Villa de Portugalete

Pertsonak ospetsuak  

ORTUÑO DE ALANGO

nofoto.jpg

ORTUÑO DE ALANGO
Joan Sebastian Elkanoren pilotua

Ez dago garbi Ortuño de Alango Portugaleten ala Getxon jaio zen. Getxoren alde dugu Labayruren “Bizkaiko Historia Orokorra”; eta Portugaleteren alde, berriz, Ciriquiáinek beste historiagile batzuei jarraikiz (Bernal Díaz Gomara) esana. Dena delarik, Alango abizena bazebilen Portugaleten garai hartan.

Horiek horrela, bada, 1481. urtean Diego Alango dugu Portugaletetik Areetako ibilera egiten zuen txalupalari gisa. Diego hori, agian Ortuñoren arbasoa, herriko auzi askotan agertzen zaigu lekuko moduan.

Ortuño Alango, barrako pilotu nagusia, itsas gizona izan zen eta Frai Garcia Jofre Loaysak 450 lagunekin batera Moluketara egindako bigarren espedizioan hartu zuen parte.

Ontzidi hartako zazpi ontzietako lau Portugaleten egin ziren. Joan Sebastian Elkano zen itsas armada osoaren pilotu nagusia. Portugaletetik abiatu zen, beraz, Elkano, Ortuño Santiago patatxaren pilotua zela, Coruñara, Coruñako ontzioletan egin baitziren ontzidiko beste ontziak. 1525eko uztailaren 24an abiatu ziten Moluketara.

Hona hemen ontziak: Santa María de la Victoria (300 tona) izenekoan Garcia Jofre Loaysa kapitain jenerala zihoan; Santi Spiritu-n (200) Elkano zen kapitaina; eta besteak ziren Anunciada (170), Santa Maria del Parral (80), San Lesmes (86) eta Santiago patatxa (50).

Santiago patatxean, esan bezala, Ortuño Alango zen pilotua eta Santiago Guevara, Elkanoren koinatua, kapitaina. Gerra ontzia zen patatxa, bi mastakoa, eskuadretan abisuak emateko, kostaldea ikertzeko eta portuetako sarrerak zaintzeko erabiltzen ziren horietakoa.

Espedizio hartan gipuzkoar asko engaiatu ziren, eta Andres Urdaneta kosmografo ospetsua ere bai, zeinak bidaiaren egunkarian espedizioan gertatutako gorabehera guztien berri eman zigun: Patagoniako abenturak, Hornos lurmuturraren aurkikuntza, eta Magallanes itsasarteko 600 kilometroak zeharkatzen eman zituzten 51 egunak.

Ciriquiáinek ere aipatu zuen Molukasetara egindako espedizio zoritxarreko hura. Jainkoa ez omen zuten alde itsas gizonek. Urtarrilaren 14an ontzietako lauk behea jo zuten Birjinen lurmuturreko arrezifeetan. Santi Spiritu apur bat geroago suntsitu zuen uhin kolpe batek. San Gabrielek Espainiara itzuli behar izan zuen abiatu eta berehala. Anunciada, pilotua eta txankua galduta, haizeak eraman zuen, ontzi mamua balitz bezala. Santa Maria de la Victoria , Santa Maria del Parral, San Lesmes eta Ortuño zihoan Santiago patatx txikia bakarrik iritsi ziren Ozeano Barera. Baina ozeano hartan ere ez ziren zorioneko: ontziak hondoratzeko zorian zebiltzan eta gizonak, berriz, gaixorik, jatekorik ezean. Ia egunero bota behar izaten zuten gorpuren bat uretara.

Loaysa agintaria uztailaren 30ean hil zen eta abuztuaren 4an, berriz, Joan Sebastian Elkano, munduaren bira egin ostean. Santiago patatxa eta haren pilotua, hala ere, Mexikora iritsi ziren, Tehuantepec istmora, zehatzago. Baina lehorreratzeko txalupak galdu zituztenez gero, bederatzi egun eman behar izan zuten lurrik zapaldu gabe. Azkenik, goseak bota zuten kanpora eta Mexikora ekialdetik iritsitako aurreneko espainolak izan ziren.

ITZULI

© 2004 Portugaleteko Udala – Solar plaza z.g. - 48920 Portugalete - Bizkaia - Telefonoa: 94 47 29 200