

DÍAZ PIMIENTA, FRANCISCO
Itsas arte militarraren berriztatzailea
XVII. mendean, Cristóbal del Mello eta Martín de Vallecillarekin batera, beste portugaletetar bi izan ziren Espainiako erregearen itsas armadako almirante: Francisco de Vallecilla eta Francisco Díaz Pimienta, alegia.
Francisco de Vallecilla Martínen anaia zen. Bizialdi gehiena Indietan eman zuen, itsasgizon gisara. Anaia bezala, Francisco ere izan zen Done Jakue ordena militarreko kide eta almirantea ere, Ciriquiáin Gaiztarroren arabera, Napoli, Bizkaia eta Indietako ontzidietan. Brasilen hil zen, 1631. urtean, ontziko mastak ezartzen zituela. Elizkizunak eta lurra ematea Santa Klara komentuan egin zizkioten, garaiko jende ospetsu guztiari bezala.
Martín Ameriketan aberastu zen eta, urte batzuk geroago, 1674an, Martín iloba, anaiaren seme nagusia, hil zenean, haren dirua ilobaren alabari egokitu zitzaion, gizonezko oinordekorik ezean. Biloba, beraz, Villarrealeko markesa izan zen eta aitaren aldeko aitonak eta Francisco nebak fundatutako premutasuna egokitu zitzaion. Aitonarengandik bakarrik ia 38 milioi erreal jaso zuen eta hainbat etxe, ortu eta mahasti ere bazeukan Portugaleten.
Andre dirudun hori izan zen Francisco Díaz Pimienta Vallecilla, Done Jakue ordenako zaldun eta erregearen itsas armadako almirantearen ama.
Historiagileak ez datoz bat Díaz Pimienta non eta noiz jaio zen. Batzuen ustez, Urduñan jaio zen. Egunaz, berriz, dakigun bakarra da 1675. urtean 51 bat urte zeuzkala. Bizialdi gehiena Portugaleten eman zuen eta aitonak eta Portugaleteko beste kapitain eta maisu batzuek irakatsi zioten itsasketaz zekien guztia.
Hortaz esan behar dugu ezagutza handia zeukala itsasketaz eta, horregatik, hainbatetan eskatu ziola Bilboko kontsulatuak barrako pilotu nagusi izan nahi zuten hautagaiak aztertzea. Hiriko alkatea ere izan zen 1651n.
Armadan egin zuen karrera eta almirantea izatera iritsi zen. Hala eta guztiz, are ospe handiagoa eskuratu zuen itsasontzigile eta itsas arte militarraren berriztatzaile gisara.
Martín Vallecilla almiranteak bezala, Zorrotzako errege ontziola zuzendu zuen. Bertan egin ziren urte askotan gerra eta posta itsasontzi eta galeoi guztiak eta gainontzeko ontzioletan, berriz, merkataritzako ontziak.
Jaurerriko fabrika eta landatze superintendentea ere izan zen, lehenago haren birraitona izan zen bezala; esku hartu behar izan zuen, beraz, Bizkaiko industrian eta merkataritzan, eta gehienbat hoberen ezagutzen zuen arloan, hau da, ontzigintzan eta baso-berriketan, elkarri lotuak zeudelarik biak. Izan ere, zerikusi handia izan zuen Díaz Pimientak arlo bi horien garapenarekin.
Itsasketaz zekien handia erakutsi zuen txosten batean; hona hemen titulua: “Medidas y fortificaciones que al general Francisco Díaz Pimienta le parece deben tener los galeones que el capitán Agustín de Baraona se obliga a fabricar y entregar en el puerto de Cartagena (de Indias) a quien su majestad mandare”. Txostenean xehetasun handiz deskribatzen zituen galeoien atalak eta neurri egokiak, borroketan eraginkorragoak izan zitezen. Horrelakoetan Díaz Pimientak hala ontziko artilleria nola bizkarrean borrokatu behar zen infanteria zeuzkan buruan.
Francisco Díaz Pimienta Villarrealeko markes titulua jaso zuen oinordetzaz amarengandik, eta horrekin batera zihoazen ondasun guztiak ere bai; besteak beste, eliz osteko lur zati bat, haren ortuaren mugakidea, zeina 1809an, orduko markesak, Luis Díaz Pimientak, elizari saldu zion 6.268 errealen truke, elizak hiriko aire zabaleko lehen hilerria egin zezan, ordura arte hilobiak elizen barruan egiten ziren-eta.