

DE BILBAO, PEDRO
Kapitain kortsarioa
Pedro Bilbao portugaletetarra XV. mendearen aurreneko berrogeita hamar urteetan jaio zen, hiria oso itsas portu garrantzitsua zenean. Eduki ere ontziolak bazeuzkan orduan Portugaletek, eta ontzidia ere bai, XV. mendean handituz joan zena.
Pedroren gazte denboretan oso hiri egokia zen, beraz, Portugalete, itsasoaz eta itsasketan ikasteko. Horiek horrela, bada, Espainiako Fernando erregea 1475ean gerratean zebilenez gero Portugalen kontra, Portugaletera jo zuen laguntza eske. Gerra-ontzidia prestatzen Pedro Salazarrek lagundu omen zion, aurrean ere mesede batzuk egin baitzizkion erregeari, geroago oparo ordainduta.
Eta Frantziako ontzidia ere mehatxuka zebilenez gero Bizkaiko kostaldean, Bizkaiko ontzidia antolatu zuten, zeinaren zati bat Portugaletekoa baitzen. Ontzidi horrek 30 ontzi zeukan eta Fernando erregea bera etorri zen Portugaletera, barratik nola irteten ziren ikustera. Jaurerrira etorri zen aldi bakarra izan zen hura eta, bide batez, 1476ko abuztuaren 14an, hiriko pribilegioa berretsi zuen. Hala eta guztiz, etsai beldurgarriena Colombe zen, pertsonaia benetan maltzurra, zeina, bere ausardia eta pirata jokabide zaharra eskertzearren, Frantziako erregeak almirante egin zuen. Portugalen alde borrokatzen zen Colombe gerrate hartan. Zurrumurrua ibili zen herrian Colombe, ontzidia prestatzen ari zirela entzunda, Portugalete arpilatzera zetorrela; ontzidia, baina, arazorik gabe abiatu zen eta frantsesak uxatu zituen kostaldetik, borrokan hasi beharrik gabe.
Ez dugu Frantziako pirata horiengatik harritu behar, Portugaleteko itsasgizon asko ere kortsario aritzen baitziren.
Pedro Bilbao, kasu, zeina 1477. urtean Ingalaterrako uretan zebilen Bizkaiko bi ontziren buruan. Fragata bi ziren, arin-arinak, sarkura txikikoak, arma gehiegirik ez zekartela. Fragataz baliatzen ziren gehienbat abordatzean aritzeko, horrela harrapatutako ontziak ez baitzuen kalte handirik jasotzen.
Pedro Bilbaok eta beste 28 gizonek (gehienak Lekeitio eta Ondarrukoak) Eskoziako ontzi bati egin zioten eraso. Haren atzetik luzean ibili eta kanoikadaka erabili ondoren, harrapatu egin zuten azkenik eta 4.424 koroako zama lapurtu; besteak beste, zutargi handi bat hartu zuten eta, kristau zintzoak zirenez gero, Ondarruko elizari eman zioten dohaintzan.
Piraten atzean Ondarruraino etorritako eskoziar bat alferrik saiatu zen zutargia itzul ziezaioten. Izan ere, Gaztelako errege-erreginak primeran moldatzen ziren Eskoziakoarekin eta, hiru urte lehenago, euskaldunekin ituna izenpetu zuten Deban, Ingalaterrako enbaxadorea bertan zegoela, elkarrekin begirunez tratatzeko eta itsasketan eta merkataritzan segurtasunez eta askatasunez aritzeko; alferrak ziren, ordea, Justiziari egiten zizkioten salaketa guztiak, txarrenean ere errege-erreginek beti barkatzen baitzituzten erruztatuak.
Hala gertatu zitzaion Pedro Bilbaori. Bi hilabete geroago, hau da, 1477ko irailaren 4an, beste ontzi bat hartu zuen, Bretainiakoa, Portugaleteko kostaldean. Kapitain bretoiak salaketa egin zuen; alferrik, ordea.
Sabino Agirre portugaletetarrak asko daki historia aldi horri buruz eta “Las dos primeras crónicas de Vizcaya” liburua idatzi du horretaz. Dioenez, auzi batean egin zuten elkarren kontra Pedro Bilbaok eta Ochoa Salazar prebosteak. Auziaren agiriak badiosku, itsasgizona Portugaletetik kanpo zebilenean, emaztea dorreko jaunarekin zebilela maitakerietan. Horrek pentsatzera garamatza Pedro Bilbaok apika ihes egin behar izan zuela horren etsai handiarengandik eta Juan de la Cosa herrikidearekin batera abiatu zela Colonen aurreneko bidaialdian. Horrela balitz, Colonen ontziko gizonen zerrendan agertutako Pedro Bilbao Larrabezua gure Pedrito Bilbao izango litzateke.