

ELLACURÍA BEASCOECHEA, IGNACIO
Askapenaren teologoa
Lan hau prestatzen genbiltzala, konturatu ginen ezin genuela filosoforik aipatu, Portugaleten bi ospetsu egon arren (Xabier Sádaba eta Ignazio Ellacuría, alegia), artean bizirik zeudelako.
Biek ekin zioten Teologia ikasteari. Sádaba Madrilgo Unibertsitatean idatzi zituen artikulu eta liburu ugari eta oso ezaguna egin zen, filosofo gazteen ordezkari gisara. Ellacuría, berriz, El Salvadorreko Unibertsitatean askapenaren teologiaren adierazgarri gorenetako bat bilakatu zen.
1989ko azaroaren 16an Ignazio Ellacuría eta beste zazpi lagun hil zituzten. Berriak kolpe latza eman zigun egunkarietako azaletatik.
Ignazio Portugaleteko oftalmologo ezagun baten semea zen. 1930eko azaroaren 9an jaio zen Castaños Jenerala kaleko 2. zenbakiko bigarren solairuan. Familia osoa zen oso erlijioso eta katolikoa, Gerra Zibilaren ostean hiri guztian ohikoa zen bezala. Eta orduko katolizismoaren ordezkari nagusia Ángel Chopitea parrokiako artzapeza zen. Chopiteak antolatutako erlijio ekitaldi eta eukaristiaren kongresu ugarietatik abiatu ziren Portugaleteko mutiko asko apaiztegira.
Ignaziok, anaiek bezala, Tuterako San Xabier apaiztegian ikasi zuen. Gero, Jesusen Lagundian sartu zen, nobiziotza Loiolan egin zuen eta, 18 urte zeuzkala, apaiz egin aurretik, Ertainamerikara bidali zuten prestakuntzara.
El Salvador eta Ekuadorren hiru urtez ikasi zituen gizarte zientziak eta filosofia. Beste hiru urtez ikasi zuen teologia Innsbruck-en (Austria) eta beste bat eman zuen Irlandan. Filosofiako Doktoretza Madrilen egin zuen, betidanik izan baitzuen filosofiarako joera.
Doktoretza tesia Xabier Zubiri filosofoari buruz egin zuen, haren ikaslea izanda. Zubirik bihotzez maite zuen Ellacuría eta estimu handia zion lankide gisara.
Ellacuríak geroago hil zuten Romero apezpikuarekin ere lan egin zuen San Salvadorren eta 1979an UCAko ( Universidad Centroamericana , Ertainamerikako Unibertsitatea) erretore izendatu zuten. Irakasle eta gizaki moduan iritsi zuen maila gorenari esker, nazioartean egin zen ospetsu, hitzaldi asko eman zuen eta artikulu eta liburu batzuk idatzi ere bai.
Askapenaren teologiaren arabera, Jainkoaren kontrakoak dira miseria eta zapalkuntza, gizakiak desitxuratu eta hiltzen dituztelako. Gizakien askapena, beraz, Jainkoa baieztatzea baino ez da.
El Salvador baketzera emana, ia 400 kudeaketa egin zuen: gerrillarekin, gobernuarekin eta estatubatuarrekin ere; maila gorenean, bada, hitz egin zuen.
Gerrillaren indarkeria ere gaitzetsi zuen arren, Joan Paulo II. aita sainduak ez zuen ondo hartu eta behin baino gehiagotan deitu zuen Erromara. Erroman beti ere eduki zuen Pedro Arrupe jesuita bilbotarraren laguntza, adiskide minak baitziren. Ahal zuenean, bisita egiten zion familiari eta San Mames futbol zelaira “lehoiak” ikustera ere ohi zihoan. Bisitaldi horietako batean, Salamancan hautatu zuten Iberoamerikako erretore guztien presidente. Hortik El Salvadorrera itzuli eta handik gutxira erail zuten. Aurrean ere hainbat atentatu pairatu zuen Ellacuríak.
Ellacuríaren oso antzera erail zuen, zazpi urte lehenago, Ugandako armadak Osmundo Bilbao. Muskizen jaio zen 1944an; haurtzaroa eta gazte denbora, berriz, Portugaleten eman zituen, aita parrokiako abesbatzaren zuzendaria zela.
Teologia ikasi zuen Italian, abade egin eta Ugandara abiatu zen. Urte iskanbilatsuak izan ziren haiek, gerrilla eta armada elkarren kontra borrokatzen baitziren. Haren ospe handia zela kausa, Osmundo Bilbao Ugandari lagundu nahi zioten nazioarteko erakunde guztien erreferentea izan zen.