

DE CHAVARRI Y ALISAL, FÉLIX
Ospitale-asiloetxeko presidentea
Familiaren tradizioz industria gizona izan zen Félix Chávarri. 1831. urtean jaio zen eta Ángela de la Mier-ekin , Soteraren ahizparekin, beraz, ezkondu zenez gero, Portugaleteko senide inportanteenetako bat osatu zuten. Chávarri lur askoren jabea zen, garai hartan mahatsondoz beterik eta, portugaletetar ugariren moduan, bere upategia zeukan eta txakolindegia ere bai, txakolinzale jarrillero gehienen kuttunena hain zuzen. Tocedon (Kabiezes) zeuzkan mahatsondoen uzta ez ezik, Bikuña eta Zugastirenak ere saltzen zituen txakolindegian.
Karlistada bizi behar izan zuen eta setioan etxea, Kristo plazako lubakietatik gertu zegoenez gero, erre eta suntsitu zioten.
Karlisten armadak 1874ko urtarrilean Portugalete hartu zuenean, Jaurerriko Gerra Aldundiak beste udal bat eratzea agindu zuen, herriak fundatu zenetik lehen karlistadako porrota arte zeuzkan ohitura eta usadioen arabera. Portugaletetarrak, bada, elkartu ziren Remigio Careaga, Juan Gorostiza eta Antonio Echániz (bizirik zirauten azken foru udalkide bakarrak) buru zirelarik, izen batzuk idatzi zituzten papertxoetan eta, paperok tradiziozko “boleta” zilarrezkoetan sarturik, derrigorrezko otoitz-eskaerak eginda, ume baten esku orbanbakoak atera zuen Félix Chávarri izena eta foru alkate izendatu zuten. Karguan maiatzaren 1a arte jardun zuen, egun horretan berriro hartu baitzuten hiria liberalek. Alkate izan zen bitartean, On Karlos erregegaiari egin zion laguntza eta harrera Portugaletera etorri zen bi aldietan. On Karlos hiri osoan ibili zen eta bisita egin zien ospitaleko gaixoei.
Ospitale zaharra geroago María Díaz de Haro kalea izango zen hareatzan zetzan. Ospitalea urte asko lehenago fundatu zuen Chávarrik. Medikuak herriko funtzionarioak ziren eta ospitaleko lana herritarrek ordaintzen zieten horretarako dohaintzak eginez. Batzar batek zuzentzen zuen, Udalarekin zerikusirik gabeak, Udalak sekula ez baitzuen diruz lagundu.
Gerraren ondorioz oso narriaturik gelditu zen ospitalea, baina XX. mendean Félix Chávarri burua zen Karitate Batzar batek beste ospitale bat egitatea erabaki zuen eta mantenurako baliabideak nola lortu ere pentsatu zuen.
Batzar hartan herriko beste dirudun batzuk ere bazeuden, hala nola Fernando Karrantza, Mateo Retuerto, Alexandro Gandarias, Antonio López, Manuel Valle, Rafael Chapa eta León Fernández parrokoa.
1901eko otsailean egin zuten bilkura batean, burua José Hormaza alkatea zelarik, erabaki zuten ospitale berria Kanpanzar azpiko lur batean egingo zutela, alkateak berak emanda.
Manuel Calvorengana jo zuten diru eske eta beste lur zati bat eman zien. Herri harpidetza zabaldurik, dirutza ederra ere eman zuen, testamentuz eman ere.
Ez Calvok (1904an hila) ez Chávarrik (1907an) ez zuten, ordea, ospitale-asiloetxea ikusi, 1907an inguratu baitzen.
Ortuellako herritarren onura ere jardun zuen Félix Chávarrik, 1887an, artean ere Ortuella Santurtziko auzunea zela, lurrak laga baitzituen parrokia egiteko. Udalak, emakida eskertu nahian, Chávarriren ohorez izendatu zuen eliza San Felix Cantalicio.