Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

GANDARIAS, JUAN TOMÁS

gandarias_juan.jpg

GANDARIAS, JUAN TOMÁS
Portugaleteko industria-gizon handia

1870 - 1940

1940an, Gerra Zibila bukatuta, hil zen Joan Tomás Gandarias Durañona Kai Berriko etxetzarrean. XIX. mendeko azken urteetan eta XX.aren lehen hamarkadan Bizkaiko industria garatu zuten enpresaburuetako bat zen.

1870ean jaio zen, azkeneko karlistada hastear zegoela, eta, esan bezala, Kai Berriko etxe paregabe batean hil zen, kutsu eta inspirazio ingeleseko jauregi eder batean, hain zuen; eta jaio ere oso etxe ezagun batean jaio zen, Kristo plazako etxe handian, alegia. Etxe hori Barrenkalearen muturrean zetzan eta armadaren etxea ere bazen: bertan gordetzen zituzten soldaduek tresnak eta jatekoak, eskoletan edo etxe partikularretan lo egiten zutenean.

Etxe haren atzealdera elkartzen ziren, jateko deia entzunda, hala soldaduak nola abereak; eta horregatik, hor “rantxoa” ematen zelako esaten zaio plaza horri Rantxeria plaza.

Juan Tomásek Zuzenbidea ikasi zuen eta familiaren negozioetan jardun zuen gero.

Gandarias familiak aspalditik zeuzkan burdinolak San Tomás Arrautzakoaren dorrearen ondoan. Gero meagintzan ere aritu ziren Gandariastarrak eta zerikusi handia izan zuten, halaber, Bizkaiko industriarekin, ezkontza-loturak zirela-eta, bat egin baitzuten meagintza arloko Durañonatarrekin.

Chávarri, Sota edo Martínez de las Rivas herrikideek bezala, Gandariastarrek siderurgia, nabigazio eta bankuen arloetan ugaritu zituzten negozioak eta albo batera utzi zuten, azkenik, beren aurreneko jarduera.

Juan Tomás Gandariasek “ La Vizcaya ” fabrikan egin zituen bere lehenengo negozioak, Víctor Chávarriren sozioa zela. “ La Vizcaya ” sozietate anonimoaren kapitala gehienbat Portugaleteko hiru familiari zegokien: Chávarri (Salazar adarra ere bazegoen), Durañona eta Gandariastarrei, alegia.

1902an Bizkaiko Labe Garaiak sortu ziren, neurri handi batean Gandariasi esker. Gandariasek, bada, parte hartu zuen enpresako lehen administrazio-kontseiluan, Benigno eta Félix Chávarri eta Salazar portugaletetarrekin eta Alexandro Gandarias Durañona lehengusuarekin batera.

Garai hartan siderurgiak bide eman zuen beste enpresa metalurgiko batzuk sortzeko eta, behin sortuta, haien administrazio kontseiluetan gizon berberak jesarri ziren. Horiek horrela, bada, Gandarias Deustuko Lantegiak eta La Basconia enpresetan izan zen kontseilu-kide eta meagintzan ere aritu zen hala Bizkaian nola beste lurralde batzuetan; Kordobako berun meategietan, esaterako. Horrek Bilboko Meagintza Elkarteko presidente izatera eraman zuen eta, negoziolari peto-petoa zela, esku hartu zuen beste hamaika jardueratan; burdinbidean, kasu (Bilbo-Portugalete trenbideko presidenteordea izan zen eta Amorebieta-Gernikako kontseilukidea), ontzi-konpainietan eta banketxeetan.

Politikan ere parte hartu zuen Gandariasek. Hogeita sei urte zituela, diputatu hautatu zuten Gernikako barrutian eta 1897an, Chávarri, Martínez Rodas eta beste batzuekin batera, “ La Piña ” izeneko elkartea (aberatsen alderdia Unamunoren esanetan) sortu eta etengabe izan zen diputatu, 1914.era arte.

1919an, “Liga de Acción Monárquica” izeneko alderdia sortu zenean, beste aldi bat hasi zen Bizkaiko politikaren historian. Alderdi hartan Luis Salazar eta Benigno Chávarri herrikideak zeudenez gero, Gandarias berehala atxiki zitzaion.

Gandariasek egin zituen Portugaleteko Kai Berriko azken bi eraikinak. Hirurogeita hamar urte zituela hil zen eta lurra Arrazuan eman zioten.

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200