Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

DE SALCEDO, JOSÉ JUSTO

salcedo_josejusto.jpg

DE SALCEDO, JOSÉ JUSTO
Azken itsaso-militar handia

1753 - 1825

Itsasketak XIX. mendean utzi zion bela eta egurrezko ontziak erabiltzeari. Gainbehera 1805ean hasi zen, Trafalgarreko guduan hain zuzen. Gudu hartan galdu zuten ingelesek Nelson almirante ezaguna eta espainolek, berriz, Churruca, Portugaleteko barra desegin zuenaren birraitona, alegia; baina beste portugaletetar bi ere hil ziren Trafalgarreko gudu hartan.

Pedro Otaola eta Jose Xabier Alberdi izan ziren haiek. Jaurerriak, ohorea aitortuta, pentsio bana eman zien haien oinordekoei.

Hala eta guztiz, hurrengo urtean Portugaletek poz handiz ospatu zuen beste portugaletetar bat, José Justo Salcedo, San Jakueren ordenako zalduna, alegia, erregeak itsas armadako teniente jeneral izendatu izana.

Mariano Ciriquiáinek inork baino hobeto emango digu José Justo Salcedoren berri. José Justo Salcedo, jarrillero peto-petoa, 1753an jaio zen. Garai azarotsu hartan Portugaleteko semeak itsas gizonak ziren gehienbat.

Gazte-gazterik sartu zen, bada, Espainiako armadan, itsas guardia gisara, eta ordutik aurrera agertu zen haren izena garaiko itsas gertakizun guztietan. Mantxa ubideko kanpainan, 1779an, San José itsasontziko ofizialetako bat zen, eta heroi baten moduan buxatu zuen Ingalaterrako armada bere portuetan. Hortik gutxira San Antonio xebekaren buruan topatzen dugu Gibraltar blokatzen. Orduko hartan itsasgizon eta agintari gisara jardun zuen. Ingalaterrako bailandra bat, Peggi izenekoa, urrundu egin zen ontziditik; Salcedok berehala agindu zuen haren atzetik joatea eta, azkenik, harrapatu eta suntsitu egin zuen.

Bi urte geroago kapitaina zen Salcedo Algerrera espedizioan zihoan fragata batean; Santa Gertrudis izenekoan, alegia. Kapitaina zela, bada, Algeriako xebeka bat harrapatu eta Cádizeraino eraman zuen.

1794an, Guerrero itsasontziaren nagusia zela, Joan Langararen kanpaina osoan egin zuen, Basileako Bakea arte. Cádizeko setioan, 1798an, Salcedo portuan zen, bere ontzian. Ingalaterrako ontzidiak itxita zeukan portuko ahoa eta ez zegoen, beraz, irteterik. Baten batek zabaldu behar zuen, bada, bidea, eta hara joan zen gure Salcedo bere ontziaz. Trumoi antzoa egin zuten kulebrina eta morteroek. Keak guztiz estaltzen zituen ontziko belak, sutan baleude bezala. Portugaletekoak, ordea, setia apurtu eta Indietara iritsi zen. Hortik esku bete urre itzuli zen, kanpainari berriro ekiteko prest.

Ingelesen aurkako egin zuten hurrengo gerratean, Cartagenako ontzidiko komandante zen Salcedo: zortzi ontzi handi zeukan aginpean eta beste hainbat txiki. 1806an teniente jeneral egin zuten eta, geroago, berriz, Almirantetzako kontseilu-kide.

Espainian Frantziarekikoak gertatuta, biztanleak bitan banandu ziren: batetik zeuden espainazaleak eta, bestetik, frantziazaleak. Salcedo espainiazale zen. Valentziako Armetako eta Defentsa batzordekide izendatu zutenez gero, Valentzia hiria defendatu behar izan zuen Moncey marexalaren tropen aurka.

Eta zer gertatu zen gero? Halako galdera egiten du Ciriquiáinek, Salcedo frantziazale bilakatu baitzen eta kanpaina osoa Bonapartetarrekin batera egin baitzuen. Horregatik, behin gerra bukatuta, Frantziara joan behar izan zen deserrira eta ez zen itzuli 1819ra arte.

Konspirazio eta matxinada batean parte hartu zuelakoan, atxilotu egin zuten Sevillan. Oso gaixorik zegoenez, berriz, ez zen espetxera joan eta etxean gelditu zen.

Riegoren matxinada gertatu zenean, aldiz, errehabilitatu zen eta pentsioa eman zioten. Denbora laburrean kobratu zuen, ordea, 1825ean hil baitzen San Fernandon.

Salcedoren atzean, beste azken itsasgizon jarrillero bat dugu XIX. mendean: Julian Salazar, “itsasgizon idazlea”, alegia. Salazarrek itsasketa ikasi zuen Santurtzin 1876an.

“Acaecimientos de un diario de navegación” liburuan azkeneko bergantinen joan-etorrien berri eman zigun eta “Los marinos vizcaínos” izenekoan, berriz, aspaldiko itsasgizonen balentriak kontatu zizkigun. Behin-behineko alkatea ere izan zen 1885ean.

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200