

ZALDUA, JOSÉ
Ospitale-asiloetxeko sendagilea
“1910eko martxoaren 13an iritsi nintzen Portugaletera. Musika Banda jotzen ari zen eta Benito Okariz herrikide danbolin-jolea agurtzera joan nintzen. Deigarria egin zitzaidan, Nekaldi Igandea zelarik, musika entzutea, Zumarragan eten egiten baitziren kontzertuak denboraldi hartan.”
Horrela agertu zigun Zaldua doktoreak bere etorrera, Madrilen doktoretza eskuratu eta urtebetera. Doktoretzako ikasgai guztietan ohorezko matrikula lortu zuen Zalduak, eta karrerako guztietan ere bai, denentzat nahikoa eman zuten batean izan ezik.
Zumarragarra zen Zaldua, nahiz eta Habanan jaio 1884an. Valladoliden ikasi zuen; barruko mediku gisa lan egin zuen hango ospitalean eta ederki trebatu zen medikuntza praktikoan. Honela dio geroago Zalduaren kontaketak: “Zergatik etorri nintzen Portugaletera? Bada, garai hartan baneukan nik Portugaleten bizi zen paziente bat, artean erabat sendatu gabea. Horrexek animatu ninduen etortzera. Gazte nintzela, etorri nintzen eta hasiera batean apopilo moduan bizi izan nintzen Segundo Palaciosen etxean. Hilabete batzuk eman nituen hor, ama etorri eta gure etxea prestatu arte.”
Urte batzuk geroago, Benedikta Alberdirekin ezkondu zen. Emakume benetan aparta zen Benedikta, zeren, emaztea eta ama ez ezik, Zalduaren idazkaria, erizaina eta laguntzailea ere izan zen.
Valladolideko ospitalean ikasitako guztiaz ederki baliatu zen Portugaleteko ospitale-asiloetxean jardutean. Izan ere, ospitale handi-handi bilakatu zuen Zalduak. Zati batean zahar-etxea zen eta, bestean, berriz, ospitalea: doan hartzen zituzten etxean ezin senda zitezkeen gaixoak. Eraikin nagusi horretatik aparte, beste pabilioi bat altxatu zuen gaixo infekziosoentzat eta hirugarren bat, azkenik, arropa garbitu eta lisatzeko. Ebakuntza-gela bikaina ere bazegoen; ebakuntza garrantzizkoak egiten ziren hor: mozketak, bular minbizienak, etab. Azkenik, gaixoek aisialdian zeregina izan zezaten, ortua, oilategia, untxitegia eta behitegia zeuzkan ospitaleak eta, horrela, neurri batean behintzat, bere burua hornitzen zuen.
Lan ederra egin zuen, beraz, Zalduak mediku titular eta Udaleko Osasun ikuskatzaile modura. Dei guzti-guztiei erantzuten zien, ordu guztietan, eta lehentasuna ematen zien dirurik gabeko gaixoei. Hori guztia eskertu nahian, Udalak omenaldia egin zion 1954an eta Portugaleteko semetzako izendatu zuen. Gauza bera egin zuen hurrengo urtean ospitaleak eta 1960an, berriz, Madrilgo Medikuen Elkargoaren Kontseilu Nagusiak, Bilbokoak eskatuta, jaun txit argi moduan inskribatu zuen Zaldua Espainiako mediku ohoretsuen artean.
Portugaleten hil zen 1972an.
Hamabi urte lehenago hil zen Antonio B. Gurrutxaga, 1915etik aurrera Zalduarekin batera jardun ostean.
Antonioren aita kordobarra zen eta ama, berriz, gipuzkoarra. 1890ean jaio zen Kordobako herri txiki batean eta, aita hil zitzaionean, Genaro Gurrutxaga osabarengan kokatu zen bizitzen. Osabak eman zion, beraz, hezkuntza eta gidaritza gazte denboran eta horregatik erabili zuen beti osabaren abizena, aitarena (Berjillos) barik.
Osabak Santiago Konpostelakora joan behar izan zuenez gero, hiri horretan ikasi zuen medikuntza Antoniok. Emaitza bikainak lortu zituen eta geroago Madrilen egin zuen doktoretza.
Portugaleteko Udaleko mediku forentse plaza oposizioz lortuta, atzera utzi zuen aurreneko destinoa, Santiagoko ospitalea, alegia, eta Portugaletera etorri zen. Berrogeita bi urte eman zuen hemen, 1957an hil zen arte.
Gurrutxaga doktoreak doan hartzen zituen ospitaleko gaixoak, Zaldua doktore adiskidearekin batera. Txandaka, batak hilabete batean eta besteak hurrengoan, goizeko zortzietan egiten zuten ikuskatzea, Rikardo Adán praktikante eta mojekin batera.
Sendagile bi horiek hilda, eta zehatzago, Zaldua doktorea 1972an hil ostean, Anjel Alday, jaiotzez portugaletetarra, izan da egunero eta ordainik gabe ospitalearen kargu egin den mediku bakarra. Aldayk, beraz, gure medikuen onena biltzen du: gorputz-arimaz pazienteei emanak, profesional bikainak, berenez xume eta apal... Horregatik guztiagatik biziko dira betiko portugaletetarron bihotzean.