Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

DE COSCOJALES, MARTÍN

nofoto.jpg

DE COSCOJALES, MARTÍN
Historiagilea

1542 - 1603

Bizkaiko historiagile nabarmenetako bat, XVI. mendekoa, Martín Coscojales fraide agustindarra izan zen. “Antigüedades de Vizcaya” liburua (eskuz idatzitakoa eta argitaratu gabea) utzi zigun. Portugaleteko senide inportanteenetako bat zen Coscojales; haren aita alkatea izan zen eta anaia Antton, berriz, Portugaleteko erregidore betiereko izendatu zuten.

Aitonak ere hainbat kargu izan zuen udalean. Parrokia zabalagotzeko lanei ekin zitzaienean, kaperetako baten patroia zenez eta Barakaldoko Irauregi auzuneko eliza, burdinola eta ospitaletxea egin zituenez gero, Juan Ramon Iturritzarrek barakaldotar egin zuen.

Coscojalesen lanaren garrantzia dela kausa, askok hartu dute oinarri gisa beren liburuak idazteko, eta horrela zabaldu da barakaldotarra zelako okerra. Coscojales 1542 inguruan jaio zen eta gaztetan Salamancara bidali zuten unibertsitatean ikas zezan. Hogei bat urte zituela, agustindar egin zen eta, oso baliotsua zenez gero, hainbat kargu izan zuen ordenan; esaterako, Talaverako komentuko priorea izan zen 1571n.

1582an, Salamancako komentuko diputatua zelarik, Inkisizioak Frai Luis de Leon-en aurka egindako auzian deklaratu zuen. Auziaren agiriek diotenez, Salamancako San Agustin monasterioko predikatzailea zen orduan Coscojales eta berrogei bat urte zeuzkan.

1590ean, Valladolideko komentuko bikario priorea zelarik, Bizkaiko historia idazteari ekin zion. Bilboko San Agustin komentuan jarraitu behar izan zuen, hara aldatu baitzen urte batzuk geroago. 1603an Bilbon bizi zen artean eta Bilbon hil omen zen, letragizon ospea zeukala.

Haren liburuko eskuizkribuak Bilboko San Agustin komentuan gelditu ziren eta komentua karlistadan suntsitu zen. Horregatik galdu ziren eskuizkribuotako bi eta gainontzeko bostak, gainera, sekula ez ziren argitara eman.

Izkribu interesgarriena lehena da. Aurreko azalean aipatzen ditu darabiltzan gaiak: Bizkaiko biztanleak, haien ohiturak, kantabriar eta erromatarren arteko gerrateak, Bizkaiko artzapez barrutiak, hirien fundazioa, errepublikak eta herrixkak, elizen patronatuak, ministroak eta janariak, katalogoa eta beste hainbat jakingarri.

Jaioterriaren interesa zela kausa, zazpigarren liburukiko gaia Portugalete izan zen. Zazpigarren liburuki hau ere oso garrantzizkoa da. “Libro de los negocios y escrituras del Archivo de Portugalete” izenburua dauka eta hainbat agiri eta iruzkin osagarri biltzen du; besteak beste, 1322ko hiri-gutuna eta 1592an Portugaletek Enkarterrietako sei kontzejuren aurka izan zuen auzia.

Nabarmentzekoa da Coscojalesek Bizkaiko historiografiari egin zion ekarria. Mañaricuaren iritziz, ez zituen ondo galbahetu agian ospetsuen ahotik entzun zituen kondairak; hala ere, etengabe jo zuen artxiboetara datu historikoen bila, eta arkeologiara ere bai. Batzuen esanen kontrara, datu-biltzaile baino zerbait gehiago zen Coscojales.

Escorihuelak badiosku politikan ere aritu zela Coscojales, Granadako inkisidorea izan baitzen.

Azken urteotan portugaletetar askok ikertu dute herriaren historia. Besteak beste direla, Iñaki Reguera aipatu behar dugu, Inkisizioa ikertu eta “ La Inquisición Española en el País Vasco” liburua idatzi baitu, beste batzuen artean. Liburu horretaz Julio Caro Barojak esan zuen azken ehun urteotan sorginkeriaz idatzi den lan inportanteenetako bat dela.

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200