

DE VALLECILLA, MARTÍN
Almirantea
Martín Vallecilla Fernández-Rasines, XVI. mendearen bigarren erdian jaioa, itsasgizon portugaletetarrik argien eta boteretsuena izan zen bere garaian.
Gazte-gaztetatik eman zen itsasketara. 1588an Espainiako itsas armada garaiezinaren hondamendian hartu zuen parte, Migel Oquendo jeneral gipuzkoarraren agindupean zebilela.
Portugaleteko udal gobernu-kidea ere izan zen: 1605ean bigarren erregidorea, 1611n bigarren alkatea eta 1617an, azkenik, lehen erregidorea. Urte horretan sortu zen dekretuz Bizkaiko ontzidia eta Vallecilla egin zuten horren agintari, kapitain jenerala eta, gainera, “bizkaitarra” izanik, horretarako “egokia” zelakoan.
Ontzidia sortzen hartu zuen parte, hala galeoi eta karabelak egiten nola kapitain eta ofizialak izendatzen. Ontzietako bost Portugaleten egin ziren, hortaz esan behar dugularik Espainiako Felipe II. erregeak “hiri eta ontzigintzako portu” titulua emana ziola Portugaleteri. Horren ondorioz hainbat tirabira gertatu zirenez gero udaletxeko eta ontzidiko agintarien artean, ezohiko alkate izendatu zuten 1619an Vallecilla eta aginte guztia batu zen berarengan.
Azkenik, urte horretako San Roke egunean ontzidiak barra gainditu zuen ozeanorantz, Portugaleten hamazortzi egun eman ondoren, istila eta itsasadarraren sarkura txikia zirela kausa. Holandarren kontra borrokatzera zihoan Vallecilla, XVIII. mendearen hasieran holandarrak baitziren nagusi Atlantikoko merkataritzan. Horren ordain Vallecillari almirante lerruna aitortu zioten.
Urte haietan egin zuen balentriarik handiena 1621ean gertatu zen: bederatzi ontzi baino ez zituela, aurre egin zien Holandako itsas armadako berrogeita hamarrei eta garaitu ere garaitu zituen. Biharamunean heroien moduan sartu zen Vallecilla Cádizen.
Halaber da aipatzekoa, Ingalaterrako kortsarioen kontra borrokatzen zelarik, espedizioa egin zuela Cabo Verdetik Brasileraino eta Brasilen San Salvador plaza berreskuratu zuela, 1625eko apirilaren 30ean errenditu zen-eta. Lau urte geroago itzuli zen, baina orduko hartan flota oso bat eraman zuen, burua Antonio Oquendo almirante jenerala zelarik. Cádizetik abiatu zen, kortsarioei Antilletatik ihes eragiteko xedez. Primeran egin zuen, egin ere, 2003 lagun preso eta 143 kanoi hartu baitzuen. Geroago Portobello eta Habanara ere jo zuen; zortzi galeoi eta hiru patatx bete ondasun ekarri zuen bueltan.
Oquendo almirantearen hurrengo bidaialdian gertatu zen gipuzkoarra gogoangarri egin zuten garaipenetako bat. 1631ko irailaren 12an, Abrojos inguruan, Hanspater jeneral holandarraren kontra borrokatu zen. Gudu hartan Hanspater jeneral bera hil zen eta bere gizonetako mila eta bederatziehun ere bai. Militar espainolen artetik Andrés Coterelo (edo Coterillo) portugaletetarra nabarmendu zen.
Martín Vallecillak, bere bidaialdietako batetik, Portugaleteko parrokiaren zilarrezko eki-saindu handi baliotsu bat ekarri zuen, Liman egindakoa. Halaber, pasadizo gisara esan beharra dago esklabo beltzak ere ohi zekartzala eta horietako senar-emazte batzuek semea munduratu zutela Portugaleten 1624an. Bataioan Antonio izena ezarri zioten eta, beltza izanik, Moreno abizena.
Egindako zerbitzuak ordaindu nahian, Pedro Salazar hil zenean, erregeak betidanik salazartarrei ohi zegokien prebostetza eman zion Vallecillari. Ofizioa bizi guztirako eman zion eta semeetako bati, Vallecillak berak aukeratzen zuenari, ere bai. Felipe IV.ak Francisco semea izendatu zuen preboste eta horrela bete zuen Vallecillaren nahia.
Vallecilla 1635ean hil zen Veracruzen. Portugaleteko parrokian bi mila dukateko kapilautza fundatua zuen eta Santa Klara komentuari ere dohaintza handiak egin zizkion.
Oso diruduna zenez gero, Mexiko hirian, Indietan zeuzkan ondasunen inbentarioa egiten ari zirenean, kontulari gisara hartu behar izan zuten esku Bilbo eta Portugaleteko alkateek.
1988an Portugaleteko Udalak ordutik aurrera dei egin ohi duen ikerketa historikoen sariketaren aurreneko edizioan Roberto Hernández eguneko udal artxibozainak akzesita lortu zuen Vallecilla almirantearen gaineko ikerlan labur bati esker.