

FERNÁNDEZ, LUIS
Udal Bandaren zuzendaria
Luis Fernández berrogei urtetan izan zen gure bandaren zuzendari. Pravia-n (Asturias) jaio zen 1897an eta musika Madrilgo Errege Kontserbatorioan ikasi zuen.
Luis Fernández Gómez, erregearen alabardarien zuzendaria zen Vega maisuarekin batera ikasi zuen kontrapuntua eta konposizioa. Karrera bukatuta, txirularen lehen saria lortu zuen eta Portugaleten, Amenabar hil berria zelarik, oposizioak antolatu zituztenez gero, hara aurkeztu zen Luis Fernández. Epaimahaian Jesús Guridi, Armando Marsik eta José Sáinz Basabe zeuden, burua Pedro J. Galíndez alkateordea zelarik. Aho batez eman zioten plaza, Teofilo Delsart eta Bizente Beovideren aurretik.
Portugaleteko jendaurrean aritu zen Fernández lehen aldiz 1924ko Erramu Igandean, Astakumearen prozesioan. Plazan eman zuen aurreneko kontzertua, berriz, zazpi egun geroago etorri zen, Pazko Igandean, hain zuzen.
Portugaletetarrek aurreneko egunetik bertatik ezagutu zioten balioa; goia, ordea, bi urte geroago jo zuen banda-erakustaldi batean, Bilboko zezen plazan: La Motte de Grinon maisuak, Bartzelonako bandaren zuzendari ohiak, bihotz-bihotzez eman zizkion zorionak Luis Fernándezi. Portugaleteko bandaz gain, Getxo, Santurtzi, Sestao, Barakaldo eta Galdakaokoak arituak ziren musikaldi hartan.
Beste batean, Gerra Zibilaren aurretik, 1929an, musikaldi gogoangarria eskaini zuen Iruñako zezen plazan, non Altsasu, Errenteria, Iruña eta Frantziako banda batzuekin batera aritu baitzen.
Luis Fernández musikari eta zuzendari bikaina izan zen. Gorputz osoan zen, gainera, musikari, haren mugimendu eta keinu bereziengatik batuta bat zirudien-eta, oinetatik bururaino. Zuzendari fina zen eta interprete ezin hobea. Oso ñabardura zailak lortu zituen haize instrumentuetan eta kritikariek benetan estimu handian zuten.
Kontzertuetarako lan eta moldaketa batzuk konposatu ziten, eta herri kantuak ere bai, zortzikote eta abesbatzetarako.
Koru musika ederki ezagutzen zuenez gero, Danok-Bat abesbatzarekin jardun zuen: haren euskarri sendoenetako bat izan zen, aholkua ematen zion eta prestakuntza ere bai, saio gogorretan, lehiaketetan parte hartzen zuenean.
1968an, erretiratu zenean, Udalak eta zortzikoteak omenaldia egin zioten. Zortzikoteak haren lan bi interpretatu zuen: “Mi querer” eta “A Logroño”, alegia. Omenaldia zela-eta eman zuen Fernándezek azkeneko kontzertua Portugaleteko plazan irailaren 29an, igandea, jendetza izugarri baten aurrean. Aurreko zuzendariari ere omenaldia egin nahian, azken pieza Amenabarren “Arraunlariak” izan zen. Solar plazan sekula entzun den txaloaldi handiena eskaini zioten portugaletetarrek Fernándezi eta maisuak agur esan zion egun ere gogoan daukan Portugaleteko jendeari.
Luis Fernández 1986an hil zen, 89 urte zituela. Haren atzetik, Ángel García Basokok zuzendu zuen Portugaleteko banda.
Petra Ruiz Beobiderekin ezkondu zen Luis Fernández. Petra, plazan oso taberna ezagun bat zeukan Martaren alaba zen. Petrak eta Luisek hiru seme-alaba izan zituzten. Hiruretako zaharrena, José Luis, Zuzenbideko doktorea da, kazetaria, Bilboko Ekonomi Zientzien Fakultateko katedraduna, RNEren Bilboko emisorearen zuzendaria eta Zuzenbideari buruzko hamaika artikuluren egile. Gaztetan igeriketa gustatzen zitzaionez gero, Nautika Kirol Elkarteko entrenatzailea eta presidentea izan zen urte askotan; presidentea zela, gainera, Espainiako Igeriketa Federazioak kirol merezimenduaren domina eman zion Nautika Kirol Elkarteari.
Beste seme bat, Guillermo, Euskal Herriko telebistaren aitzindarietako bat izan zen, irrati-esatari ospetsua eta “Bilbao” egunkariko zuzendaria ere bai.