

GUTIÉRREZ LUMBRERAS, JULIO
Pregoien poeta
Julio Gutiérrez Lumbrerasek oso atsegin zuen metrika. Portugaleteko bizimodua eta historia biltzea ere gustatzen zitzaion eta esku zabalik ematen zien horren berri herrikideei. 1936tik 1973ra, hil zen arte, urte bakar batean hutsik egin gabe, idatzi zituen jaietako pregoiak.
1897an jaio zen Portugaleten. Olerki asko idatzi bazuen ere, barreiaturik argitaratu zituen edo argitaratu gabe utzi zituen eta, Pedro Heredia garaikidea bezala, lanak herri argitalpen batean bilduta ez ikustearen penaz hil zen.
César González Ruano idazle eta kazetari ezaguna 1949an etorri zen Portugaletera iragaitzaz, baina bi hilabetez bizi izan zen hotelean. González Ruanok esan zuen Gutiérrez Lumbreras oso olerkari ona zela, belaunaldi modernistakoa eta, gaiei eta adierazpideari zegokienez, José Río Sáinz-en antza zeukala, José Río Sáinz Santanderrekoak ere kantatu baitzion Portugaleteko itsasadarrari eta idatzi baitzuen bere lehenengo maitea Portugaleten izan zuela.
Lumbrerasen lan batzuk aipatzekotan, Portugaleteko estropadei eskaini zien olerki ezagunaz gain, Rincones de la Villa (Hiriko Bazterrak) saila nabarmenduko genuke, olerkiotan Coscojales, Rantxeria, Kai Zaharra, Santa Klara eta Portugaleteko beste hainbat kale, plaza eta txoko aipatu baitzuen, beste olerkari portugaletetar batek, Romualdo Arcek, egin zuen bezala.
Aste Santuko irudietako ama birgin eta santu-santei ere eskaini zizkien olerki batzuk. Esku-orrietan argitaratzen zituen, pregoi moduan erabiltzeko. Olerki samur eder horien artean, Pietateko Andre Mariri eskainitakoa da nabarmentzekoa. Honela dio:
Pudo el amor secar los manantiales de tu amor entrañado a lo divino
y cegar esos ojos virginales que son luz que alumbra mi camino.
Poesia ez ezik, Portugaleteko historia ere bihotzez maite zuen Gutiérrez Lumbrerasek. Hala eta guztiz, bizimodua zeregin arruntago bati esker ateratzen zuen: bizargin eta ile apaintzailea zen. Ile apaindegia gaur egun Gizarte Etxea dagoen eraikinean zeukan, Portuko markesen etxe zahar ederrean, hain zuzen. Gutiérrez Lumbrerasek berak diosku idazki batean aspaldian itsas ertzean zetzala eta eskailera batzuk zituela, itsasadarrera jaisteko, eguneko plazako atzealdeko fatxadako arkupeetan. Etxe zaharra eraitsita, ikusi ahal izan zen herriko harresien gainean zegoela, behe aldeko horma lodietan puntu erdiko arku bat eta hainbat gezilehio agertu baitziren.
Horrelako historia-albisteak idatzi zituen Gutiérrez Lumbrerasek hainbat artikulu soltetan, kolaboratzaile baitzen egunkari zenbaitetan eta El Abra aldizkariko aholkulari ere bai. Interesgarriagoak omen dira, berriz, jai egitarauetan islatu zituen gogoeta eta bizipenak, mendearen lehenengo urteetakoak, berrogeita hamar bat idatzi baitzuen.
Hirurogeita hamasei urte zituela hil zen, udal agintariak ohartu gabe, Gutiérrez Lumbrerasek haiekin batera hamaika aldiz jardun arren.
Mario Ángel Marrodán-ek olerki hau eskaini zion:
De poeta a poeta.
Cuando un poeta se va
después de sembrar su huerto,
nunca queda en soledad
si lo que cantó fue cierto,
y su canto se oirá,
porque su canto, en verdad,
nos dice que nos dirá
que sigue vivo el que ha muerto.