

DE LA COSA, JUAN
Mapagile eta itsasgizon itzaltsua
Juan de la Cosa piloturik onena izan zen Amerikaren aurkikuntzan, lurralde handiena aurkitu zuen eta aurreneko mapamundia egin zuen, zeinak gaur egun ere adituak harritzen dituen. Izan ere Joan de la Cosaren mapak Ameriketako kartografiari ekin zion.
Ez dakigu zehatz non jaio zen, ez eta noiz ere. Dudarik ez dago, dena den, garaiko itsasgizon nagusi askoren antzera, Portugaleten bizi izan zela. Baliteke, beraz, Laredon, Santoñan edo Castro Urdialesen jaio izana. Laredoko agiri batek behinik behin Laredoko biztanlea zela dio, baina Puerto de Santa Marían (Cádiz) ere bizi izan zen.
Lope García de Salazarren arabera, De la Cosa abizena Kantabriakoa zen. Gaur egun, ordea, Lakoza euskal abizenaren gaztelaniazko aldakitzat jo ohi da. Segundo Ispizuak, Ameriketako euskaldunei buruzko lan itzela idatzi zuenak, bizkaitarra zela dio. Hortaz esan behar dugu hainbatetan “Joan Vizcaíno” esan ziotela eta haren ontziari, hau da, Santa Maríari, aldiz, Mari Galante edo La Vizcaína ere esaten ziotela. Cristóbal Colónek berak badiosku, Santa María ontziko gizon guztiak edo gehienak De la Cosaren herrikoak zirela, euskaldunak zirela esan nahian.
Beste historiagile batzuen ustez, berriz, nahiz eta garai hartan Castro Urdiales herria Bizkaiari zegokion, De la Cosa portugaletetarra zen zalantzarik gabe, Portugalete garaian oso itsas portu inportantea baitzen eta De la Cosa abizena egon egon baitzen herrian, gero galdu bazen ere.
Portugaleteko historiagileei bagagozkie, Julio Gutiérrez Lumbrerasek beti esan zuen bere artikuluetan herrian mundu guztiak uste zuela De la Cosa portugaletetarra zela eta harekin batera Ameriketara joan ziren beste euskaldun batzuk ere bai.
1492an Colónek gonbita egin zion Joan de la Cosari Santa María ontzian pilotu moduan joan zedin. De la Cosak baietza eman zion. 35-40 bat urte zeuzkan orduan eta itsasgizon bikaina zen, merkataritzan oso aritua Iparraldeko itsasoetan. Andaluzian eta Afrikan ere ibilia zenez gero, ikasitako horri guztiari esker osatu ahal izan zuen mapamundia.
Bigarren bidaialdian (1493-1496) ere joan zen Joan ontzi nagusiko pilotu nagusi gisara. Antilla Txikiak, Puerto Rico eta Jamaika ibili zituen. Beste bost bidaialdi ere egin zuen, Colón gabe, ordea, elkarrekin gaizki moldatzen ziren-eta. Hirugarren bidaialdian (1499-1500), beraz, Ojedaren lehen pilotua izan zen eta Amazonas, Kolonbia eta Venezuelaraino iritsi zen. Izan ere, Venezuela Errepublikak izena De La Cosaren mapamunditik hartuta, aitatzat aitortzen du bizkaitarra eta aurkitzailetzat ere bai. Beste ibilera bat ere egin zuen Venezuelako kostaldean (1501-1503) eta, horren ostean, bosgarren bidaialdia Colónekin batera, kapitain nagusi gisara. Bosgarren bidaialdi horretan aurkitu zituen Trinidad eta Cartagena (1504-1506).
Indiarrekin merkataritzan aritu eta errege-erreginek emandako ordain eta sariei esker, zeharo aberastu zen De la Cosa. Hala ere, itsas bizimodua eta abentura oso gogoko zituenez gero, beste bi aldiz abiatu zen Ameriketara. Azkenengoan, Cartagenan zebilela, indiarrek eraso egin zien espainolei, lapurreten eta hilketen mendeku moduan, eta hogei bat gezi pozoidunek jo zuten De La Cosa. 1510eko otsailaren 28a zen.
Amerikaren aurkitzaileetako bat izateaz gain, De La Cosak zientziari ere egin zion ekarri garrantzizkoa. Esan ere esan daiteke, zientziaz ari bagara, De La Cosak aurkitu zuela Amerika. Portugalete herriak ez du merezi bezala aitortu kosmografo handi hau.