

MAESE MARTIN
Bizkaiko aurreneko sendagile ezaguna
Bizkaiko medikuntzaren historia aztertzen genuela jakin genuen sendagintza arloko aurreneko pertsonaia ezaguna Portugaleteko Martin Maisua dela. Portugaleteko 1459ko Ordenantzek aipatzen dute 37. kapituluan.
“Odol-ateratzailea” esaten zioten arren, ez dugu horregatik uste behar osasungile apala zenik, odol-ateratzaile, zain-ebakitzaile eta beharginek bikain jardun baitute medikuntzaren historian: Erdi Aroko monasterioetan abade bera zen bizargin eta odol-ateratzailea.
Martin Maisuaz (edo Doktorea, gaur egun horrela esango baikenioke) ezer gutxi dakigu: ez haren izen osoa, ezta haren jatorria ere. Baliteke judutarra izatea, hala XV. mendean nola aurrekoan mediku gehienak juduak baitziren.
Garai hartan, hain zuzen, agertu zen Tuterako fisikari judutarren zerrendan beste Martin maisu bat.
Mediku juduak, beraz, Donejakue bideko herri nagusietan kokatu ziren. Portugaleten, erromesen igarolekua ez ezik, nazioarteko portua ere zelarik, udal agintariek beti izan zuten osasunaren kezka.
Martin Maisua Udalak kontratatu zuen biztanle guztien arta har zezan eta lanaren truke garaian ohikoa zen zenbatekoa ordaindu zion.
Hala eta guztiz, ez omen zuen ondo bete zeregina, dei guztiei ez baitzien erantzuten eta hitzartutakoa baino bi edo hiru aldiz gehiago kobratzen baitzuen.
Mediku gutxi zegoen orduan eta inolako epaileek ez zuten haien jarduna arautzen. Amore eman behar baitzuen, beraz, jendeak, gaizki jokatuta ere. Are gehiago: urte batzuk geroago, 1492an, judutarrak kanporatu zituztenean, arazo larria sortu zen eta hainbat herritan arren eskatu zieten kanpora joan ez zitezen.
Portugaleteko Udalak, alkatea Martin Pérez Zaballa zela, 1459ko ordenantzetan arautu zuen medikuen jarduna eta gaizki eginen zigorra.
Ordenantzok ezarri zuten medikuek odol-ateraldi bakoitzean 20 marabedi kobratuko zutela eta zilarrezko erreal erdia, berriz, odola gibeletik atereaz gero. Gehiago kobratuta, 100 marabediko isuna ezarriko zieten. Gainera, medikuek Portugaleten bizi behar zuten eta osasuntsu egon bitartean lan egin behar zuten, egunaz eta gauez, eta gaixo baten deiari erantzun ezean, 100 marabediko isuna ordaindu beharko zuten.
Eta horra hor gure aurreneko medikuaz dakigun guztia. Bost mende geroago, berriz, beste bi osasungile aurkitu ditugu Portugaleten. Kale bana daukate biek gaur egun. Ricardo Adán eta Florentino Grijalba praktikanteez ari gara. Florentino Grijalba Errioxako Laguardian jaio zen eta, Martin Maisuaren moduan, bizargin gisara kokatu zen Portugaleten. Joaquín Nogales udal medikuaren laguntzailea izan zen hasiera batean eta gero Nogalesek berak aitortu zion praktikante titulua. Florentino Grijalba 1977an hil zen, 86 urte zituela.
Ricardo Adán (1883-1960), berriz, portugaletetarra zen, ospitale-asiloetxean hazia. Laguntzaile gisara hasi zen eta ospitale-asiloetxean bertan ikasi zuen, Zaldua doktoreak lagunduta praktikante titulua lortzeko.