

CIRIQUIAÍN, MARIANO
Herriko historiagilea
Ciriquiáinek idatzi zuen “Monografía Histórica de la Muy Noble Villa y Puerto de Portugalete” liburu famatua, Portugaleteko historiaren gaineko funtsezkoena, denok jo baitugu horrexetara herriko historiaz jakin nahian.
Beasainen jaio zen 1898an. Batxilergoa Durangon ikasi zuen eta, Zuzenbidea bukatuta, Toki Administrazioko Idazkarien Gorputz Nazionaleko abokatu egin zen. 1925ean Portugaleteko Udalaren idazkari izendatu zuten. Herrira iritsi zenean, “gorri” ospea zekarren, komunistarena, alegia. Gainera, Portugaleten aspalditik erabili gabeko oso kapa ohargarria ohi zeraman soinean. Isabel Careaga portugaletetarrarekin ezkondu eta idazkari jardun zuen 1941. urtera arte, urte hartan Gipuzkoako Aldundiko idazkari izendatu baitzuten.
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidea zenez gero, elkarteko buletina sustatu zuen eta bertan eta Egan literatur gehigarrian aritu zen zuzendarikide gisa.
Buletin horretarako, hain zuzen, idatzi zuen askotan Portugaleteri buruz. Besteak beste, aipagarria da 1946ko lana: “El General Castaños y la Villa de Portugalete”.
Ciriquiáinen idazlanek sari asko irabazi zuten; hala nola, akzesit bat Literatur Sari Nazionalean. Gainera, Historiaren Errege Akademiako kide egin zuten. Eta haren lanak gehienbat itsasoaren ingurukoak direnez gero, Itsasketa Merituaren Gurutzea eman zioten 1949an eta, hil eta hamar urte geroago, Karmelgo Ama saria.
Haren lan ugarietako batzuk nabarmentzekotan, “La leyenda del pirata” nobela aipatuko dugu, eta “La pesca en el País Vasco”, “Los vascos en la pesca de la ballena” eta “Los puertos marítimos vascongados” saiakerak. Azken horretan, Nerbioiko portuei buruzko atalean, orrialde frankotan mintzatzen da Portugaletez.
Hala eta guztiz, bereziki aipatzekoa da “Monografía Histórica” liburu ezaguna, Portugaleteko historiari buruzko lanik osoena. Hamazortzi kapitulu eta hiru eranskinetan herriaren historia guztia aztertzen du, azken karlistadara arte, zeinari kapitulu oso bat dedikatzen dion.
Monografia oso entretenigarri eta interesgarria da, historia-pasadizo ugari baitakar. Oro har, dibulgazio asmoa du, beste historiagile batzuen erudiziotik urrun. Ciriquiáinen lanen kalitatea aitortuta, ahulunea ere aipatu behar dugu, halaber diogularik garaiko ideologia-giroarekin guztiz bat datorrela; Jesús María de Sasía portugaletetarrak “Toponimia euskérica de las Encartaciones de Vizcaya” liburuan (1966) dio Ciriquiáinen ahulunea dela ez zuela batere landu kritika historikoaren ikuspuntua.
1967an, Ciriquiáinen Monografia liburu-dendetatik galduta, César Saavedrak, zeinak geroago “Imágenes de un Portugalete Antiguo” eta “El cancionero musical portugalujo” liburuak kaleratu dituen, “Origen, Vida y Costumbres de la Noble Villa de Portugalete” argitaratu zuen, Ciriquiáinen lehenengo hamahiru kapituluak eta eranskinak bilduta. Saavedrak berak zioenez, portugaletetarrentzako interesgarriena hautatu zuen, arinago irakur zezaten.
Aldundiko Kultura Batzak argitaratu zuen Ciriquiáinen lana 1942an, burua Plácido Careaga de la Hormaza portugaletetarra zelarik, lehen saria lortu baitzuen Euskal Kulturaren Batzak antolaturiko lehiaketa batean. 1990ean Portugaleteko Udalak horren faksimilea argitaratu zuen.
Mariano Ciriquiáin Donostian hil zen 1964an. Garaiko prentsak hauxe esan zuen nekrologika batean: “Gure idazle onenetako bat zen. Grazia paregabea zeukan; sotil, arin eta kaltegabeko ironiaz ekiditen zuen zerabiltzan gaien funtsa. Erudizioaz gain, arima, beroa, grina jartzen zuen lanean.”