

DE LOREDO, PEDRO
Itsasgizona Magallanesen espedizioan
Colónen bidaialdien ostean, hurrengo abentura handia munduko itzulia izan zen. Magallanesek antolatu zuen Molukak edo Sortaldeko Indiak aurkitzeko asmoz.
Espedizio hori bost itsasontzik eta 265 lagunek osatu zuten. Sevillatik abiatu zen 1519an. Tripulazioan gipuzkoar eta bizkaitar batzuk zeuden; horietako bat gutxienez, Pedro Loredo, portugaletetarra zen.
Ozeano Barerako igarobidea, hau da, ordutik aurrera Magallanes itsasartea izendatu zena, aurkitu aurretik, indarrez zapaldu behar izan zuen itsasgizonen matxinada bat, benetan nekez eta oinazez bizi ziren-eta.
Egoerak ez zuen, ordea, hobera egin ozeano berri hartan sartu zirenean: jatekorik gabe nabigatu zuten lau hilabetez. Arratak, zomorroak eta larrua jan zituzten. Hogei bat gizon hil zen eskorbutuak jota.
Filipinetan hainbat gatazka izan zituzten filipinar eta portugesekin; Magallanes bera hil zen eta haren gizonetako asko ere bai.
Joan Sebastian Elkano egin zen espedizioaren kargu, bi ontzi eta 150 lagun baino ez zituela.
Momentu hartan ez dakigu Pedro Loredok artean bizirik zirauen edo ez. Gauza ziurra da, berriz, Moluketaraino jarraitu zuela espedizioak eta gero Afrika hegoaldeko kostaldearen parean ibili zela, hamazortzi gizon baino ez zuen ekarri bueltan eta Pedro Loredo ez zegoen horien artean.
Elkano Portugaletera etorri zen itzuleratik bi urtera eta Loredoren heriotzaren berri eman omen zien senide eta auzokoei, baina guk ez dugu horren berri zehatzik jakin.
Bi mende geroago beste Loredo bat topa dezakegu Portugaleteren historian, itsasgizona bigarren hau ere bai. Eta itsasgizonaz gain, itsaslapurra ere bazela esan dezakegu, beste portugaletar asko ere bizi baitziren horretatik, eta horregatik hil ere bai.
Itsaslapur mota batzuk omen zeuden. Horietako batzuek, esaterako, errege baimena zeukaten lapurretan aritzeko. Horixe zen Antonio Loredoren kasua, “San Antonio” itsasontzi kortsarioko kapitaina baitzen.
1742ko otsailean abiatu zen Loredo “errege patentea” zeukala eta koroaren etsaiei borroka egiteko baimena ere bai. Ingalaterrako ontzi bi harrapatu zuenez gero, horietako bat ekarri zuen Portugaletera hilabete geroago.
Eskribau bati egin zion testigantza batean Bilboko Joan Bautista Usparitxa ontzigileari eskatu zion kapitainari eta tripulazioari zegokien zatia, ontzigileak hala Ingalaterrako ontziaren nola zekarren guztiaren jabe egin baitzen.
Garai hartan Loredok bi itsasontzi zeuzkan; bata “Begoñako Andre Mari” zen eta bestea “Begoñako Koroa”. 1754an herriko alkatea izan zen.
XX. mendera salto eginda, beste itsasgizon portugaletetar dugu zerrenda ixteko: Migel Loredo Viguera, alegia, 1904an jaioa. Unibertsitatean ikasi zuen, ez ordea Nautika, Zuzenbidea baizik. Hala eta guztiz, birritan izan zen alkate Francoren garaian, eta probintziako diputatua ere bai. Haren zaletasun nagusia, berriz, itsasoa izan zen.
Arrantzale amorratua zenez gero, izugarri maite zuten kai zaharreko tretzariek; behin baino gehiagotan abiatu ziren elkarrekin goizeko ordu txikietan egun osoa tretza-arrantzan ematera. Horrelakoetan adi-adi egoten zen,tretzariek ematen zizkioten jarraibideei, gehienbat José Peñarredondarenei, estimu handia zion-eta. Itsas kirolak asko maite zituenez gero, Bizkaiko Arraun Federazioko burua izan zen.
1972an hil zen, baina gaur egun ere ikus dezakegu haren izena itsasadarrean gora eta behera Portugaleteko txalupa baten brankan. Migel Loredo Vigueraren aita Migel Loredo Bikuña zen, jarrillero gorena, kultura handiko abokatua, Bizkaiko diputatua eta hizlari aparta. Madrilen jaio zen, aita, Migel Loredo Rola, erbestean zegoela.