Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

CORTÁZAR, ISIDRO

nofoto.jpg

CORTÁZAR, ISIDRO
Musika-pedagogo agustindarra

1881 - 1966

Tomás Epalzak 1875ean Kai Berrian San Tomas Villanuevakoaren kapera fundatu zuen. Izan ere, haren izeneko santuaren deitura eman zion kaperari. San Tomas Villanuevakoa, Valentziako artzapezpikua, agustindarra zenez gero, Epalzak agustindarrak hautatu zituen kapera goberna zezaten.

Horrela etorri ziren Portugaletera agustindarrak. Geroago, 1902an, Kasilda Iturritzar Epalzaren alarguna, ere hil zenean, haren testamentuaren arabera, Kasilda Iturritzarren eskolak hasi ziren martxan, horiek ere agustindarrek zuzentzen zituztelarik.

Horrela, Kasilda Iturritzarren lorategi guztiak ortu handi bilakatu ziren, fruta-arbola eta guzti; bertan ibili ohi ziren paseoan fraideak eta, María Díaz de Haro kalearen gaineko metalezko zubi bat zeharkaturik, kaiko kaperara iristen ziren.

Zubi hori terraza baten azpian zegoen eta terrazan pergola epel freskagarri bat zetzan, kaleko murru naturalaren gainean, non geruza karetsuek geologia irudi bitxia egiten baitzuten. Fraideen begiratoki ohartugabe horren tokian, behin ortu osoan etxeak eginda, eguneko Aita Kortazar agustindarraren kalea datza.

Agustindarrek hirurogeita hamabost urte eman zuten Portugaleten eskolak doan ematen. Horien artean Isidoro Kortazar gogoangarrienetako bat dugu.

Meritu askoko gizona izanik, ez dakigu zein den aipagarriena: gazteen hezitzaile, abesbatzaren zuzendaria eta aszeta izatea, haren bizimodu doi zorrotza edo giza sen sakona. Horrelako izaera zela kausa, belaunaldi bateko baino gehiagoko ikasleek eta ezagutu zuten portugaletetar guztiek maite izan zuten.

Aita Kortazar Durangon jaio zen 1881ean eta, irakasle ez ezik, musika konpositorea ere izan zen; gainera, Portugalete bihotzez maite zuen.

Kemena, indarra eta musika zaletasuna kutsatu zien inguruko guztiei eta, horiek horrela, kantu-elkarte bat fundatu zuen: Maria Sortzez Garbiaren Schola Cantorum, alegia. Elkarteko aurreneko presidentea José María Garmendia izan zen eta bigarrena, aldiz, José María Bellido.

1927 eta 1928. urteetan, Kortazar zuzendaria zelarik, Scholan ehun eta hogei ahots misto bildu zuen. Egoitza Kale Berriko (Kasilda Iturritzar kalea) ikastetxeko etxabean zeukan.

Aita Kortazarrek gogoz jardun zuen talde handi haren buruan. Scholak hainbat bira egin zuen eta arrakasta handia lortu, ospe bikaina bereganatu arte. Kortazarren ikasle onenetariko bat Alfredo Cobos izan zen. Musikarako dohain handia zuela ikusita, Kortazarrek musika pieza batzuk moldatu zizkion, bakarlari moduan interpreta zitzan.

Aita Kortazar Portugaleten hil zen 1966an, laurogeita bost urte zituela.

Portugaleten nabarmendu zen beste agustindar bat Migel Cerezal dugu. Literatura eta arte zalea zenez gero, Portugaleteko historia ikertu zuen parrokiaren eta udal artxiboetan. Gaiari buruz eskuratzen zitzaion guztia irakurri omen zuen.

1928an Eusko Ikaskuntzak omenaldia eginda Carmelo Echegaray adiskideari, oso lan interesgarria idatzi zuen, “Iglesia de Santa María de Portugalete” izenekoa, zeinean elizaren deskripzio osoa egiten duen, arte eta historiaren ikuspuntua hartuta.

Cerezalek agustindarrek Gernikan zuten komentuan idatzi zuen lan hori, zeinean badioskun 1919an datuak biltzen zebilela lan bat Portugaleteko iraganaz argitaratu ahal izateko eta espero zuela laster kaleratzea.

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200