Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

DE DURAÑONA, JUAN VICENTE

nofoto.jpg

DE DURAÑONA, JUAN VICENTE
Repelegako ongilea

1844 - 1904

Juan Vicente Durañona Santacoloma jauna Rivas auzunean jaio zen 1844an. Garai hartan Rivasen baserri apur batzuk baino ez zeuden, Repelegan eta Galindon bezala, eta baserritarrak behi eta ortuetatik bizi ziren. Santurtziko udalari zegozkion, herriko erdigunetik banandurik eta urrun bizi baziren ere.

Repelega auzunearen erdian, arboladi eder baten ondoan, San Kristobalen baseliza zetzan aspalditik. Auzokoek bihotzez beneratzen zuten San Kristobal eta festa egunean portugaletetar asko ere bazetozen baselizara, inguruko belardietan erromeria egitera.

Karlistadak zirela kausa, baseliza suntsitu egin zen eta auzokoek berriro eraiki zuten. Dena den, guztiz ondo egin ez zutelako edo denboraren poderioz, apika, XIX. mendearen hondarretan itxi behar izan zuten. XX. mendearen hasieran, berriz, Durañonaren familiak, Ameriketan aberastuta, dirua eman zuen Repelegan San Kristobal parrokia egiteko.

Lurra Vicente Durañonaren eta Luis Salazar Zubiarena zen. Santurtziko lur zati hark aspaldian gatazka luzeak ekarri zituenez gero, hitzartu zuten, erabilera aldatuz gero, eliza eta lurra beren herederoen eskura itzuliko zirela edo, bestela, asilo-ospitaletxera edo Rivas, Repelega eta Galindo auzuneetako pobreen eskura joango zirela.

Eliza Portugaletetik gertu zegoela eta portugaletetarrak San Kristobalenganako jaieradunak izanik, Portugaleteko jurisdikzio pean jarri zuten. Auzunea, berriz, 1933an atxiki zitzaion Portugaleteri, biztanleek eskatuta, Portugaleten erosten zutenen arbitrioak ordaindu behar zituztelakoan. Gauza bera, baina alderantziz, gertatu zen 1886an La Chicharra auzunearekin eta urte horretan Santurtziri atxiki zitzaion.

1904an inauguratu zen, beraz, eliza, eta zabalik iraun zuen 1970eko hamarkadara arte, urte haietan behera bota baitzuten Lanbide Heziketa institutua egiteko.

Durañona auzuneetako umeen hezkuntzaz ere arduratu zen eta hainbat eskola eraiki zuen, kaperau-maisuek zuzenduko zituztenak. Maisu horietako bat, oso nabarmena, Federiko Martínez izan zen. Neska behartsuei ere laguntzen zien ezkontzen zirenean, baina horretarako eskatzen zien zintzo jokatu eta auzuneko eskoletara ere zintzo joan izana.

Vicente Durañona herriko alkatea izan zen 1884. urtean eta haren izena jarri zioten kale bati; ez, ordea, jaioterrian, Rivasen, baizik eta hilerriaren eta ur biltegiaren artean.

Sekula ez zen ezkondu eta Palencian hil zen 1904ko azaroan. Portugaleteko hilerrira ekarri zuten, dena den, eta senideak (arrebak eta ilobak) ahalegindu ziren Vicentek erabakitakoa bete zedin eta bere ongintzak aurrera iraun zezan, ospitale-asiloetxean batez ere.

Alexandro Gandarias Durañona iloba, Juan Tomásen lehengusua, Ospitale-Asiloetxeko Batzarreko aurreneko idazkaria izan zen eta ongile handia ere bai. Amelia Corralekin ezkondu eta Carmen Gandarias izan zuen alaba, zeina, familiaren eredura, ospitale-asiloetxearen ongile nagusia izan den urtetan, lan handiak eta beharrak hartu baititu bere kargu. Carmen Gandariasek ere badu bere izeneko kalea Portugaleten.

Ospitale-asiloetxearen beste ongile handi bat Martín Fernández-Villarán Fernández-Cormenzana jauna dugu. Valderrama herrixkan (Burgos) jaiota, Juana Iturralde portugaletetarrarekin ezkondu zen. Negozioetara eman, oso industria oparoa izan zuen gerra osteko urteetan. Garai latz haietan, jatekorik ere gutxi zegoela, denen laguntzan aritu eta gogor lan egin zuen ospitale-asiloetxeko batzarrean, zeinaren presidentea ere izan zen. Presidentetza utzi zuen 1953an eta omenaldi xeratsua egin zioten. Hurrengo urtean hil zen, 75 urte zituela.

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200