Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

DE SALAZAR Y ZUBIA, LUIS

salazar_luis.jpg

DE SALAZAR Y ZUBIA, LUIS
Dorreko azken biztanlea

1859 - 1936

Portugaleteren historia guztian topatzen dugu aspaldiko nobleen familia bat: Salazartarrak alegia.

Joan Lopez Salazar, San Martinen bizi izandako izen bereko Salazartarren seme sasikoa zen eta Portugaleten kokatu zen aurrena, XIV. mendearen erdialdean. Apur bat geroago, 1380 inguruan, egin zuen dorrea. Gero, Lope Garcia Salazar biloba-ilobak, kronikagileak, erosi zuen. Haren ondorengo guztiak bizi ziren Portugaleten eta preboste kargua ohi zeukaten.

Loperen biloba bat Martin izan zen. Martinen semea Napolin hil zen, Bizkaiko baleztarien jenerala izanda. Martinek, bada, aitonaren Bienandanzas liburuaren kopia batzuk egin zituen eta horietako batek Portugaleteko olerkari ezezagun baten olerkiak dakartza, aurreneko Salazartar haien balentriak kontatzen dituztenak.

Lope Garcia Salazar biak aipatzen dituzte aurrenik eta Ochoa Salazar laudatzen dute gero, Ochoa, Espainiako Errege-Erregina Katolikoen garaian, mairuen kontra borrokatu baitzen; eta Granadaren konkistan ere hartu omen zuen parte. Bi belaunaldi geroago, Hernando Salazar aurkezten digute Gelvesen, Barbarrojaren aurkako borrokan. Beste Salazar bat Frantziako kapitain jenerala izan zen; beste bat, “Peti”, Maximiliano enperadorearen enbaxadorea eta gobernadorea Flandesen. Peroche Salazar Garellanon borrokatu zen Gonzalo de Kordobaren agindupean.

Azkeneko mendeotan, berriz, hiru Salazar aurkitzen ditugu Bizkaiko foru diputatu nagusi. XVIII. mendean, Francisco Antonio Salazar; XIX.ean, Benigno Salazar MacMahon; Benigno, 1894an, hil zenean, Bizkaiko gizon inportanteenetako bat zen. XX.ean, azkenik, semea Luis Salazar Zubia dugu.

Luis Salazar Zubia 1859an jaio zen. Gertutik bizi izan zuen XX. mendearen lehen hereneko politika. Senataria izan zen eta 1905etik 1908ra, berriz, Portuko Lan Batzarraren presidentea.

Aldundiko presidentea ere izan zelarik, gogor borrokatu zen tuberkulosiaren kontra eta 1911n, karguari utzi baino apur bat lehenago, Gorlizko ospitalearen aurreneko harria jarri zuen.

1919an, Gregorio Balparda eta Ramon Bergerekin batera, monarkiaren aldeko eta abertzaletasunaren aurkako elkarte batzuk batu eta Liga de Acción Monárquica izenekoa fundatu zuen. Batetik alderdi hori, bestetik sozialista eta, hirugarrenik, abertzalea 1920ko hamarkadako hiru indar politiko nagusiak izan ziren.

Alderdi berriari osaba atxiki zitzaion. Osaba Benigno Chávarri Salazar zen, Chávarri aurreneko markesa, hain zuzen; Benignok 1896tik ordura hartu zuen parte hauteskundeetan; diputatua eta senataria izan zen eta oso industria gizon boteretsua ere bai: besteak beste, Labe Garaien aurreneko kudeatzaileetako bat. Haren atzetik etorri ziren beste hainbat Salazartar negozio-gizon eta finantzari.

Luis Salazarrek, beste lan batzuk beste zirela, “Origen de trescientos apellidos castellanos y vascongados” liburua idatzi zuen. Liburuzale amorratua zen, eta historiazalea ere bai. Bizkaiko liburutegi baliotsuenetako bat zeukan. Tamalez, 1934ko iraultzan su eman zioten Portugaleteko dorreari eta liburu guztiak erraustu ziren.

Ongigilea ere izan zen eta dohaintza handiak egin zizkion hiriko ospitaleari. 1936an hil zen Bilbon, seme-alabarik gabe. Portugaletera ekarri zuten, bertako hilerrian lurra ematera. Bilboko Gran Vía ondoko lorategi batek dauka haren izena.

Salazar dorrea Udalak berregin zuen 1959an, arkitektoa Joaquin Irizar zela. Irizarrek almena batzuk jarri zizkion goialdean, nahiz eta jatorrizko dorrearena euskal dorretxe guztietakoa bezalakoa, almenarik gabea, noski, zen.

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200