

PEREZ DE HEREDIA, MIGUEL
Repelegaren sustatzailea
Repelega da, dudarik gabe, Portugaleteko auzuneetan nortasun handienekoa eta Migel Pérez de Heredia izan zen auzunearen garapenaren bultzatzaile nagusia.
Ortuellan jaio zen, familia apal batean, 1923an. Abadea izan nahi zuen eta horretan lagundu zion amamak Gandarias Santacoloma familiarekin zeukan ahaidetasuna, Gandariastarren bidez lortu baitzuen Migelek apaiztegira joan nahi zuten gazteei eman ohi zitzaizkien beka haietako bat.
Gasteizen ikasi eta ordenatu zen. Repelegara 1949an iritsi zen, Epifanio Mezo ordeztera. Mezo pastoralaren berritzailea izan zen gerra ondoko urte haietan eta lan handia egin zuen Repelegan.
Heredia gaztearen aurreneko urteak oso gogorrak izan ziren, miseria gorrian bizi ziren familiei lagundu nahian diru eske baitzebilen dirudunen etxeetan. Egun osoa eman ohi zuten etxez etxe, baraurik askotan, pezeta batzuk lortu eta auzoko behartsuenei ematearren. Horren guztiaren ondorioz, gaixotu egin zen Heredia eta ospitale-asiloetxean sartu behar izan zen.
Gehienbat gazteez kezkatzen zenez gero, Juventud Obrera Católica (JOC – Gazteria Langile Katolikoa) elkartearen elizbarrutiko kontseilari izendatu zuten. Oso eragin handia izan zuen Herediak JOCen.
Epifanio Mezok lortu zuen Ekintza Katolikoaren aurreneko etxebizitzak egin zitzatela eta Herediari esker egin zen bigarren bloke bat, eguneko Federiko Martínez kalean, hain zuzen.
Urte batzuk geroago, jakin zuenean Alfredo Alonso Allendek legatua utzi zuela herritarrentzako etxebizitzak egiteko, Viviendas de Vizcaya (Bizkaiko Etxebizitzak) elkartearekin batera jardun zuen eta lurzorua lortu zuen Alonso Allende etxaldea eraikitzeko. Lortu zuen, azkenik, 1967an, auzuneak etxebizitza duinak izan zitzan. Gainera, esker onez, eliza berria egiteko lurzorua laga zioten auzunearen erdialdean.
Baliabide nahikorik ezean, ordea, auzokoek lagundurik eta eske ibili ondoren, ekin zion eliza eraikitzeari, auzuneko jarduera guztiak bertan burutzeko edukiera nahikoa lortu nahian. Esaterako, elizan ezarri zen Ikusgarri dantza taldearen egoitza, apur bat lehenago eratuta. Eliza 1968ko uztailaren 10ean inauguratu zen, San Kristobal egunean alegia, dirurik ezean artean bukatu gabe zegoen arren: kanpoaldeko estaldura falta zuen eta, horren ondorioz, behar baino lehenago narriatu da.
Gaixotu egin zen Heredia lan haren kezkaz. Eta urte batzuk geroago, ordea, gaixotuago zen.
Gazteei lanbide heziketa ematean ere jardun zuen. Ikastegi gisara atondu zituen kapera zaharreko ataria eta barnealdea eta, azkenik, lortu zuen Lanbide Heziketa Institutua egin zezatela.
Gazteen oporraldiaz ere kezkatu zen: etxe bat erosi zuen Soncillo-n (Burgos) eta auzokoek atondu zuten.
1972an, Repelegak parrokia eta hiru abade zeukala, erabat eritu zen Heredia. Ingurukoen zerbitzuan iraun nahi zuenez gero, legendunak zaintzera joan zen Fontibrera eta hor jasan zuen lehenengo bihotzeko larria. Abade lanak utzi behar izan zituen eta, ezer egin gabe egoten ez zekienez gero, behea jo zuen.
Zerbait egin nahi zuen eta medikuntza tropikala ikastera joan zen Madrila. Madrilen beste bihotzeko bat jasan zuen eta bihotz irekiko ebakuntza batek baino ez zuen salbatu. Lau urte geroago, minbiziak hil zuen.
Hogeita bost urtetan emanda, bihotz eta arima, Repelegaren aldeko auzogintzara, bizialdiko hiru azkenak ezer egin gabe igaro beharrak ezkontzara bultzatu zuen haren gogo sentibera.
On Migel 1979an hil zen. Haren arimaren aldeko elizkizunetara jendetza handia etorri zen. Abade askok eman zuten meza hura eta herriak hil osteko omenaldi zintzoa egin zion.