Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

ESCORIHUELA, MARCOS

nofoto.jpg

ESCORIHUELA, MARCOS
Setioaren egunkaria idatzi zuena

1825 - 1888

Marcos Escorihuela Conesak bihotzez maite izan zuen lan egin behar izan zuen herria. Hainbesteraino egin zen portugaletetar, idazkietan desenkusatu egiten zituen herrikideen akatsak, larri-larriak izan arren.

Mediku aditua izan zen Escorihuela. Olocaon (Castelló) jaio zen. Bi urte eta erdi eman zuen mediku gisara Cariñenan (Zaragoza) eta beste bi urte eta erdi, berriz, Badajozen. Portugaletera iritsita, zalantzarik gabe jakin zuen toki ezin aproposagoa zela garaiko ekologisten ametsetako lo-hiri bikaina ezartzeko. Aitortu zuen, dena den, herriko hiru kale nagusietako etxeen arteko zabortegiak higienearen kontrakoak zirela, elizari atxikitako hilerria infekzio-gunea zela eta kalte egiten ziola herritarren osasunari, eta azkenik, portugaletetarrek txakolin eta Errioxako ardo gehiegi hartzen zutela. Hala eta guztiz, kontrako iritzien beldurrik gabe baieztatu zuen herriaren osasuna, oro har, bikaina zela, hala gizonena (gehienak itsas lanei emanak) nola emakumeena, nahiz eta beti oinutsik ibili eta denbora luzea eman uretan, arropa garbitzen.

1862an Bilbon argitaratu zuen “Descripción, historia, enfermedades, usos, costumbres... de Portugalete” liburua eta 1871n Bartzelonako Medikuntza Akademiak antolatutako lehiaketa batera aurkeztu zuen urrezko domina jaso zuen lan bat.

Bigarren liburuxka hori, 83 orrialdekoa, Madrilen argitaratu zen 1872an. Hona hemen titulua: “Topografía médica de la Villa de Portugalete”. Sei kapitulutan azaltzen digu xehe-xehe nolakoa zen Portugaleteko eguraldia, udal osasuna, elikadura, janzkera, dibertigarria, irakaskuntza, monumentuak etab. Kapitulu oso batean, gainera, herriko historiaz aritzen da. Liburua, dudarik ez, XIX. mendeko Portugaleteren argazki ederra da.

Dena delarik, Portugaleteko setioaz egin zuen kronikari esker da ezaguna Escorihuela gehienbat, karlistadako gertaera latzak kontatu baitzituen.

Liburuak “Diario de los sucesos de Portugalete, sitio y bombardeo, desde julio de 1873 hasta marzo de 1874” dauka izena. Xehe-xehe eta oso-osorik ematen du setioaren berri, ez alde batera ez bestera makurtu gabe, harrigarria bada ere.

Batere alderdikeriarik gabe, beraz, idatzi zuen Escorihuelak: hainbatetan gaitzesten ditu setio-egileen asmo ankerrak, su eman nahi zioten-eta herriari; eta beste hainbatetan, berriz, esango digu beren burua askatasunaren defendatzaile sutsutzat jotzen zuten haiek despota lotsagabeak baino ez zirela.

Setioaren egunkariak 68 orrialde zituela argitaratu zen Madrilen 1875ean eta berriz ere 1985ean, Portugaleteko Udalaren babesaz.

Escorihuelak liburuetan ez du ezer esaten mediku gisara burutu zuen jardunaz; zehar bidez jakin dugu horren berri, neurri batean bere izkribuei esker, urte askotan izan baitzuen bere kargu herriko osasuna.

Egunkariko lehen orrialdean azaltzen ditu Escorihuelak bere merituak: Medikuntza-Kirurgia Doktoretza egin zuen Madrilgo fakultatean; erredaktore eta laguntzailea izan zen hainbat zientzia-egunkaritan; Bartzelonako Medikuntza-Kirurgia Akademiako eta Valentziako Medikuntza Institutuko bazkide korrespontsala ere izan zen; Valentziazko Medikuntza Institutuaren ohorezko aipamena zuen, beste lan batzuk zirela medio; Zaragozako Akademia ohiko korrespontsala, etab.

1888ko ekainean hil zen, trenbidea Portugaletera iritsi eta handik gutxira. Inaugurazioan egon zen Escorihuela, beste andre-gizon ospetsuen artean.

Hirurogeita sei urte zituen hil zenean. Urte asko baino lehenagotik zeukan jada bizar urdindua. Escorihuelaren heriotza-agiria izenpetu zuten, lekuko gisara, Domingo Lasheras ehorzleak eta Segundo Palacios elizmutilak.

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200