZ, FEDERICO
Repelegako kaperau eta maisua
Federiko Martínez eta Chopitea monsinorea Portugaleten aritutako abade bakarrak dira herrian kale bana dutenak.
Federiko Martínez Uriarte Ulibarri-Ganboan (Araba) jaio zen 1898an. Hamalau urte zituela, aita hil zitzaion eta haren ordez hasi zen sakristau aritzen. Horretaz gain, hamar urtetan, mota guztietako ogibideetan (erlojugile, iturgin, elektrikari, jostun, merkatari...) jardun zuen.
Abadea izan nahi zuenez gero, 17 urte zituela saiatu zen Jesusen Lagundian sartzen eta 1921ean sartu zen, azkenik, Gasteizko apaiztegian, zerbitzari moduan, ordea, ikasketak ordaintzeko dirurik ezean. Ikasten zuelarik, bada, atezain, sukaldari, mandatari eta erizain aritu zen; artean ere bazioten jendetasuna bazuela Federikok.
1928an, 30 urte zituela, Mateo Mujika apezpikuak abade egin eta Santikurutze Kanpezura bidali zuen. Hortik Repelegara iritsi zen Federiko 1929an. Repelegan, eguneroko meza eman ez ezik, auzoko maisua ere bazen eta, arratsaldez, katekesi eta pastoral lanetan ziharduen. 1931n, Errepublika etorri zenean, Repelegako batzuk haren kontra jarri ziren, gehienbat auzuneetan antolatu ohi zituen erlijio ekitaldiak zirela kausa. Inongo alderdikidea sekula izan ez zen arren eta inork ez zion arren sekula ikusi inongo joera politikorik, hainbatek gogor iraindu zuten, hauteskunde garaian gehienbat.
Gerra Zibila deklaratu eta bi egunera, 1936ko uztailaren 20an, bada, auzoko bi eta miliziano talde bat bortxaz sartu zitzaizkion etxean, arma zulo baten bila, eta Portugaleteko ziegara eraman zuten.
Handik bost egunera Larrinagako espetxera aldatu zuten eta abuztuaren 4an, berriz, betiko itxi zuten Altuna Mendi itsasontziko sotoan, Axpen.
Francoren hegazkinek bonbardaketa eginda, Martínez eta beste presoak zaintzen zituzten milizianoek, errepresalia moduan, 300 presoak eraman zituzten ontziko bizkarrera, hamalau hautatu, gainontzekoengandik banandu eta bertan metrailatu zituzten. Hamalau horietako bat zen Federiko Martínez. 1936ko irailaren 25ean hil zen.
1960an iritsi zen Erromara Martínezen martiri-prozesua, Elizak santu aitor zezan.
Ángel Chopitea Mujika, Santa Mariako parrokoa izan zen 1932tik 1961ra. 1991ko urtarrilaren 4an hil zen Donostian, 98 urte zituela.
Lekeition jaioa, 1921ean egin zen abade Madrilen eta Madrilgo unibertsitatean egin zen Teologiako doktore. Aurreneko meza jaioterrian eman zuen eta aurreneko lantokia, berriz, Izurietan (Gipuzkoa) eduki zuen. Portugaleten zebilelarik, hiria artzapez-barrutiko burua zenez gero, kultu argitsua sustatu zuen hala tenpluan nola kalean. Horrela, 1943an Kongresu Eukaristikoa egin zen Portugaleten eta lau egunetan Ezkerraldeko parrokietako fededun asko bildu ziren herrian. 1950ean lortu zuen Pío XII. aita santuak Portugaleteko eliza basilika izenda zezala; hurrengo urtean Chopitea bera Aita Santuaren prelatu izendatu zuten. Chopiteari esker, gainera, patroiaren jaietan hasi zen “Agurra” kantatzen, Andre Mari egunaren bezperan. Portugaletetik igarota, Chopitea Bilboko Santiago katedraleko kalonje izendatu zuten.
1946an oroimen-liburua idatzi zuen: “Mis veinticinco primeros años de sacerdote” (Abade gisa eman nituen aurreneko hogeita bost urteak).
Portugaleteko Andre Mari parrokiatik Eduardo Escarzaga ere igaro zen, eta bertako parrokoa izan zen, Chopitearen aurretik. Gordexola eta Artziniegako historia-monografiak idatzi zituen, eta beste lan bat ere bai, Abellaneda eta Enkarterrietako batza nagusiari buruz. Beste abade aipagarri bat, azkenik, Francisco Iturribarria da, olerkari, eleanitz eta filosofoa. 1916an hil zen.