

UZQUIANO, GREGORIO
Mariaren Neskameen ongilea
Portugaleteko kale-izendegia aztertuta, bizimodu arrunt aspergarriko lagun batzuk topatu ohi ditugu; ekintza jakin bakar batek, ordea, egin zituen kale bati izena emateko duin.
Gregorio Uzkianoren aita Joan Uzkiano santurtziarra zen eta ama, berriz, Joxepa Lautier bilbotarra. Portugaleten jaio zen 1853an.
Hala Gregorioren nola haren familiaren berririk ozta dugunez gero, suposatzen dugu, XIX. mendeko euskaldun askoren moduan, Ameriketara diru bila abiatu zela.
Ez dakigu, halaber, nola bizi zen, ezta nola aberastu zen ere. Suposatzen dugu, dena den, garaiko indiano gehienen moduan, lan handia egin zuela, ekimenaz eta asmamenaz egin ere. Badirudi, dena den, Argentinan ibili zela eta Santu Tome hiriko emakume batekin ezkondu zela.
Jarrillero peto-petoa izanik, jaioterrian eman nahi izan zuen zahartzaroa eta, alarguna zela, bakarrik etorri zen Portugaletera. Diruduna zenez, hotelean kokatu zen bizitzera. Hotela loraldian zebilela XX. mende hasiera hartan; bertan luxu handiegirik gabe eta bake gozoan eman zituen Uzkianok bere azken urteak.
Urte horietan laguntza izpirituala eta materiala egin zioten Mariaren Neskameek. Zaindu ere egin zuten gaixorik zebilenetan.
1914an, 72 urte zituela, hil zenean, mojek emandako arreta eskertu nahian, testamentuan aipatu zituen.
Andre erlijioso horiek aurreko urtean ezarria zuten komentuko lehenengo harria eta, Uzkiano jaunak bere dirutzaren erdia utzi zienez gero, bukatu zuten gero lana. Beste erdia asilo-ospitaletxeari utzi zion.
Horregatik Udalak Gregorio Uzkiano izena jarri zion kale bati, Ojillo kaleari hain zuzen. Hala ere, izen hori eman zitzaionetik urte asko igaro diren arren, jendeak oraindik ere esaten dio Ojillo, izen zahar maitea delako.
Kalea ere oso maite dute portugaletetarrek. Aspaldian Ojillo kalean zeuden Menes eta Palacios okindegiak; Pradas tailerrak Rastrillako masustondoaren alboan zeuden eta gaseosa fabrika bi, Sirimiri eta Berriatua, ere bazeuzkan kaleak. Bion jabeak oso ezagunak ziren herrian eta benetako aitzindariak gaseosa-limonadaren fabrikazioan.
Aromatar obra-kontratariak ere bizi ziren Ojillon eta beren finkan eraikuntza-materialak uzten zituzten. Finka hura gaurko Gipuzkoa kalea dagoen tokian zetzan.
Finka haren ondoan, beste bat zegoen, Palaciosena, alegia. Palaciosen finkak kalezulo batera ematen zuen eta kalezulo hori, hainbat ortu zeharkatuta, mojen garbitokian bukatzen zen. Gero, mojen komentuan Goitia finka handia (gero Eguskiagirre izena hartu zuen) hasten zen. Finka hartan jauregi-oinetxea zetzan eta zuhaitz zabartsu batzuk ere bazeuden. Goitia finkaren aurrean San Roke zelaia zabaltzen zen, zeina geroago kirol zelaia izan zen. Horregatik eraiki behar izan zuten San Roke baseliza kalearen bukaeran.
Jurgi Savinen klinika ere bazegoen Ojillo kalean, eta Jose eta Herminioren ikaztegiak. Eta kaleko biztanle ezagunenak aipatzekotan, esan dezagun 1. zenbakiak Benito Okariz danbolin-jolea eta Laureano suhia bizi zirela. Laureanok krabelin gorria ohi zeraman papar-hegalean eta udaletxeko langile fina zen. Gorago bizi ziren, halaber, Mariano Pozo, gizon zintzoa, drogeriako txabusina zuriaz jantzita beti, eta Galeana suhiltzaile, ehorzle eta kedar-garbitzailea; Galeanak txapliguak botata esnarazten gintuen denok San Roke egunean.
Kale erdialdean iturri bat zen, eta ormigoizko bloke bat, zeinaren gainean San Roketxu egunean eszenatokia ezarri ohi zuten. Eta, haurrak ginela, askotan abesten genuen hau:
A la entrada del Ojillo
lo primero que se ve
es el cacharro de Sirimiri
con las ruedas del revés.