Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

ZUBELDIA, JOSÉ MANUEL

zubeldia_josemanu.jpg

ZUBELDIA, JOSÉ MANUEL
Eskola maisua

1856 - 1926

Zubeldia oso maisu maitea da herrian, bertute handiko gizona zelako eta Portugaleten hogeita hamar urtetan jardun zuelako.

1856an jaio zen Beasainen (Gipuzkoa). Ezer gutxi dakigu haren gazte denboraz eta ikasketaz. Badakigu, dena den, karlistadan (1872-1875) liberalen alde parte hartu zuela. Horri esker, geroago, semeak salbuetsi ahal izan zituen soldadutza egin beharretik.

Jose Manuel Zubeldia Oraa Bilbon bizi zen, maisu aritzen, 27 urte zituela, 1883an lekeitiar batekin ezkondu zenean. Hamabi seme-alaba munduratu zituzten: zazpi alaba eta bost seme, hain zuzen. Horietako bi, tamalez, jaio eta egun gutxitara hil ziren.

Handik gutxira bereganatu zuen Zubeldiak Portugaleteko maisu plaza eta Portugaletera aldatu zen. Portugaleten jaio zen haren seme-alabetako hirugarrena, Mario, ontzi kapitaina.

Portugaleten, bada, Eliz aldeko eskolaren kargu egin zen Zubeldia. Eskola hura gaur parrokia-etxea dagoen tokian zetzan. Bazeuden, egia esan, goi-aldeko eskola eta behe-aldekoa, eta Zubeldia behealdekoan izan zen maisu, 1922an erretiratu zen arte.

Herrian izan zituen ikasle ugariek pedagogo bikaina daukate gogoan, nortasun handikoa, eta langile fin-fina. Ikasle horiek utzi dizkiguten pasadizoetako bat agertuko dugu hemen. Bazeukan Zubeldia maisuak “bertutearen makilatxo” bat. Egia esan, makilatxo bi ziren, bata luzea eta bestea laburra. Gutxien ikasten zutenekin eta hezkuntza txarrekoekin ohi zerabilen. Hala eta guztiz, ez zuen gogoko haurrak jotzea eta zigor moduan bazkaldu gabe uzten zituen edo komunean ixten zituen ordu batzuetan.

Herriaren kultura eta hezkuntza maila gora eraman nahian, bada, helduen prestakuntzan ere aritu zen Zubeldia: gaueko eskola ematen zuen Kristo plazako kaserna-etxean. Arte-lanbideen eskola hartan marrazketa, zizelkatze eta modelatze eskolak eskaintzen ziren, betiko ikasgaiak ez ezik, noski; hots, aritmetika, geometria, fisika, etab. Lantegi horretan beste maisu batek lagundu zion Zubeldiari: Ruperto Medinak, alegia. Adiskide minak ziren biak, nahiz eta Medina hamabi urte gazteago izan Zubeldia baino.

Zubeldiak izugarri maite zituen literatura, opera eta zartzuela. Sarritan zihoan, beraz, Portugaleteko antzoki txikira edo Bilbora. Futbola ere gustukoa zuen; eguraldi txarrenari ere egiten zion aurre partida ona ikustearren. Guillermo semea atezaina izan zen Portugaleteko futbol taldean.

Egindako lana eskertu nahian, Udalak kale bati eman zion Zubeldia Maisua ( Maestro Zubeldia jatorriz) izena. Zubeldiak berak, adiskide apur batzuen aurrean, agertu zuen kaleko plaka eta berba batzuk zuzendu zizkien.

1926an hil zen. Panteoian busto bat dago eta brontzezko plaka bat, hauxe dioena: Recuerdo de sus discípulos (Ikasleek gogoan zaituzte ).

Hil eta urtebetera inauguratu zen, haren izeneko kalean, Portugaleteko lehenengo eskola modernoa, Emiliano Pagazaurtundua arkitektoak egina. Hara igaro ziren Eliz Aldeko ikasleak. Eskola berriko zuzendaria Mateo Hernández Pérez izan zen. Urte hartan bertan iritsi zen Portugaletera eta erretiratu arte (1950) gelditu zen. Aurrekoek bezala, aztarna utzi zion portugaletetarren belaunaldi askori eta berak ere kale bat du bere izena duena. Halaber izan ziren oso ezagunak eskola horretan Paz María Pérez maistra, berrogeita hamar urtetan aritutakoa, eta geroago, Ángel Marco nafarra. Marco 1983an erretiratu zen, maisu gisa 30 urte emanda. Udalak omenaldia egin zion.

Eskolak hasiera batean Zubeldia Maisua izena zeukan. Udalak, ordea, Ateneoak eskatuta, 1931n izena aldatu eta Francisco Giner de los Ríos ezarri zion. Gerra zibilaren ostean, aldiz, Vázquez Mella izena eraman zuen denboraldi batez, baina gero Zubeldia Maisua izan zen berriro eta betiko.

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200