

ASTONDOA, JOSÉ
Danok-Bat zortzikotearen fundatzailea
Joseren aita, Bartolome Astondoa, Arratiako bilaroztarra eta lan-maisua, Portugaleten bizi zen. 1900. urtean jaio zitzaion Jose semea.
Jesus eta Nacho anaiekin batera, ontzigintzan aritu zen Jose. Hortaz esan beharra dago, besteak beste, ontzigintzak eman ziola izena Portugaleteri iraganean.
Izan ere, ontzigileek eutsi zioten XX. mendean erriberako arotzeriari, gure herrian hilzorian dagoen ogibide horren azken-azkenak izanik.
XX. mendearen hasieran arrantza-ontziak egiten zituzten gehienbat (Jose Astondoa arrantzale sutsua zen); gaur egun, berriz, laketontziak dauzkate lantegi, beste aro batean gaudelako seinale.
Estropadak ere bazituen gogoko Josek. Horregatik diseinatu zuen 1931n “Canilla” trainerua, eta egin ere egin zuen. Haren patroi Aurelio Llanos ospetsua izan zen horren osteko urteetan.
Dena delarik, Jose Astondoa musikazale izateagatik dago portugaletetarren gogoan. Amenabar maisuaren ikaslea izan zen hasiera batean, eta udal bandako kide; hortaz, parte hartu zuen 1932ko sanferminetan Iruñako lehiaketa entzutetsu hartan.
Pedro Lizarragak zuzentzen zuen abesbatzan ere baziharduen Astondoak eta abesbatza hori desegin zenean, haren hutsa betetzeko, beste bat sortu zuen, Danok-Bat alegia, 1932an hogeita hamar kantari zuelarik. Astondoak sortu zuen, bestetik, Euskal Herriko aurreneko zortzikotea eta Zortzikoteen I. Mundu Lehiaketa sustatu zuen: 1932an egin zen Portugaleteko plazan eta ordutik aurrera egin zen ofizial “zortzikote” berba.
Danok-Bat zortzikotea, beraz, Adiskideak eta Abesbatza izenekoak ere bazeuzkan Astondoak ardurapean. Horien eskutik aurkezten zen garaiko lehiaketetara.
Horiek horrela, 1935ean, Bilboko Arriaga antzokian egin zen zortzikote lehiaketan, hiru sari nagusiak eskuratu zituzten bi modalitatetan. Lehen modalitatean Adiskideak garaitu zen eta bigarren, berriz, Danok-Batek egin zuen. Bigarren kategorian, aldiz, Abesbatza izan zen garaile. Arrakasta handia izan zen hura Portugaleterentzat, maila handiko zortzikoteak lehiatu ziren-eta.
Esan bezala, Astondoa zen hiruen prestatzaile; zuzendari gisara, berriz, Pedro Alonso, Julio G. Alegría eta Primitivo Díez aritzen ziren.
Gerra Zibilak hala udal banda nola abesbatza desegin zituen. Gerra bukatuta, berriz, Astondoak berriro elkartu zituen musikariak, bandaren zuzendaritza hartu zuen eta bertan aritu zen 1944an zigorra zeukan titularrari itzuli zioten arte.
Abesbatza ere berregin zuen eta Danok-Bat zortzikoteak, Primitivo Díez zuzendari zuela, 1941.ean egin zituen, Madrilen eta Toledon, lehenengo emanaldiak; hortik aurrera beste asko etorri ziren.
Astondoa 1952ko abuztuko igande batean hil zen, oso gustukoa zeukan amuko arrantzan ari zela.
Ordutik aurrera Alfredo Cobos arduratu zen zortzikotea zuzendu eta prestatzeaz. Cobos 1932tik aurrera aritzen zen Adiskideak zortzikotean zuzendari eta kantari. Geroago, berriz, Danok-Batera igaro zen eta 1943an parte hartu zuen Bilbon gerra ostean antolatu zen aurreneko zortzikote-lehiaketan. 1950ean Astondoak horren zuzendari izendatu zuen eta bertan aritu zen 1984a arte.
Cobosen zuzendaritzapean Danok-Bat zortzikotea bikain eta ospetsu egin zen. Horren frogagarri esan dezagun 1968 eta 1969an Euskal Herriko txapelduna izan zela eta 1972an, Arezzon-n (Italia) hirugarren egin zuela nazioarteko lehiaketa batean.
Espainiako hiri nagusietan, ia Europa osoan eta Hegoamerikan ere arrakasta lortu zuen eta Udalak “Danok-Bat zortzikotea” izena eman zion herriko kale bati. Gainera, osakideei herriko dominak, urre, zilar eta brontzezkoak, eman zizkien eta ohorezko zutoihala ere bai.