Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

DE LASURTEGUI, JOSÉ GABRIEL

nofoto.jpg

DE LASURTEGUI, JOSÉ GABRIEL
Misiolari agustindarra

1776 - 1862

Lasurtegi oso famatu egin zen, merezimendu osoz, Perun. Portugaleten jaio zen 1776ko ekainaren 4an, aita durangarra eta ama, berriz, portugaletetarra zituela. Ezer gutxi dakigu, dena den, aita-ama eta beste hiru haurrideen gainean, amaren ama, María Assumpta Llovera, Portugaleten hil eta ehortzi zutela, ez bada. Senide asko Perura joan omen ziren eta gainontzekoak, berriz, Portugaletetik kanpora.

Lasurtegi ez omen zen gazterik joan Peru aldera. Gurasoekin batera behintzat ez zen joan, arreba txikia Portugaleten jaio baitzen 1791n. Baliteke, halaber, anaiarekin elkartzera joatea edo beste senide batzuekin, apika.

Agustindarrek Liman zeukaten komentuan bizi izan zen Lasurtegi eta sona handia lortu zuen gizon bertutetsua zelako eta lan itzela egin zuelako. Horri guztiari esker iritsi zen Peruko agustindarren nagusi izatera.

Teologia irakaslea ere izan zen. Lanak izenpetzeko Fray José Gabriel de Echevarría izena erabiltzen zuenez gero, biografoek perutartzat jo zuten, ez zekitelako haren benetako izena Lasurtegi zela. Oker horrek urte asko iraun zuen eta are handiagoa egin zen beste Etchevarría bat zegoelako, agustindarra hau ere, garaikidea, eta biak bizi zirelako Limako komentuan.

1955ean, ordea, Andrés Llorden aitak “Breve semblanza del venerable padre Fray José Gabriel de Echevarría, religioso agustino muerto en olor de santidad” liburuan okerra zuzendu zuen, horretarako oinarri hartuta Antonio Gómez Acebesek Sevillako San Agustín komentuaz idatzi zuen liburua. Gómezek, Lasurtegik utzi zituen paperen artean, jaiotza-agiria topatu zuen, zeinak haren benetako abizenak agertzen zituen, eta Portugaleteko semea zela ere bai.

1821ean, Peruko iraultza eta independentzia zirela-eta, baimena eman zioten etxera itzul zedin. Urte batzuk lehenago beste bizkaitar argi bertutetsua, Fulgencio Antonio Zabala, ezagutu zuen, eta, portugaletetarraren jakituria eta bertutea aitortuta, gogo-zuzendaritzat hartu zuen. Horregatik etorri ziren biak Bilboko San Agustin komentura bizitzera.

Hor bizi zen, bada, Lasurtegi denboraldi batez. Haren bizimoduaren berri zehatzik ez dakigun arren, denen jakina egin zen, ordea, haren bertutea. Geroago, gaixotu zenez gero, Sevillara aldatu zen, Agustindarren Etxe Handira, hain zuzen.

Etxe horretan bizi zen 1835a arte, urte horretan, gerrate zibila zela kausa, alde egin behar izan baitzuten agustindarrek. 1858an Sevillako Santa Karitatearen Anaiartekoan sartu nahi izan zuen “bizimodu hobea edukitzeko, pobreen eta Jainkoaren zerbitzupean”. Baietza eman zioten, bertutez merezi zuen-eta. bere etxean bertan egin zuen Lasurtegik zina, gaixorik zebilela.

Urte batzuk geroago, 1862ko otsailaren 11n, 86 urte zituela, gela apal batean hil zen, moja agustindarren komentutik gertu, komentu horren kapilaua baitzen.

Lete markesak “Un portugalujo ilustre” izeneko artikuluan kontatzen digu Anaiartekoak erabaki zuela, salbuespen legez, hileta ospatsua Etxe Santuan bertan egitea, hildakoaren bizimodu ereduzkoa eta bertutearen sona zirela kausa.

1959ko maiatzaren 2an, Portugaleteko Udalak, lasurtegi jarrilleroaren berri jakinda, Ajuria kale partikular zaharrari izena aldatu eta Gabriel Lasurtegi Fraidea izena ezarri zion.

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200