

TROCONIZ, FILOMENA
Fundazio berrienaren sortzailea
Herrian bi fundazio tradiziozko zeuden: Manuel Calvo eta Kasilda Iturritzarrena. Biak sortu ziren XX. mendearen hasieran eta biak dagozkio garaiko pertsonaia ospetsu banari. Filomena Trocónizena, berriz, urte asko geroago eratu zen, 1986an hain zuzen, eta eskolako maistra batek fundatu zuen.
Filomena Trocóniz 1902ko urtarrilaren 23an jaio zen Ojillo kaleko 11. zenbakian. Aita Fernando jornalaria zen, bataio-agiriaren arabera, eta gero Labe Garaietako langilea. Filomena txiki-txikia zela hil zen. Ama, berriz, Gabina Santacoloma zen, Trapagaranen jaioa. Filomenak magisteritza ikasi zuen eta aurreneko lantokia Zierbenako eskolan eduki zuen. Gero Uriostera igaro zen eta Uriosten adiskide minak egin zituen, bizi guztirako.
Azkenik, Gorlizko sendategian izan zen maistra eta hortik Portugaletera itzuli zen. Portugaleten, Ojillo kalean, eskola partikularrak ematen zituen, ikasleak trebatu nahian, magisteritza ikas zezaten.
Izaera eta nortasun sendo handikoa zen Trocóniz. Antzerkia eta musika oso gogoko zituen. Denbora luzea ematen zuen pianoa jotzen. Etxezulo hutsa zen, nekez irteten zen kalera eta austeritate handiaz bizi zen, ia-ia miserian.
Filo andrea ezkongabea zen, seme-alabarik ez zeukan, neba-arrebarik ere ez, eta haren senide bakarrak lehengusu-lehengusina batzuk ziren. Bizi guztiko soldata akzio batzuetan inbertitu zuen eta, urteak joan urteak etorri, dirutza handia egin zuen. Oso larri gaixotu zen behin batean, ospitalera eraman zuten, eta bihotzez maite zuten ikasle izandako batzuei dei eginda, maitekiro zaindu zuten, dirurik eskatu gabe. Mundu guztiak susmatzen zuen diruduna izan behar zela Trocóniz, baina inork ez zekien horren berri ziurrik.
Hil baino egun batzuk lehenago, gaixo-gaixo zegoela jakinda, Doroteo Pinedo orduko alkateari deitu zion. Aspaldiko adiskideak ziren Trocóniz eta Pinedo, Pinedo haren ikaslea izanda Uriosteko eskolan. Larri zegoela esan zion, eta zeukan dirutza handia gazteen prestakuntzan erabili nahi zuela. Fundazioa sortu behar zuen, beraz, Trocóniz Santacoloma Fundazioa, hain zuzen, laguntza emateko Portugaleten jaio edo bizi ziren neska-mutilen prestakuntza eta hezkuntzari. Hala adierazi zuen handik gutxira egindako testamentuan.
1986an hil zen, bada, 84 urte zituela. Elizkizunak egin zizkioten Andre Mari basilikan eta Zugaztietan ehortzi zuten, familiak hango hilerrian zeukan panteoian. Alberto G. Echartek, Trocónizen adiskideak, badiosku panteoi hura lehenago Trapagaranen zegoela eta Lucariniren eskultura bat zeukala, Familia Santua agertzen zuena.
Trocónizen nahia betetzeko, beraz, fundazioa eratu zen, entitate pribatu gisa; Eusko Jaurlaritzan inskribatu zen horrelako aurrena izan zen. Fundazio buruak dira herriko alkatea, Andre Mari basilikako parrokoa eta Trocónizen ondasunen legezko ordezkari bat.
Ondasun horiek balioak eta higiezinak dira gehienbat. Lan handia eman zuen guztiak bildu eta baloratzea, baina azkenik, 140 milioi bat pezeta zirela ondorioztatu zuten. Horren onuraz baliaturik, ikasteko bekak eta beste hainbat kultur eta hezkuntza ekimen antolatuko ziren.
Portugaleteko Udalak, Trocónizen eskuzabaltasuna eskertu nahian, haren izena eman zion herriko plaza bati, haren margo bat gomendatu eta udal bulegoetan ezarri zuen.