Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

CONDE PELAYO, JOSÉ

conde_pelayo.jpg

CONDE PELAYO, JOSÉ
Pobreen medikua

1847 - 1922

Juan José Conde Pelayo librepentsalari praktiko bat zen. Horrelakoek, garaian, gizakien alde egiten zuten gehienbat, ukitu ezin guztiaz kamusturik.

Portugaletera etorri zenean herria puritano hutsa zen. Horregatik, mediku plazaz jabeturik arren, kontra izan zituen goi mailako portugaletetarrak. Gizalegez baina hotzik hartu zuten, inork ez zuelarik Conde medikuari deitzeko asmorik, nahiz eta oso gizon ikasia izan. Neurri batean behintzat horren harrera hotza izan zuelako eta izaerak ere horrexetara bultzatzen zuelako ia jende xume dirugabea baino ez zuen bezero. Filantropian aritu zen Conde Pelayo askotan; besteak beste, dirua utzi ohi zuen gaixoen burukoen azpian eta dendan jatekoak erosi eta gaixo pobreen etxera bidaltzen zituen.

Indalecio Prietok hauxe esan zuen Conde Pelayoz artikulu batean: “Portugaleteko plazan, udaletxe ondoko atariko buruan, afixa bat dago hauxe dioena: “José Conde Pelayo doktorea – Mediku determinista”. Zer esan nahi du horrek? Bada, medikuak, gaixoa arreta handiz aztertu ostean, determinatu egiten duela zein gaitzek jotzen duen, baina ez diola errezetarik egiten; nahi izanez gero, beste mediku batzuek egingo diote errezeta; deterministak, ordea, sekula ere ez. Horrela agian adierazi nahi dute sendagaiak beldurgarriagoak direla gaixotasuna baino. José jauna errepublikano amorratua da, Nicolás Salmerón-en jarraitzaile sutsua, zeinaren hitzaldi nagusiak buruz dakizkien. Ekitaldi politikoetan sekula ez da berez mintzatzen.

Hasteko, hauxe dio: “Halako eguneko bilkuran Nicolás Salmerón jaunak honela hitz egin zuen kongresuan: Diputatu jaun-andreak…” eta goitik behera errezitatzen du Salmerónen hitzaldia, akotazio eta guzti (“txaloak ezkerraldean”, “murmurioak eskuinaldean”). Akotazioak nabarmentzeko, alde batetik bestera mugitzen du burua, txalo eta murmurioen jatorria agertzeko. Ahoa lehortzen zaionean, ur zurrupada hartzen du eta paper orri batez lehortzen ditu ezpainak. Izan ere, horrexetarako daramatza soinean paper orriok, eta mukiak kentzeko ere bai. Behin orria erabilita, bolatxoa egin eta lurrera botatzen du.” Esan dezakegu, beraz, Conde Pelayok mende erdia baino lehenago asmatu zituela paperezko mukizapiak.

Juan José Conde Pelayo Kantabriako Pas haranean jaio zen. Aurrenik matematika ikasi zuen; gizateria asko maite zuenez gero, ordea, utzi zuen Irakaskuntza Libreko Madrilgo Institutua, bertan aritzen baitzen matematika irakasle, eta medikuntzara eman zen, ingurukoen alde egiteko egokiena zelakoan.

1922ko uztailaren 5ean hil zen. Hil zelako berria zabaldu bezain laster, haren etxe aurrera elkartu zen jendetza handia, dolumina adierazi nahian, eta biharamunean ere bai, medikuaren gorpua hilerrira eraman zutenean. Segizio modura joan zen herriko ideologia eta gizarte maila guztietako jendea.

Herri harpidetzaz ordaindu zioten panteoia, Moisés Huerta eskultoreak egina. Orduko hilerri zibilean kokatu zuten eta duela gutxi eraman dute erdira, Manuel Calvoren monumentuaren ondora.

Calvo Pelayoren altruismoak oso egoera larrian utzi zuen haren familia. Seme-alabetako batek, Volneyk, oposizioaz eskuratu zuen Bilboko Miguel Unamuno Liburutegiko liburuzain kargua. Baina hainbat aldiz kendu ziotenez gero enplegua eta soldata, azkenik hura bera kendu zuten kargutik eta espetxera eraman, politika zela kausa, Gerrate Zibilaren bukaeran. Hala Volney nola Delfina arreba guztiz pobreturik hil ziren; Volney Basurtuko ospitalean eta Delfina Portugaleteko ospitale-asiloetxean.

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200