Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

CASTAÑOS, FRANCISCO XABIER

castanos_fcojavier.jpg

CASTAÑOS, FRANCISCO XABIER
Portugaleteko aurreneko markesa

1758 - 1852

Francisco Castaños Montellano, jeneralaren aitona, Portugaleten bizi ziren Enkarterrietako familia noble nagusietako baten semea, Portugaleteko alkatea izan zen 1720an. Goi-mailako ikasketak eman zizkion Juan Felipe Castaños Urioste semeari, zeina enbaxadorea izan zen Parman, errege armadetako agintaria eta Felipe V.aren aholkularia ere bai.

Juan Felipe, nahiz eta semeak itzala egin dion, oso enbaxadore trebea izan zen Italian. Bertan zegoela, bere poltsikotik ordaindu zuen armada txiki bat, erregearen aldekoa. Kargu ofizialak zirela medio, Madrilen bizi zenez gero, bertan jaio zitzaion Francisco Xabier semea 1758an.

Hamar urte baino ez zituela, Karlos III. erregeak, zerbait eskertu nahian, infanteriako kapitain izendatu zuen eta nobleen seminarioan eskolaratu. Bertan Francisco Xabierrek goi mailako hezkuntza jaso zuen.

Francisco Xabier Castaños Cadizen sartu zen Savoiako erregimentuan, hamasei urte baino ez zeuzkala, aita hil ostean. Bizimodu militarrari ekin zion, bada, Gibraltarreko blokeoan; geroago, berriz, Menorca hartu zuen, Oran setiatu, Ceuta eraso eta 1782an parte hartu zuen Espainia eta Frantziako ontzidiek egin zuten borrokaldian. Koronel mailara igarota, Afrikako erregimentuaren agintea gomendatu zioten eta horren buruan jardun zuen lehenik Rossellóko gerratean eta gero, 1793an, San Martzialen defentsan, non frantsesek larri zauritu zuten.

1804an jeneral-orde maila eskuratu zuenez gero, Portugaleteko alkate aldarrikatu eta izendatu zuten. Poz-pozik horregatik, oso harro baitzegoen euskalduna izateaz, eskerrona agertu nahian, bere burua eskaini zuen agente moduan jarduteko, portugaletetarren interesen alde. Udalak, jakina, behin baino gehiagotan erabili zuen Castañosen eskua.

Napoleonen inbasioak Gibraltarren harrapatu zuen eta berehala joan zen Rondara. Bat-batean sei mila laguneko konpainia mistoa elkartu zuen eta horren eskutik egin zion aurre Despeñaperros aldea hartuta zeukan Dupont mariskalari. Bailengo lautadan borrokatu ziren 1808ko uztailaren 19an eta Castaños izan zen garaile. Dupontek ezpata eskuratu zion eta Castañosek guztiz adeitsu tratatu zuen. Borroka horretan apurtu zen Napoleonen tropak garaitu ezinak zirelako mitoa eta hortik aurrera arras aldatu zuen Frantziako inperioaren patuak.

1812an Gernikako Batzar Nagusiek ahaldun nagusi eta aberriaren aita izendatu zuten, “Jaurerriaren osasun, ongizate eta askatasunaren alde” egindako ahalegina eskertu nahian.

1833an Gaztelako Gorteetako presidente egin zuten eta Bailengo dukerria eman. Portugaletek berriro hautatu zuen alkate eta sindiko nagusi, berriz, Laureano de Jado portugaletetar foruzale argia. Bide batez esan dezagun Laureano Dejado Fernandez abizenak zituela hasiera batean, “dejado”k “abandonatua” esan nahi zuelarik; meategietan dirutza eginda, abizenak aldatu zituen eta ordutik aurrera Jado Venero izan zen.

Castaños jenerala Erregentziako Kontseiluko kidea izan zen eta, nahiz eta erregegaiak beregana erakarri nahi izan zuen eta Tomas Zumalakarregi iloba ere haren aldekoa zen, Francisco Xabierrek isabeltarren alde iraun zuen.

Erreginaren tutorea izan zenez gero, Portugaleteko markes titulua eman zion 1850ean. Erabat poztu zen Francisco Xabier Castaños titulu horrekin. Bizkaiko jaurerrian herri izena zeukaten tituluak (agian Castañosena aurrena izan zen) foruaren kontrakoak ziren, baina forua hilzorian zegoen.

Castaños jenerala 1852an hil zen. Azken urteetan gobernuko agente gisara iraun zuen, arbasoen hiriari maitasuna eta eskerrona agertu nahian. Haren eragina, ordea, ez zegokion haren mailako pertsonaiari.

Castañosen nortasunean nabarmenak izan ziren beti xumetasuna eta adeitasuna.

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200