

HEREDIA, PEDRO
Kantutegiko poeta
Escucha mi cantar
portugalujo, despierta,
ven conmigo a gozar
en el placer de la fiesta.
Hala dio Portugaleteko kanturik ezagunenetako batek, Amenabar maisuaren Portugaleteko Dianak, hain zuzen. Kantu hori 1945etik aurrera abesten da Ama Birjinaren egunean, abuztuak 15. Letra Pedro Herediak idatzi zuen.
Ez da harritzekoa, beraz, Portugaleteko kantutegiko abestirik kuttunetako bat Herediarena izatea, Portugaleteko kantutegi gehiena Herediarena da-eta.
1903an jaio zen eta hamalau urte zituela hasi zen kantuak biltzen. Portugaleten beti egon ohi da kantuzalerik, ehunka kantu buruz jakiteko gai. Izan ere, gure kantu anonimoak belaunaldiz belaunaldi igaro dira, eta asko, gainera, XIX. mendetik egunera.
Herediak Portugaleteko 38 herri kantu anonimo bildu zuen, berrogeita hamar baten letra idatzi eta horietako 22 lau ahotsetarako harmonizatu zituen. Horiek guztiak daude orain gure kantutegian. Portugaleteko girorik gabeko beste hogei bat kanturen letra ere idatzi zuen Herediak.
Konposatu zuen aurreneko kantua Portugaleteko Nautika Klubaren eresia izan zen eta azkena, berriz, 1986an egin zioten omenaldian estrenatu zen; “San Antonio 37” titulua du eta Espainiako gerra zibilean Portugaletek jasan zuen bonbardaketa aipatzen du.
Pedro Herediak ez zekien musikarik; letra herri musikara egokitzen zuen besterik gabe; edo adiskide musikariei (Jose Astondoa edo Alfredo Cobos, kasu) kantatzen zien musika, idatz zezaten.
Herediaren inspirazio iturria herriko giro alaia zen (jaiak, dantzaldiak...) eta eliz zeharkalean zetzan Antonio Etxebarriaren sagardotegia ere bai. Itsas giroa ere islatzen dute haren kantu batzuek, edo gertakizun-pasadizoak eta herriko xelebreak aipatzen dituzte.
Portugaleteko kutsuko guztia eta usadio zaharrak maite zituen bihotzez. Danok Bat zortzikotearekin batera jardun zuen 1950eko hamarkada arte eta lan bat idatzi zuen: La vida musical de Portugalete y algunos aspectos folclóricos de la villa vistos por un tamborilero de 1895 (Portugaleteko musika bizimodua eta folklorea, 1895eko danbolin-jole baten begietan), alegia. Idazki hori eta haren lan gehienak sekula ez ziren argitaratu, nahiz eta, geroago, beste batzuk horietaz baliatu garen.
Horrez guztiaz gain, Pedro Herediak parrokiaren aktak ikertu zituen zehatz-mehatz. Udal aktak ere ikertu nahi izan zituen, baina, ulergaitza bada ere, ez zioten horretarako baimenik eman. Lau mendeko (1580-1974) bataio-akten indizea konposatu zuen eta, horiek eta heriotza-aktak ere baliatuta, mende horietako Portugaleteko genealogia guztiak aztertu zituen. Prentsarako eta jai egitarauetarako hainbat artikulu idatzi zuen eta El Abra aldizkarian gehienbat, herriko historiaren berri eman zigun, parrokiako aktetatik abiatuta, Portugaleteko familia atzerritarrak, guraso ezezaguneko biztanleak eta abarrak ikertu baitzituen.
Udalak urrezko entseina eman zion Pedro Herediari, beste meritu beste zirela, Portugalete arima guztirik maite zuelako. Urte batzuetan Bilbon bizi behar izan zen eta egunero egunero etortzen zen trenez arratsaldean. Kanilako geltokian jaisten zen, kai zaharrean ibili, ezagunen bat agurtu, Portugaleteko airea arnasan hartu, plazara iritsi, paisaia barneratu eta arin ohi zihoan trenera Bilbora.
1983an jai batzordeak hautatu zuen San Roke jaien hasierako pregoia irakur zezan.
1987an hil bazen ere, haren kantuak gurean geldituko dira betiko. Portugaletetar talde batek, bazkaria edo agur-afaria bukatuta edo, besterik gabe, umore onean dauden guztietan, honelako bat abestuko du beti:
Y cuando bogando va
va cantando el marinero,
aquello que yo más quiero
en Portugalete está.