

CASTET, MAXIMO
Frantziako jatorridun portugaletetarra
Pedro Herediak, azken lau mendeotako Portugaleteko genealogiez egin zuen azterlanean, atal berezia eskaini zien Portugaletera etorritako atzerritarrei. Herediaren arabera, mende horietan 226 portugaletetar jaio ziren atzerriko abizena zutela. Horietako gehienak (151) frantsesak ziren eta horien atzean zetozen ingelesak (36), alemaniarrak (15), austriarrak (13) eta italiarrak (11). Frantsesei zegokienez, jaiotako gehienek Merladet zeukaten abizena. Aurrenekoa Bigorreko bat izan zen, Portugaletera 1811.ean etorria; Merladeten ostean Barbat zetorren (Tarbe, 1820) eta Castet (1802). Hala Tarbet nola Castet abizenak XIX. mendean galdu ziren gizonezkoen aldetik.
Castet abizena hiru familiak zeukaten. Horietako bat, Claudio Castet Asna eta Elisa Cerro Mendivilena, Portugaleteko ugarienetakoa izan zen, hamahiru seme-alaba munduratu baitzuen.
Maximo Castet Cerro 1820an jaio zen eta Epifania Lejarzegi portugaletetarrarekin ezkondu zen.
Familia osoa politikara emana omen zen, Maximo 1856 eta 1857an izan baitzen alkate, Leocadio 1858 eta 1859an eta Bernardo, azkenik, 1864 eta 1865ean.
Urte horretan, 1865ean alegia, Isabel II. erregina etorri zen Portugaletera, segizio handia zekarrela. Agintariek jaia eta estropadak antolatu zituzten erreginaren omenez, eta otordu bikaina ere eskaini zioten.
Bernardoren ostean Maximo izan zen berriro alkate 1866 eta 1867an eta, geroago, 1870etik 1872ra arte, karlistadaren urteetan hain zuzen, ere bai.
1872an Amadeo I. erregea ere etorri zen Portugaletera. Harrera ederra egin zioten eta primerako otordua ere bai.
Karlistadaren ostean, hirian bi bando ziren: karlistak eta liberalak, alegia; edo, herrian ziotenez, kristoak eta ateoak. Bando bakoitzak bere medikua eta farmazia, eta musika banda, zituen; ateoen bandako zuzendaria Domingo Hueda zen. Banda biak elkarren kontra lehiatzen ziren kaleetan farol artistiko handi batzuen atzetik.
Halaber, bando bakoitzak bere kafetegia zuen, Portugaleten kafetegi bi zeudelarik. Dena den, Vicuñak “La carcoma” nobelan dioen bezala, zatiketa ez zen herriaren barne-muinera iritsi, tabernetara sartu ez zelako. Gorrotoa, gehienbat, agintarien familiengan zetzan eta liskarrean Maximo Castet, kristoen buruz, eta Miguel Loredo, ateoena, izan ziren nabarmen. Elkarren kontra aritzen ziren Bilboko egunkarietan, Castetek “Perico el bardo” ezizena zerabilela eta Loredok, berriz, “El bardo Perico”.
Familia aberats honen negozioak ikertu barik, jakingarria da 1876an Castetek Jaurerriari egin zion eskaera; zehatzago, baimena eskatu zion Portugaleteko kaian ostra eta txirla haztegia ezartzeko. Nekez pentsa dezakegu gaur garai hartan ura garbia zela eta Peñota aldean Bizkaiko ostra-haztegi nagusietako bat zegoela.
Maximo Castet 1879an hil zen. Familia ugaria utzi zuen: bederatzi seme-alaba, alegia. Horietako ezagunena 1856an jaiotako Bernardo Castet Lejarzegi izan zen, herriko kale batek haren izena darama-eta. Bernardo Ameriketan hil zen, baina Portugaletera ekarri zuten ehorztera. Haren anai-arrebek bezala, diru mordoa eman zuen ospitale-asiloetxerako.