

MARTÍNEZ DE LAS RIVAS, JOSÉ M.
Meategietako industria-gizona
Sota eta Chávarri portugaletetarrez gain, beste bat ere nabarmendu zen XIX. mendeko abentura kapitalistan: Enkarterrietatik etorritako Martínez de las Rivas jaunaz ari gara.
1853an haren gurasoek, Antoniak eta Santiagok, Lexarza jauregia eraiki zuten, bertan bizi izateko. Hara aldatu ziren, bada, Bilbon jaiotako Jose Maria (3 urte) eta Francisco semeekin.
Francisco Martínez de las Rivas osabak “San Francisco del Desierto” edo Mudelako altzairu fabrika fundatu zuen, geroago beste batzuekin batera Bizkaiko Labe Garaiak osatu zituena. Horren ordain eman zioten Mudelako markes titulua eta Martínez de Lexarza abizena Martínez de las Rivas bilakatu zuen.
Jose Mariak, familiaren tradizioari jarraituta, oso meategi garrantzitsuak ustiatu zituen. Izan ere, haren meategiek eta Ibarra eta Chávarri anaienek Bizkaian ateratzen zen mineralaren ehuneko laurogei ematen zuten.
Hala eta guztiz, garaiko enpresa askotan parte hartu zuen arren, are gehiago dago jendearen oroimenean Sestaon, lehengusuak eskuratutako San Francisco fabrikaren ondoan, Nerbioiko ontziolak sortu zituelako.
Ontziola horiek eta geroago Nerbioikoak xurgatu zituzten La Naval izenekoak ere bai, Estatuaren kontratu bat betetzeko sortuta, Bizkaiko aurreneko ontziola modernoak izan ziren.
Oso nabarmena izan zen Martínez de las Rivasek garaiko grebaldi handietan enpresaburu gisara izan zuen jokaera. Lehenengo greba handian, 1890ean, Loma jeneralak ere hartu zuen esku eta Martínez de las Rivas barrakoien obligazioa kendu zuten enpresaburu nagusietako aurrena izan zen, obligazio hori kentzea eskatzen baitzuten grebalariek, 10 orduko lanaldiarekin batera.
1910eko grebak, berriz, 77 egun iraun zuen. Patroien batasuna hautsi egin zen, Martínez de las Rivasek iragarri zuenean lanaldiari ordu erdia kenduko ziola. Langileen alde azaldu zen, beraz, aberastasuna beraiei zor zielakoan. Patroien elkartetik bota zuten horregatik.
Beste greba orokor batzuetan (1917koan, kasu, 25.000 lagun ukitu zuena) Martínez de las Rivasek Sestaon zeuzkan fabriketan, ontzioletan eta San Frantzisko Labe Garaietan, men egin zien eskaera guztiei eta ez ziren gelditu.
Politikan ere jardun zuen Jose Maria jaunak. Alderdi kontserbatzaileko kidea zen eta, laguntza ofiziala zeukalarik, 1891n, Balmasedako barrutian, Chávarri eta Perezagua garaitu zituen. Hurrengo hauteskundeetan, 1896 eta 1898an, Bilboko barrutian hautatu zuten.
Garai hartan hautagaiek ez zeukaten euskarria emateko gaurko alderdi modernorik eta mota guztietako ustelkeria ohi zerabilten politikan. Martínez de las Rivasen metodoak, berriz, gainontzeko guztienen gainetik nabarmendu ziren. 1891ko hauteskundeetan, kasu, milioi erdi pezeta gastatu omen zuen botoak erosten.
1896tik aurrera, berriz, bere ontziolak gobernuaren kontrako gatazka zela kausa, independente aritu zen. Chávarrirekin zeukan liskarra leundu eta harengana makurtu zen. 1899an onartu egin zuen Chávarrik Senatuan eskaini zion postua eta “ La Piña ” izeneko taldearen laguntzaile egin zen. 1899, 1901 eta 1903an izan zen senatari, bada, eta gobernua estutu zuen, Bizkaiko industriari lagun ziezaion.
Francisco anaia ere enpresa-gizon bizi ekintzailea izan zen. Politikan Chávarriri berari egin zion aurre Balmasedako barrutian. 1916an, Abaroko etxean hil zenean, Jose Maria anaia baino hiru urte geroago, Nerbioiko ontzioletako administrazio-kontseiluko burua zen, anaiarekin batera fundatu baitzituen.
Franciscok jaso zuen herentzian Lexarza finka, eremuan bi etxe, hiru pabilioi eta kapera bat zeuzkana. Gerra zibilaren ostean, dohaintza bat tarteko, finka Jesusen Lagundiaren eskura igaro zen eta jesuitek gogo-ariketak egiteko erabili zuten. 1989an Portugaleteko Udalak erosi zien jesuitei, herri-erabilera izan zezan.