Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

AMENABAR, MARCELINO

amenabar_marcelino.jpg

AMENABAR, MARCELINO
Portugaleteko aurreneko udal bandaren zuzendaria

1880 - 1923

Marcelino Amenabar 1906an etorri zen Portugaletera, Udalak kontrataturik musika bandaren zuzendari jardun zezan.

1880. urtean jaio zen Cuzcurritan (Errioxa), aita hargin xumea zeukala. Neurri handi batean autodidakta bazen ere, oso maila altua lortu zuen konposizio eta harmonizazioan.

Hasiera batean Bilboko bandan aritu zen musikari. Geroago, berriz, Portugaleteko udal bandako zuzendari plazaz jabetu zen aldi baterako (urtebetez) 1906ko uztailaren 25ean.

Kargu horren zereginak ziren, besteak beste, eskoletan musika irakastea eta instrumentu-akademia bat zuzentzea. 1907ko martxoan lortu zuen hogeita bost musikariko banda osatu eta herrian aurkeztea.

Banda osatu eta hiru hilabetera, oso saio gutxi eginda, beraz, Castroko banda-lehiaketara aurkeztu zen. Ohorezko saria lortu zuenez gero, Amenabar betiko jabetu zen zuzendari plazaz.

Aldi berean ziharduela, esan bezala, Udalaren solfeo akademian eta bandaren zuzendari, familia handia osatu zuen ikasleekin batera. Hortaz, hasiera batean helduak ziren bandaren arduradunak, baina ikasleak prestatu ahala, atsegin handiz uzten zieten postua gazteei.

Ahalegin horien guztien ordaina 1918an etorri zitzaion Amenabarri: lehiaketa batera aurkeztu zen Iruñean eta hogeita lau ikasle eta lau beteranoren buru zelarik, lehen sari bana eskuratu zuen bi modalitateetan: ohorezko eta librean.

Bandaren ezaugarri nagusia zen osakide guztiak portugaletetarrak izatea; horietako batzuk, gainera, familia berberekoak ziren, hala nola Julian, Anjel eta Santos Taramundi (Anjel tronpetari bakarlaria izan zen 40 urtetan), Francisco eta Damaso Lejonagoitia, Bernardo eta Federiko Cobos, Luis, Roque, Serafin eta Jose Maria Vergara, Antonio Balbino Arranz, Ramon Aranbarri, Jose Maria Guantes, Pablo Escudero, Santiago Prat, Nicasio Tejada, Benito Okariz, Jose Astondoa…

Portugaleteko banda bikaina zenez gero, haren entzutea arras hedatu zen, askotan lortu baitzuen garaipena. Horretaz gain, herriko jaiak alaitzen ohi zebilen, Kirol Klubeko berbenak ere bai, erregea abrara zetorrenean ere jotzen zuen eta aurreneko lerroan agertzen zen Bilboko Athleticeko jokalarien harrera-ekitaldietan. Izan ere, Amenabarrek Athletic Club izeneko pasodoblea konposatu zuen “lehoien” omenez.

Zeren musika jo eta irakasteaz gain, Amenabarrek konposatu ere egiten zuen eta etorri handiko konpositorea zen: harenak ziren garaian modan zebiltzan ia kuple gehienak, dantzatzeko eta hileta-martxa asko. Antzerkirako ere egokitu zuen hainbat egileren lanen transkripzio polit franko.

Estropada egunetan huts egin gabe entzuten zen Amenabarren Arraunlariak eta, Pedro Heredia adiskideak eskatuta, musika jarri zion haren olerki bati eta Portugaleteko diana konposatu zuen.

Beste adiskide batekin, Pedro Luna konpositorearekin, ere egin zituen lan batzuk. 1922an Lunak Amenabar proposatu zuen Madrilgo Apolo antzokiko zuzendari gisara, baina Amenabarrek ezin izan zuen lanpostua hartu, Udalak ez baitzion baimenaldia luzatu.

Andaluziatik ere etorri zitzaion eskaintza gozoa Amenabarri; ezetza eman zion, ordea, bere “mutikoekin” batera irautearren.

Marcelino Amenabar San Roketxu egunean hil zen 1923an, bajaldian, zapia lepoan, saltoka zebilela, militarren banda batek jotzen zuen bitartean.

Berrogeita hiru urte zituen. Herritarrek eurek ordaindutako panteoia urte askotan zaindu zion Ángel Astobiza lagun minak (1892-1972).

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200