

DE LOREDO Y ROLA, MIGUEL
Foruzale sutsua
Sabino Arana Goiriren iritziz, Migel Loredo Rola idazle euskaldun nabarmena zen eta, garaikideen iritziz, berriz, “Portugaleteko Castelar”, hala literaturarako nola oratoriarako gaitasun aparta baitzuen. 1838ko irailaren 30ean jaio zen.
Oso gizon kultua zen. Bikain hitz egin eta idazten zuen euskaraz eta gaztelaniaz. Haren hitzaldietako batzuk Fermín Herrán Euskal Liburutegiko “Los fueros y su defensa” 25. tomoan argitaratu ziren.
Juan Antonio Zunzunegi biloba baino egokiagorik ez dago Migel Loredoz egiteko:
“Amaren aldeko aitona, Migel Loredo Rola, apaizgaia zen gazte-gazterik. Neska beltzaran ederra egokitu zitzaion, ordea, eta horri esker nago ni munduan.
”Hizlari aparta zen eta idazle bikaina. Hizlari gisara Gernikako Batzarretan, 1864an, agertu zen jendaurrera estreinako aldiz. Urte hartan Portugaleteko hiriak Joan Braulio Butrón eta Migel Loredo jaunak bidali zituen Batzarretara ahaldun modura. Hogeita sei urte zeukan orduan aitonak.
”Deustua, Begoña eta Portugaleteko ahaldunek mozioa egin zuten foruen alde eta orduan hitz egin zuen aitonak, sutsu, bikain, sakon eta indartsu. Batzarkide guztiak liluratu zituen.
”Behin baino gehiagotan hitz egin zuen Loredok batzarraldi hartan. Hain arrakasta handia lortu zen, hainbesteko kemena piztu zuen, Batzarrek saria eman zioten: Bizkaiko bederatzi merindadeek proposatu zuten Foru Batzarkide izan zedin.
”Gernikako Udalak ere omenaldia egin zion eta etxetik batzar Etxera lagundu zuen garaile gisara. Hor berriro hartu zuen hitza, akten mahaiaren gainean zutik, gure askatasun sakratuen arbolaren ondoan. Portugaleten ere garai-arku, suziri eta guzti egin zioten harrera, eta lepoan eraman zuten, toreroa balitz bezala, etxeraino.
”Arrakasta politiko handi hark sutu eta beroturik, indar handiagoz eman zen politikara foruen alde. “El Euscalduna” egunkaria erosi zuen foruen alde are indartsuago egiteko. Agintariek isunez eta zigorraz josi zuten egunkaria eta, azkenik, betiko itxi zuten. Migel Loredo erbestera bidali zuten; familiarekin batera Madrilen hartu zuen babesa.
”Osasunaz eta diruaz behera egin zuen nabarmen. Gumersindo Bikuña senidea, Balmasedako diputatua, saiatu zen Migel Loredo gatazka haietatik urruntzen, galtzaile irteten baitzen beti.
”Amari entzun diot behin Gumersindo osabak Cánovasen partetik agindu ziola Gorteetako diputatu izendatuko zuela, foruen aldeko borroka antzu eta arriskutsu hari utziz gero. Gainera, etorkizun oparoa ere agindu zion kontserbadoreekin bat eginez gero. Behin borrokan hasita, ordea, dena izan zen alferrik.
”Madrilen “ La Paz ” egunkaria fundatu zuen, foruen alde irauteko, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia probintziek lagundu zioten horretan. “La Época” egunkarian ere egin zuen lan: artikuluak “Un vizcaizua” izengoitiaz izenpetzen zituen. Aldapan behera zihoan, ordea. Cánovasek 1876an egin zuen foruak deusezteko dekretua. Horren ostean, aitona jota gelditu zen bihotz-arimetan.
”Horiek horrela, bada, 1879ko urtarrilaren 17an, 37 urte eskas zituela, hil egin zen Madrilen. Berria arin ibili zen Madrilgo euskaldunen artean. Arratsalde hartan bertan, aitonaren gorpuaren aurrean, gizon gazte batek hasperen egiten zuen, bere aurpegiak gorpuarena ia ukitzen zuela.
”–Ai ene! Zeinek defendatu behar gaitu orain?
”Auhen-negarka zebilen hura Antonio Trueba olerkaria zen.”