

CALVO, MANUEL
Hotelaren filantropoa
Eguberrian jaio zen 1816an. Aita Matías Calvo zuen, bergantin baten kapitaina. Semea jaio zitzaion egunean Kantauriko kostaldea zaintzen zebilen.
Familiaren tradizioari men egin eta txikitatik ikasi zuen itsasketan; hamabi urte baino ez zeuzkala ontziratu zen aurreneko aldiz. Nautika ikasketak bukatu bezain pronto, hamazortzi urte zituela, Ameriketara joan zen diru bila.
Behin Habanara iritsita, saltzaile ibili zen burdina-denda batean. Handik hilabetera, ontza bat urre bidali zion amari. Diru-aurreztaile eta buruargia zela, Kubara iritsi eta zortzi urtera, itsasontzi baten jabea zenez gero, kabotajean aritu eta dirutza ederra irabazi zuen. Hortik gutxira egin zen burdina-dendaren jabe ere bai.
Horren ostean, bapore ontzien enpresa bat sortu zuen ( Sindicato de Navegación del Sur ), zeinak, urteen bueltan, monopolizatu egin zuen garraioa Vuelta Abajo eta Isla de Pinos aldeetan.
Kafe soro bat ere zeukanez gero, azukre lantegia egin zuen bertan, ia 120 kilometro koadrokoa; Portugalete izena eman zion lantegi horri esker bilakatu zen Calvo garaiko azukregile garrantzitsuenetako bat. Lantegian zeregin guztien ardura zegokion. Lantegi ondoko etxetzarrean bizi zen eta denen ustez zen azukregintzaren maisua, azukrearen inguruko guztia egiten baitzuen: hots, kanaberatik zukua atera, landu, findu, ontziratu, garraiatu eta alkohola atera ere bai.
Negozioak egin zituen Antonio Lopez, Comillas markesarekin eta Compañía Transatlántica enpresako presidenteordea izan zen. Biek batera eta Kataluniako negoziolarien eskutik, Banco Hispano Colonial izeneko banketxe boteretsua sortu zuten.
Kubaren independentziaren aldekoak matxinatu zirenean, Madrilen ibili zen altxamendua baketzeko ahaleginetan, hala bere interesen nola metropoliaren interesen alde, noski, eta diruz lagundu zuen Martinez Campos jeneralaren esku-hartzea. Calvoren ustez, Estatu Batuek uhartea eskuratu nahi zuten eta horregatik ematen zieten laguntza independentzia zaleei. Denbora igaro eta garbi ikusiko zuen Calvok arrazoi osoa zuela.
Kubako nazionalistek Portugalete lantegiari su eman ziotenean, kaltea konponezina zela, langileen habilitazio eta manutenzio gastu guztiak ordaindu zituen Calvok, aita baten moduan zaindu zituen langileak eta askatasuna eman zien, esklabotza legez indargabetu baino urte franko lehenago.
Alarguna eta seme-alabarik gabe, Portugaletera itzuli eta neskame beltzekin batera bizi izan zen plazako etxetzarrean, Kai Berrian egin zen aurrenekoan, alegia. Etxe hori 1872an inauguratu zuenean, portugaletetar guztiak txunditu zituen, luxua zela eta.
Calvok onura asko ekarri zion herriari; besteak beste, elizako dorrearen konponketa ordaindu zuen eta, azkenik, testamentuan agindu zuen etxea herriari ematea, hotela egiteko. Agindu zuenez, hotela “pobreen etxea” izango zen eta haren onurak pobreei jaten emateko erabiliko ziren. Halaber eman zion herriari Habanaren erdialdeko etxe handi bat. 1904an hil zen Cadizen eta gorpua Portugaletera ekarri zuten. Uniformedun marinel batzuek lepoan eraman zuten hilkutxa, musika banda batek hileta-martxa jotzen zuela. Oso hileta ikusgarria izan zuen Calvo jaunak.
Portugaleteko hilerrian, erdiko pasabidean, brontzezko monumentu batek Jesukristo gurutzean agertzen du, Manuel Calvoren betiko oroigarri gisa.